Portal de Gazteaukera

Gazteaukera logotipoa

euskadi.eus

  • Facebook logotipoa
  • Twitter logotipoa
  • RSS logotipoa

Gazteen Euskal Behatokia

Txosten berria: 'Gazteen argazkiak 21'

Gazteen argazkiak izeneko bildumaren txosten berri honek (pdf, 7 Mb) hainbat gai sozial eta politikoei buruz gazteek dituzten iritziak eta jarrerak biltzen ditu, eta gainera 30 urtetik gorako biztanleriak dituenekin konparatzen ditu.

Gazteen argazkiak 21Txostena Eusko Jaurlaritzaren Lehendakaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak burutu du Gazteen Euskal Behatokiarentzat. Aurkeztutako datuak Prospekzio Soziologikoen Kabineteak 2017an egindako Euskal Soziometroak ikerketetatik datoz.

Dokumentua ondoko gai-arloetan egituraturik dago:

  • Egoeraren balorazioa
  • Eusko Jaurlaritza berria eta legegintzaldiko ardatzak
  • Jarrera eta balio politikoak
  • Pertsona nagusiak
  • Zientziaren eta teknologiaren gizarte pertzepzioa
  • Jarraian ikerketaren emaitzarik esanguratsuenak nabarmenduko ditugu.

Egoeraren balorazioa

Gazteen kezka pertsonal nagusiak lan merkatuarekin, arazo ekonomikoekin, hezkuntzarekin eta etxebizitza eta etxe-gabetzeekin lotutakoak dira. 30 urte edo hortik gorakoek baino gehiago aipatu dituzte beren kezka gisa, salbu eta bi adin taldeek berdin aipatu dituzten arazo ekonomikoen kasuan. Lan merkatuaren inguruko arazoen aipamena (%53) krisiaren hasierako portzentajeetara itzuli da.

Hamar gaztetik ia bedaratzi oso edo nahikoa pozik daude daramaten bizitzarekin, 29 urtetik gorakoak baino pozago eta baita aurreko neurketetan baino.

Euren egoera ekonomiko pertsonalari dagokionez, gazteen %67k ona edo oso ona dela diote, txarra edo oso txarra dela dioten gazteen herenaren (%31) aurrez aurre. Portzentaje bera da hilabete bukaerara iristeko arazoak dituena eta 2013tik 6 puntu jaitsi da.

Gazteek hobeto ikusten dute Euskadiko egoera orokorra Espainiakoa baino (hurrenez hurren 6,4 eta 4,7 puntu, 0tik 10erako eskalan). Bi kasuetan hemendik urtebetera egoera hobea izango dela uste dute eta nagusien adin taldekoak baino optimistagoak dira. Balorazio hau 2013tik urtez urte hobetuz doa.

Zehazki egoera politikoari dagokionez, alde handia dago Euskadiri eta Espainiari buruzko iritzietan, Euskadikoa gazteen %54k ona edo oso ona dela dioten bitartean, Estatukoari buruz %12k bakarrik dute iritzi hori eta, gainera, urtez urte aldea handituz doa.

Bateko eta besteko egoera ekonomikoaren balorazioa ere oso desberdina da. Euskadikoa ona edo oso ona da gazteen %69ren iritziz eta iritzi hori bera %20k dute Espainiari buruz. Euskadiko egoera ona edo oso ona dela diotenen portzentajeak, 2013an behea jo ondoren, goraka jarraitzen du. Hemendik urtebetera egoera ekonomikoa hobea izango dela Euskadin diote gazteen %41ek eta Estatuan %23k. Gazteak 29 urtetik gorakoak baino optimistagoak dira egungo egoera ekonomikoari zein etorkizun hurbilekoari dagokienez.

Eusko Jaurlaritza berria eta legegintzaldiko ardatzak

Gazteek 5,1 puntutan kokatu dute Eusko Jaurlaritza berriak eragiten dien konfiantza maila, 0tik 10erako eskalan, 2013an osatutako aurreko gobernuari eman zioten baino puntuazio altuagoa (4,7).

Gazteen ustez Jaurlaritza berriaren helburu nagusia izan behar luke langabeziaren eta lan-prekarietatearen aurkako borrokak (%64), jarraian leudeke hezkuntza, gizarte babesa, krisi ekonomikoa, etxebizitza eta osasungintza arloak. Zentzu berean, gazteen iritzian baliabide publiko gehien jaso beharko luketen jarduera arloak enplegua (9,1), hezkuntza (8,9), osasungintza (8,8), gizarte zerbitzuak eta laguntzak (8,5), eta etxebizitza (8,4) dira.

