Portal de Gazteaukera

Gazteaukera logotipoa

euskadi.eus

  • Facebook logotipoa
  • Twitter logotipoa
  • RSS logotipoa

Gazteen Euskal Behatokia

Gazteen Euskal Behatokiak 'Euskadiko gazteak 2016' aurkeztu du: gazteen jarreren, kezken eta beharren argazkia

Argitalpen-data: 

Euskadiko gazteak 2016


Gazteen Euskal Behatokiak lau urtean behin burutzen du txosten hau eta bertan 15 eta 29 urte bitarteko Euskadiko gazteen ideiak eta balioak jasotzen dira. Asmo horrekin Behatokiak 1500 gazte elkarrizketatu ditu galdera-sorta zabala erabiliz egungo hainbat gairi buruz galdetzeko. Jasotako informazioa 8 kapitulutan aurkezten da:

  1. Familia-, prestakuntza- eta okupazio-egoera (pdf, 532 kb)
  2. Egoera pertsonalaren eta sozialaren balorazioa (pdf, 293 kb)
  3. Jarrera politikoak eta partaidetza (pdf, 493 kb)
  4. Balio eta jarrera sozialak (pdf, 535 kb)
  5. Internet eta sare sozialak (pdf, 224 kb)
  6. Aisia, kirola, kultura eta euskara (pdf, 490 kb)
  7. Emakume eta gizonen arteko desberdintasunak (pdf, 296 kb)
  8. Osasuna eta sexualitatea (pdf, 455 kb)

Kapitulu hauetan zehar informazioa aldagai soziodemografiko eta jarrerazkoen arabera aurkezten da, emaitzen bilakaera adierazten da eta, ahal denean, Espainiako gazteei edota Europar Batasuneko gazteei dagozkien datuekin konparatzen da.

Hemen daude ondorio aipagarrienetariko batzuk:

