Portal de Gazteaukera

Gazteaukera logotipoa

euskadi.eus

  • Facebook logotipoa
  • Twitter logotipoa
  • RSS logotipoa

Gazteen Euskal Behatokia

Gazteen Euskal Behatokiak ikerketa berria kaleratu du: 'Etxebizitza-emantzipazioaren kostua Euskadin 2017'

Argitalpen-data: 

Etxebizitza-emantzipazioaren kostua Euskadin 2017 

Bosgarrenez egin da azterlan hau, eta bertan azaltzen dira zer zailtasun dituzten soldatapeko gazteek etxebizitza bat eskuratzeko.

Zailtasun horien berri emateko, etxebizitza eskuratzeak dakarren kostua erabiltzen da adierazle nagusi gisa. Kontzeptu horrek zera adierazten du: gazte soldatadun batek bere soldataren zer ehuneko erabili beharko lukeen etxebizitza ordaintzeko bera bakarrik emantzipatuz gero.

Txostenean etxebizitza librea eta babestua eskuratzeko kostuari buruzko 12 adierazle jasotzen dira; gizon eta emakumeen artean eta adin-tarteen artean dauden aldeak aztertzen dira, eta lurralde historikoen arteko zein Euskadiren eta Espainiaren arteko konparaketak egiten dira. 2007tik 2017ra bitartekoa da ikerketak aztertzen duen aldia, eta etxebizitza eskuratzearen kostuak urtez urte izan duen bilakaera ikusteko datuak ematen dira.

Ikerketan ondorioztatzen denez, Euskadin etxebizitza librea ez dago gazteen eskura, eta etxebizitza babestua da aukera bideragarri bakarra bere kabuz emantzipatu nahi duen gazte batentzat, hileko soldata garbiaren % 30aren muga gainditu gabe, hori jotzen baita etxebizitza ordaintzeko gehieneko zorpetze-muga.

Etxebizitza librea jabetzan hartzearen kostuak behera egin du pixka bat baina, hala ere, soldatapeko gazteen batez besteko soldataren erdia bideratzea eskatzen du

Euskadin lan egiten duten 18 urtetik 34 urtera bitarteko gazteen batez besteko soldatarekin, eta kontuan izanik 2017an eskrituratutako etxebizitza libreen prezioa, interes-tipoak eta hipoteka-maileguen batez besteko iraupena, gazte batek hipotekaren lehenengo hileko kuota berak bakarrik ordaintzeko bere soldata garbiaren % 52,6 bideratu beharko luke.

Kostu hori altua bada ere, 2007. urtetik hona jasotako baxuena da, batik bat Euskadin etxebizitzaren salerosketaren prezioak eta hipoteka-kredituen interesek izan duten jaitsieragatik, eta ez gazteen batez besteko soldata hobetu egin delako.

Euskadin etxebizitza erostearen kostua Espainian baino handiagoa da (% 47,0), baina eremu bietan gainditzen da gomendatzen den gehieneko zorpetze-muga, alegia, % 30, bai eta batez besteko soldataren % 40 ere, eta horrek gehiegizko ahalegina egin beharrean jartzen du etxebizitza ordaintzeko soldataren zati hori erabiltzen duena.

Alde handiak daude adinaren, sexuaren eta lurralde historikoaren arabera. 18 eta 24 urte bitarteko gazteek soldataren % 83,4 bideratu behar lukete hilero etxebizitza merkatu librean erosteko kontratatutako hipoteka-kuota ordaintzera; 25 eta 29 urte bitartekoek, berriz, % 58,0; eta 30 eta 34 urte bitartekoek, % 49,1.

Halaber, gizonek eta emakumeek soldata desberdina dutenez, etxebizitza librea jabetzan hartzearen kostua ere desberdina da batzuentzat eta besteentzat, eta hamar puntutako aldea dago batzuen eta besteen artean. Horrela, 18 eta 34 urte bitarteko gizonentzat, soldataren % 48,9koa da kostua, eta adin bereko emakumeentzat, berriz, soldataren % 58,6koa.

Gipuzkoak du etxebizitza jabetzan eskuratzeko kosturik altuena (% 61,9), Bizkaiak ondoren (% 49,8), eta Arabak azkenik (% 41,5).