Administrazioek gehien babestu beharko lituzketen kolektibo moduan aipatu dituzte langabetuak (%33), gazteak (%32, 30 urte edo gehiago dituztenen artean %12), bere kabuz bakarrik bizi diren pertsona nagusiak (%24, helduen artean %41), pertsona nagusi dependenteak bere kargu dituzten familiak (%22, helduen artean %30), elbarrituak bere kargu dituzten familiak (%22, bi taldeetan) eta adin txikiko semealabak beren kargu dituzten familiak (%21, %15en aurrez aurre).

Jarrera eta balio politikoak

Gazteen %70ek diote politikaz interes gutxi edo batere ez dutela eta %29k interes handia edo nahikoa dutela. Alderdi politiko bakar batek ere ez ditu 5 puntu lortu 0tik 10erako eskalan. EH Bildu (4,5) da gazteek hobekien baloratu duten alderdia, ondoren Elkarrekin Podemos (4,3), orain artean zuen lehen tokia galduz, eta EAJ (4,2) datoz. Hurrenkera bestelakoa da 30 urte edo gehiago dituztenen artean (EAJk 4,8 puntu; EH Bilduk eta Podemosek 3,3).

Halaber, buruzagi politiko bakar batek ere ez ditu 5 puntu lortu gazteen artean (Urkullu Lehendakariak lortu ditu 29 urtez gorakoen artean). Gazteek 30 urte edo gehiago dituztenek baino gutxiago ezagutzen dituzte buruzagi politikoak eta, oro har, helduek baino balorazio baxuagoa ematen diete, salbu eta Arnaldo Otegi eta Nagua Albari.

Gazteek 29 urtetik gorakoek baino ezkertiarragotzat (3,8 puntu, 0tik 10erako eskalan; 4,2 punturen aurrez aurre) eta euskal nazionalistagotzat (5,3 puntu, 5,0 punturen aurrez aurre) dute euren burua. Kataluniako prozesu independentistak gazteei eragiten dizkien sentimenduen artean daude interesa (%36ri) eta ilusioa (%23); aldiz, 29 urtetik gorakoen %26ri eta %16ri, hurrenez hurren. Ziurgabetasuna (%29), asperdura (%25), haserrea (%18), beldurra (%16) eta indiferentzia (%16) ere aipatu dituzte gazteek, alabaina 29 urtez gorakoek baino neurri txikiagoan. Euskadirentzat nahiago luketen autogobernu mailaz, gazteen %32k oraingo autogobernua aipatu dute, %26k erabateko independentzia, beste %26k oraingoa baino autogobernu handiagoa eta soilik %3k egungoa baino autogobernu txikiagoa. 29 urtez gorakoen artean gutxiago dira independentzia aipatu dutenak (%15).

Euskal Herriaren independentziaren aldekoagoak dira gazteak nagusiak baino: %31 alde, %23 kontra eta %31 egoeraren arabera ados edo kontra egongo lirateke (%21, %36 eta %28, hurrenez hurren, 29 urtez gorakoen artean). Independentziaren aldeko joerak zuen azken urteetako beherakada eten egin da gazteen artean. Espainiako gobernuarekin akordioa lortu eta independentziari buruzko erreferenduma egingo balitz, gazteek 30 urte edo gehiagokoek baino jarrera independentistagoa agertu dute: %41ek independentziaren aldeko botoa emango lukete, %25ek independentziaren kontrakoa, %12k ez lukete bozkatuko eta %21ek ez dute iritzirik; aldiz, nagusien %30ek alde bozkatuko lukete eta %36k kontra.

Gazteek 6,5 puntu eman dizkiote Euskadin ideia politiko desberdinak dituzten pertsonen arteko bizikidetzari (0tik 10erako eskalan, non 0ak oso txarra dela eta 10ak oso ona dela esan nahi duten) eta 6,3 kultura desberdinetako pertsonen arteko bizikidetzari.

Gazteek adostasun altuagoa adierazi dute 29 urtetik gorakoek baino “immigranteek asko ematen diote Euskadiri” esaldiarekin: %76 guztiz edo nahikoa ados, %55aren aurrez aurre. Halaber, gazteen %88 ados dago “Euskadik errefuxiatuei lagundu behar lieke” esaldiarekin ere (nagusien %78 ados dauden bitartean).

Gazteen %58 oso edo nahikoa pozik daude Euskadin demokraziak duen funtzionamenduarekin, Espainian duenarekin poztasuna %31ra jaisten den bitartean. Giza eskubideek Euskadin duten betetze mailarekin ere oso edo nahikoa pozik daude %67 (bilduma hasi zenetik neurtu den mailarik altuena da) eta Espainian duenarekin %43.

Pertsona nagusiak

Hirugarren adinarekiko iritzi nagusia gehienbat positiboa da, ia gazte guztiak oso edo nahikoa ados daude nagusiek ezagutza eta esperientzia ekartzen diotela gizarteari eta laguntza handia direla familia gazteentzat. Alabaina, gazteen %47ren iritziz ez dute betetzen gizartean dagokien lekua (30 urte edo gehiagokoen artean %56k uste dute hori bera), eta %42k uste dute gizarteak axolagabekeriaz tratatzen dituela.

