Portal de Gazteaukera

Gazteaukera logotipoa

euskadi.eus

  • Facebook logotipoa
  • Twitter logotipoa
  • RSS logotipoa

Gazteen Euskal Behatokia

Euskadiko gazteen artean pixka bat jaitsi da seme-alabak izateko nahia

Argitalpen-data: 

 

GEBren logoaEuskadin seme-alabarik ez duten 30 urtez azpiko gazteen % 78,5ek egunen batean izatea gustatuko litzaiekeela diote. Beste 17,9k, aldiz, gutxi gustatuko litzaiekeela edo ez litzaiekeela batere gustatuko diote.

Datu horiek Gazteen Euskal Behatokiak 2017ko urrian eginiko inkesta baten emaitzak dira. Inkesta horretan Euskadin bizi diren 15 eta 29 urte bitarteko 1512 gazte elkarrizketatu ziren.

Seme-alabak izateko nahia jaisten doa azken urteotan gazteen artean. 2015 urtearen bukaeran seme-alabarik ez zuten gazteen % 84,7k izateko nahia aitortzen zuten, 2016ko azaroan ehuneko hori % 83,0koa zen eta 2017ko urrian % 78,5era murriztu da.

Seme-alabak izateko nahiaren bilakaera, orain seme-alabarik ez duten 30 urtez azpiko gazteen artean

2017ko datuei erreparatuz gero, ikus dezakegu seme-alabak izateko nahia handixeagoa dela nesken artean (% 80,6k diote asko edo nahikoa gustatuko litzaiekeela) mutilen artean baino (mutilen kasuan, % 76,4k nahiko lukete hori).

Adinean gora egin ahala handitzen da seme-alabak izateko nahia; horrela 15 eta 19 urte bitarteko gazteen % 73,6k diote izan nahi dituztela, 20 eta 24 urte bitartekoen artean portzentajea % 79,9ra handitzen da eta 25 eta 29 urte bitartekoen artean % 81,7ra heltzen da.

Sexua eta adina konbinatuz gero, agerian geratzen da adinean gora egin ahala handitzen doala seme-alabak izateko nahia, bai mutilen artean, baita nesken artean ere, baina gogo hori beti (adin tarte guztietan) dela handiagoa neskengan, mutilengan baino.

Etorkizunean seme-alabak izateko nahia, orain seme-alabarik ez duten 15 eta 29 urte bitarteko gazteen artean

Etorkizunean aita edo ama izan nahi duten gazteek diote nahiko luketela lehen seme-alaba 30 urte dutenean izan

Seme-alabak izan nahi dituzten gazteen ustez horretarako adinik egokiena 30 urteak dira, eta ideia horrekin bat datoz neskak eta mutilak.

Zenbat eta nagusiagoa izan orduan eta atzerago dago adin ideal hori. Gazteenek, 15 eta 19 urte bitartekoek, diote nahiko luketela aita edo ama izan 29 urte dituztenean, 24 eta 25 urte bitartekoek adierazten dute seme-alabak izateko adinik aproposena 30 urte direla, eta 25 eta 29 urte bitartekoek atzeratzen dute pixka bat adin hori eta esaten dute 31 urte dela aita edo ama izateko adinik onena.

Gazteek idealtzat jotzen duten adin hori Euskadin lehenengo seme-alaba izaten den adin errealaren azpitik dago. INEk (Instituto Nacional de Estadística) ematen dituen datuen arabera, Euskadin emakumeek, batez beste, 32 urterekin izaten dute lehenengo seme-alaba, hau da, emakumeek nahiko luketen baino bi urte beranduago (datu hori Gazteen Euskal Behatokiak bere webgunean dituen estatistiketan kontsulta daiteke, Biztanleria izeneko atalean, hain zuzen ere).

Seme-alabak izan nahi dituzten gazteen adina gora egin ahala jaisten da idealtzat jotzen duten adinean izango dituztela uste dutenen portzentajea

Seme-alabak izan nahi dituzten gazteen % 63,6k uste dute segur aski edo agian nahi duten adinean izango dituztela; aitzitik, % 18,3k ez dute uste seme-alabak izateko adin ideal horretan izango dituztenik, eta gainontzeko % 18,1ek ez dakite edo ez dute erantzun.

Ia ez dago alderik nesken eta mutilen artean nahi duten adinean gurasoak izateko aukerei buruz galdetzen zaienean. Baina adinak gora egiten duenean eta gurasoak izateko adin ideal hori hurbiltzen doan heinean, jaisten da adin ideal horretan seme-alabak izango dituztela uste dutenen portzentajea eta, aldiz, igotzen da hori nekez gertatzekoa dela uste dutenena. Edozelan ere, adin tarte guztietan handiagoa da seme-alabak nahi duten adinean izango dituztela uste dutenak beren amatasuna edo aitatasuna atzeratu beharko dutela uste dutenak baino.

Nahi duten adinean aita edo ama izango diren probabilitateari buruzko iritzia, orain seme-alabarik ez duten baina izan nahi dituzten 15 eta 29 urte bitarteko Euskadiko gazteak, adin-taldeen arabera

Adin tarteen arteko alde horiek nabariagoak dira nesken taldean mutilen taldean baino. 20 urtez azpitik neskak mutilak baino baikorragoak dira idealtzat jotzen duten adinean seme-alabak izateko aukerei buruz galdetzen zaienean (etorkizunean ama izan nahi duten 20 urtetik beherako nesken % 69,2 eta aita izan nahi duten adin tarte horretako mutilen % 63,9). Baina adin tarte nagusienean (25-29 urtekoena) neskak mutilak baino ezkorragoak agertzen dira eta adin idealean ama izango direla uste dutenen portzentajea % 56,8ra jaisten da; adin idealean aita izango direla uste duten mutilen portzentajea askoz gutxiago jaisten den bitartean, % 61,6ra bakarrik.

Nahi duten adinean seme-alabak izateko probabilitateari buruzko iritzia, orain seme-alabarik ez duten baina izan nahi dituzten Euskadiko 15 eta  29 urte bitarteko gazteen artean

Jarrai gaitzazu gizarte-sareetan!

Facebook logoa   Twitter logoa

 

 

Lagundu zabaltzen:

     
Euskadi, auzolana