Portal de Gazteaukera

Gazteaukera logotipoa

euskadi.eus

  • Facebook logotipoa
  • Twitter logotipoa
  • RSS logotipoa

Gazteen Euskal Behatokia

Euskadin 15 eta 29 urte bitarteko gazteen % 8,3k iaz antsietate- edo depresio-arazoak izan zituztela diote

Argitalpen-data: 

Urriak 10a. Osasun Mentalaren Munduko Eguna

Urtero urriaren 10ean Osasun Mentalaren Munduko Eguna ospatzen da. Hori dela eta, Gazteen Euskal Behatokitik Euskadiko gazteen osasun mentalari buruzko datu batzuk plazaratuko ditugu.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailak Gazteen Euskal Behatokiari Euskal Autonomia Erkidegoko Osasun Inkestatik (EAEOI) emandako datuen arabera, 2018an Euskadin 15 eta 29 urte bitarteko gazteen % 8,3k antsietate- edo depresio-arazoren bat izan zuten galdetu aurreko lau asteetan. Horrelako arazoak izan dituztela dioten gazteen ehunekoa jaitsi egin da aurreko urteekin alderatuta.

Eta gizon eta emakume gazteen artean dauden aldeei erreparatuz gero, ikusten dugu adin horretako (15-29) emakumeek gizonek baino neurri handiagoan aitortzen dutela horrelako arazoak izan dituztela (emakume gazteen % 11,4k eta gizon gazteen % 5,1ek). Gizon eta emakumeen arteko alde horiek seriearen lau urteetan azaltzen dira.

Euskadin aurreko lau asteetan antsietate- edo depresio-arazoak izan dituztela dioten 15 eta 29 urte bitarteko gazteen ehunekoa, sexuaren arabera

2018an antsietate- edo depresio-arazoak izan dituztela aitortzen duten gazteen ehunekoa Euskadiko biztanleria osoari dagokiona baino txikiagoa da (gazteen % 8,3 eta biztanleria osoaren % 13,1). Eta biztanleria osoaren datuak aztertuz gero, hemen ere ikusten da emakumeek gizonek baino gehiago diotela horrelako arazoak izan dituztela (% 16,5 eta % 9,3, hurrenez hurren).

Euskadin 2018an aurreko lau asteetan antsietate- edo depresio-arazoak izan dituztela dioten gazteen eta biztanleria osoaren arteko alderaketa, sexuaren arabera

2019an Osasun Mentalaren Munduko Eguneraren gai nagusia suizidioa prebenitzea da. Horregatik, Gazteen Euskal Behatokitik Euskadin suizidioak gazteen artean duen prebalentziari ere ekingo diogu.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Saileko Erregistro eta Osasun Informaziorako Zerbitzuak Gazteen Euskal Behatokiari emandako datuen arabera, 2017an (azken datu eskuragarriak) Euskadin 15 eta 29 urte bitarteko 11 lagun hil ziren suizidioa edo nork bere buruari eragindako lesioak direla eta.

2017an bere buruaz beste egindako gazte guzti horiek gizonezkoak ziren, eta atzerantz begiratuz gero, ikusten da aztertutako urte guztietan suizidatu diren gizonak emakumeak baino gehiago zirela.

Euskadin bere buruaz beste egindako 15 eta 29 urte bitarteko gazteen kopuruaren bilakera, sexuaren arabera (datu absolutuak)

Suizidio-tasa kalkulatzeko, suizidioa edo nork bere buruari eragindako lesioak direla eta, hildakoak hartzen dira adin horretako 100.000 pertsonako. Euskadin 2017an 15 eta 29 urte bitarteko gazteen suizidio-tasa 100.000 gazteko 3,9koa izan zen. Gizon gazteen artean 100.000 gizonezko 7,6koa izan zen eta emakumeen artean, berriz, 0,0koa, ez baitzen kasu bat ere erregistratu.

Gazteen eta biztanleria osoaren tasak konparatuz gero, ikus dezakegu gazteena txikiagoa dela (100.000 gazteko 3,9 eta biztanleria osoan, berriz, 100.000 pertsonako 8,3), baina biztanleria osoan ere ageri geratzen da suizidio-tasa handiagoa dela gizonen artean (100.000 gizonezko 12,7) emakumeen artean baino (100.000 emakumezko 4,1).

2017an 15 eta 29 urte bitarteko gazteen suizidio-tasaren eta Euskadiko biztanleria osoarenaren arteko alderaketa, sexuaren arabera

ahiz eta antsietate eta depresio arazo gutxiago aitortu, gizonek suizidio-tasa handiagoak izatearen azalpenetariko bat hauxe da: askotan depresioa ez dagoela diagnostikatuta gizonen artean. Anne Maria Möller-Leimkühler, psikiatrian doktorea, aditua da gai honetan. Bera irakaslea da Municheko Ludwig-Maximilian unibertsitatean, Psikiatria eta Psikoterapia departamentuan, eta The Gender Gap in Suicide and Premature Death or: Why Are Men So Vulnerable? (leiho berri batean irekitzen da) izeneko liburua idatzi du. Berak azaltzen du maskulinitateari lotutako arau orokorrek eragina dutela gizartean gizonengandik espero daitekeen irudian eta nork bere buruaz duen iritzian. Arau horiek ezartzen dute gizonak horrelakoak izan behar dutela: indartsuak, arrazionalak, autonomoak, independenteak, gogotsuak, lehiatsuak, boteretsuak, hunkiezinak, baikorrak eta abar. Beraz, tristura, antsietatea, ezintasuna, ziurgabetasuna, zalantza eta horrelako emozioak kontrolatu eta orekatu behar dira. Baina maskuliniateari lotutako irudi horiek ez dira errealistak eta, gauzak horrela, gizonek gatazka emozionalak dituztenean, askotan lan asko egiten, kirola egiten, arriskuak bere gain hartzen eta horrelako jokabideen bidez kanporatzeko joera izaten dute, antsietatea jaisteko eta itxura mantentzeko asmoz. Laguntza eskatzea maskulinitate falta izatearen adierazletzat hartzen da, beraz, gizon askok pentsatzen dute bere kabuz konpondu behar dituztela arazo horiek eta ez dute inorekin sentitzen dutenaz hitz egiten. Horren ondorioz, depresio kasu asko ez dira diagnostikatzen gizonen artean eta horrek handitu egiten du suizidio-arriskua.

GEBren logoa 

Jarrai gaitzazu gizarte-sareetan!

Facebook logoa   Twitter logoa  

 

Lagundu zabaltzen:

     
Euskadi, auzolana