Gazteen %34 asko kezkatzen dira erretiro pentsio publikoak etorkizunean mantentzeko gai izatearekin eta %45 pixka bat. Pentsio sistemak etorkizunari begira dituen aukerei dagokienez gazteek hainbat aukera aipatu dituzte neurri bertsuan: bizitza laboralean zehar gehiago ordaintzea, pentsioak gaur egungo mailan mantentzeko (%26), dirua beste zerbitzu publiko batzuetatik kentzea (%24) eta gizarte segurantzako planak osatzeko BGAEak sustatzea (%22). Gutxik aipatu dituzte erretiro adinaren ondoren lan egiteko aukera (%9) eta zerga erreforma (%1).

Gazteen %68k uste dute dependentzia duten pertsona nagusiak zaintzeko aukerarik egokiena dela hauek euren etxebizitzetan jarraitzea senitartekoren batek (%43) edo ordaindutako pertsonek (%25) zainduta eta hurrengo aukera zahar egoitza litzateke (%17). Lau gaztetatik batek gertuko senideren bat du adinagatik eguneroko bizitzako oinarrizko gauzak egiteko laguntza behar duena. Horietatik, %17 zaharegoitza batean bizi dira eta %45 beste senitarteko batzuk edota ordaindutako pertsonek zaintzen dituzte, gazteen parte-hartzerik gabe. Haatik, gazteen %1ek eurek soilik zaintzen dituzte eta gazteen %34k horien zaintzan parte-hartzen dute beste pertsona batzuekin batera (senitartekoak edo ordaindutako pertsonak). 30 urte edo gehiago dituztenen artean gazteek baino neurri handigoan parte-hartzen dute adineko senideen zaintzan (%7k soilik eurek zaintzen dituzte eta %48k zuzenean parte-hartzen dute).

Laguntza behar duten adineko senideak dituzten gazteen %87 oso edo nahikoa pozik daude haiek jasotzen duten zaintza eta arretarekin. Hamar gaztetatik zazpiren ustez dependentzia duten pertsona nagusiak zaintzea senitartekoen eta ahaideen ardura da bereziki. (%12k diote soilik haien ardura dela eta %59k senitarteko eta ahaideen ardura, administrazioaren laguntzarekin).

Zientziaren eta teknologiaren gizarte pertzepzioa

Gai zientifiko eta teknologikoek gazteen interesen artean maila ertaina dute; hezkuntza interesatzen zaie gehien, jarraian elikadura eta kontsumoa, ingurumena eta ekologia eta zientzia eta teknologia datoz (%58ri asko edo dezente interesatzen zaie, 29 urtez gorakoen %48ren aurrez aurre), zinea, artea eta kultura, kirolak, ekonomia eta enpresak edo politikarekiko interesaren aurretik. Zientzia eta teknologia gaiez gazteek aitortzen duten informazio maila interesaren nahikoa azpitik dago (%37 daude dezente edo asko informatuta). Ikerlari lanbidearen zenbait ezaugarriren balorazioa gorabeheratsua da: norberarentzat aberasgarria (%60) eta gazteentzat oso erakargarria (%54) den lanbidea dela uste baina, aldi berean, gizartearen errekonozimendu eskasa duela (%54) eta diruz gaizki ordaindua dagoela (%45).

Gazte eta helduen erdiek deritzote zientzia eta teknologiaren onurak kalteak baino handiagoak direla, %29k uste dute orekatuta daudela eta %9ren iritziz kalteak onurak baino handiagoak dira.

Zientziaren gizarte irudiari dagokionez, ideia kontrajarriek dute onarpena. Alde batetik, zientziaren autonomiaren, lehentasunaren eta onuren inguruko iritziak onartzen dira, hala nola, zientzia eta teknologiarekin lotutako interes orokorreko gaiak adituen esku uztea da onena (3,7 puntu, 1etik 5erako onarpen eskalan), zientzia eta teknologiak munduko arazo handietako asko konponduko dituzte (3,2) eta teknologia berriei ez zaie mugarik jarri behar zientifikoki frogatu arte kalte larriak sortu ahal dizkiela gizakiei edo ingurumenari (3,1). Bestelako ideiek ere badute antzeko onarpen maila, hala nola: lege eta arauak egitean, balioak ezagutza zientifikoak bezain garrantzitsuak dira (3,5), ikerketa zientifikoaren zati handi bat ez da fidagarria, finantziazio pribatuaren menpe dagoelako (3,1), zientzia eta teknologia gure gizartearentzako arrisku iturri dira (2,8). 

GEBren logoa

 Jarrai gaitzazu gizarte-sareetan!

Facebook logoa Twitter logoa

 

 

Lagundu zabaltzen:

     
Euskadi, auzolana