  • 15 eta 29 urte bitarteko gazteen erdiak baino gehiago ikasten ari dira eta gehienak gurasoen etxean bizi dira oraindik. Aurreko urteekin konparatuta, handitu da lanbide heziketako ikasketak dituzten gazteen kopurua.
  • Gazte gehienak pozik daude euren egoera pertsonalarekin eta poztasun hori handitu da, gainera, aurreko urteetatik hona. Ardura handien sortzen dieten arazoak lanarekin lotutakoak dira, nahiz eta hauen aipamenak gutxitu diren azken urteotan.
  • Nahiz eta oraindik gutxi diren, handitu da erakundeek gazteen iritziak kontuan hartzen dituztela uste dutenen portzentajea. Agian horregatik hobetu da administrazioek gazteria-arloan egiten duten lanari emandako balorazioa.
  • Politikarekiko interesa nabarmen handitu da eta 2000 urtean hasitako seriearen altuena da oraingoa, bai eta biztanleria orokorrarena baino handiagoa ere. 2016an hamar gaztetik lauk diote interes handia edo nahikoa dutela politikan. Badira hamarretik lau ere gai publikoetan modu aktiboagoan parte hartzeko interesa edo gogoa adierazi dutenak.
  • Ideologia aldetik gazte gehienek ezkertiarrak direla diote, inoiz baino gazte gehiagok. Gure gizartea erreforma sakonak edo zeharo aldatu behar dela uste dutenek ere gehiengoa osatzen dute.
  • Erlijioari dagokionez, gazte gehienek ez direla sinestunak diote, hau da ateotzat edo agnostikotzat jotzen dute beren burua. Joera hori 18 urtetik gorako biztanleriaren joeraren kontrakoa da, biztanleria orokorrean gehienek katolikotzat jotzen baitute beren burua.
  • Gero eta gazte gehiago daude sexu bereko pertsonen arteko ezkontzaren alde, genero-identitatea egokitzeko sexu-aldaketaren alde eta abortua librea eta borondatezkoa izatearen alde. Gazteen hiru laurden baino gehiago daude horren alde, bai eta eutanasiaren alde ere.
  • Nabarmen txikitu da Euskadin atzerritar gehiegi daudela uste duten gazteen portzentajea. Dena dela, immigrazioaren kudeaketari dagokionez, gazteek uste dute aukerarik egokiena lan-kontratua dutenei bakarrik sartzen uztea izango litzatekeela. Atzerritar horiek errefuxiatuak badira, etxebizitza eta laguntza sozialak ematearen aldekoak agertzen dira gazteak.
  • Ia-ia Euskadiko gazte guztiek sare sozialen bat erabiltzen dute egunero eta normalena egunean hiru sare erabiltzea izaten da. 15 eta 19 urte bitartekoak dira sare sozialak gehien erabiltzen dituztenak, batez ere, adin horretako neskak.
  • WhatsApp da sare sozialen artean hedatuena; ia gazte guztiek erabiltzen dute egunero, beren adina eta sexua edozein izanda ere. Erabilerari dagokionez, 20 urtetik beherakoen artean bigarren sarea Instagram da eta 20 eta 29 urte bitartekoen artean Facebook dago bigarren toki horretan.
  • Gazteen herenak baino gehixeagok sare sozialak erabili ditu azken urtean eztabaida edo salaketaren bat bultzatzeko, horren alde egiteko edo horri buruzko iritzia emateko. Politikan interesa duten gazteen artean gehienek parte hartu dute aktibismo birtual
  • Bestalde, gazteen laurdenak baino gehixeagok esperientzia negatiboren bat izan dute sare sozialetan: WhatsApp sareko talderen batetik kanporatu dituzte, beren identitatea ordezkatu dute sare sozialen batean edota beren irudi konprometitu edo umiliagarriren bat bere baimenik gabe zabaldu dute. Talderik gazteena (15-19 urtekoa) da kalteberena.
  • Gazteen erdiak astean hiru egunetan gutxienez egiten du kirola. 2012tik 2016ra handitu dira kirola erregularki egiten dutenen portzentajeak, bai gizonen bai emakumeen artean, nahiz eta oraindik askoz handiagoa izan gizonezkoen artean. Batzuek eta besteek praktikatzen dituzten kiroletan ere agerikoak dira diferentziak.
  • Beste aisia-jarduera batzuek ere sexuaren araberako alde nabarmenak erakusten dituzte: gizonek sarriago ikusten dituzte bideoak Youtuben, bideo-jokoekin jolasten dute edota lonjan egoten dira; emakume gazteen artean gizonen artean baino ohikoa da dendetan ibiltzea, erosteko zein kuxkuxean ibiltzeko.
  • Gazteen erdiak baino gehixeagok diote zaletu gisa parte hartu dutela jarduera artistiko edo kulturalen batean azken urtean. Horrelako jarduerak egiten dituztenen portzentajea handitu da aurreko urteekin konparatuz gero, eta argazkilaritza da jarduera horien artean zabalduena.
  • Erdiak baino gehiago dira ere aurreko hilabetean, aisialdi-jarduera gisa, libururen bat irakurri dutenak, hau da, ikasketekin edo lanarekin zerikusia ez duen liburua. Irakurtzeko ohitura zabalduago dago emakume gazteen artean gizon gazteen artean baino.
  • Aurreko urteekin konparatuta ikusten da euskararen ezagutza zabaldu dela eta gero eta gazte gehiagok dakitela ondo hitz egiten euskaraz, baina gazte euskaldun gutxiagok erabiltzen dutela euskara lagunekin komunikatzeko, batez ere Bizkaian. Oro har, Euskadin erdiak baino gutxiago dira euskaraz ondo hitz egiten dakiten arren, lagunekin euskaraz gaztelaniaz beste edo gehiago hitz egiten duten gazteak.
  • Gazteek hautematen dute langileak hautatzeko prozesuetan gizon batek emakume batek baino aukera gehiago dituela lana lortzeko, biek formazio eta esperientzia berdina badute ere.
  • Gauean auzotik edo herritik bakarrik ibiltzearen beldur diren emakumeak gizonak baino askoz gehiago Gainera, beldur-sentsazioak gora egin du azken urteotan eta hein handienean beldurra sentitzen dutela diotenak 20 urtez azpiko neskak dira.
  • Gora egin du bikotean gerta daitezkeen genero-indarkeriaren orotariko formen (agerikoak zein ikusezinak) larritasun-errekonozimenduak. Orain dela 20 urte gazte gutxik uste zuten mespretxuak egitea, iraintzea edo gauzak erabakitzen ez uztea oso tratu txar mota larria zirela; orain, aldiz, gazte gehienek oso larritzat jotzen dituzte jokabide horiek.
  • Hamar gaztetik bederatzik diote beren osasuna ona edo oso ona dela; hala ere hamarretik bik adierazi dute galdetu aurreko urtean arazo psikologikoren bat izan zutela (antsietatea, estresa, depresioa…). Gazte gehienek adierazi dute ohitura osasungarriak dituztela, hau da, elikadura orekatua eta bizimodu aktiboa dutela. Eta orain dela lau urteko datuekin konparatuz gero, ikusten da ohiko erretzaileak gutxitu direla, bai eta galdetu aurreko hilabetean mozkortu direla aitortu dutenak ere.
  • Emakume gazteek gizon gazteek baino neurri handiagoan diote arazo psikologikoak dituztela, baina gizonezkoek portzentaje handiagoak dituzte aztertutako arrisku-jokabide guztietan: erretzea, mozkortzea, onartutakoa baino alkohol-tasa handiagoa izanda gidatzea edo edanda dagoen norbaitek autoz eramatea, legez kanpoko drogak kontsumitzea edota sexu-harreman arriskutsuak izatea.

GEBren logoa

Jarrai gaitzazu gizarte-sareetan!

Facebooken logoa   Twitterren logoa

 

Lagundu zabaltzen:

     
Euskadi, auzolana