Kalkulatzen badugu soldatapeko gazte batek zer prezio ordain dezakeen gehienez ere bere soldataren % 30 baliatuta, 115.423 € ateratzen da; merkatuko batez besteko prezioa baino 87.111 € gutxiago. Beste modu batean esanda, gazteen batez besteko soldata % 75,5 igo beharko litzateke merkatu libreko etxebizitza baten hipoteka soldataren % 30 erabilita ordaintzeko.

Etxebizitza librearen salneurriaren eta etxebiziza erosteko gehieneko salneurri onargarriaren arteko aldea

Kontuan hartuta 2017an eskrituratutako etxebizitzen batez besteko prezioa eta gazteen batez besteko soldatak, beste adierazle bat lortzen dugu: etxebizitzaren gehieneko azalera onargarria. Hori 50,6 m2-koa da Euskadin. Alegia, soldatapeko gazte batek neurri horretako etxebizitza bakarrik erosi ahal izango luke egungo prezioak kontuan hartuta. 2017an Euskadin eskrituratutako etxebizitzen batez besteko azalera, ordea, 91,3 m2-koa izan zen, beraz, eros dezaketenaren eta merkatuaren errealitatearen arteko aldea 40,8 m2-koa da.

Etxebizitza librea alokatzearen kostuak gora egin du eta erosteak dakarren kostuaren gainetik dago, portzentajezko ia 17 puntu, hain zuzen ere

Laugarren urtez jarraian, etxebizitza alokatzea garestiagoa da merkatu librean etxebizitza bat erostea baino. Kontuan izanik alokairu-errenten batez besteko prezioa eta 18 urtetik 34 urte bitarteko gazteen batez besteko soldatak, gazte batek hileko soldataren % 69,3 erabili beharko luke alokairua ordaintzeko, bakarrik emantzipatuz gero. Portzentaje honek 2008koa (% 69,5) ia berdindu du, 2007-2017 tartean jasotako handiena.

Alokairu librea eskuratzeko zailtasun handiena duen taldea 18 eta 24 urte bitarteko gazteena da, soldataren % 109,8 beharko bailukete alokairua ordaintzeko. Emakumeak daude ondoren, soldataren % 77,1 beharko bailukete; gizon gazte batek, aldiz, soldataren % 64,4 beharko luke alokairu librea berak bakarrik ordaintzeko.

Alokatzea aukeratuz gero, Gipuzkoa da lurralde historikorik garestiena, etxebizitza alokatzearen kostua batez besteko soldataren % 76,3 baita; Bizkaia da bigarren (% 69,6), eta Araba hirugarren (% 52,0).

Kontuan izanik gomendatzen den gehieneko zorpetze-maila soldataren % 30 dela, soldatapeko gazte batek hilean jasotzen duenaren bikoitza baino gehiago kobratu beharko luke berak bakarrik etxebizitza baten alokairu-errenta ordaindu ahal izateko; zehazki, % 130,9 igo beharko luke soldatak.

Gehieneko alokairu-errenta onargarria, kontuan harturik soldataren % 30 gomendatzen dela gehieneko mugatzat, 409 eurokoa da, eta, hortaz, alokairu-errenta onargarri horren eta merkatuko prezioaren arteko aldea 535 eurokoa da.

Merkatuko alokairu-errentaren eta etxebizitza alokatzeko gehieneko errenta onargarriaren arteko aldea

Espainian, alokairuaren prezioak baxuagoak dira, baina etxebizitza alokatzearen kostua oso handia da hor ere: % 62,4.

Etxebizitza babestua

Gazteek aurre egin diezaiekete etxebizitza babestuak eskuratzeko kostuei, eta, batik bat, alokairu babestuen kostuei. Dena den etxebizitza babestuak ez du pisu handirik etxebizitza-parkean eta horregatik gazte gutxik eskura dezakete etxebizitza babestu bat.

Jabetzako etxebizitza babestuaren lehen hipoteka-kuota ordaintzeko, 18 urtetik 34 urtera bitarteko gazte baten soldata garbiaren % 29,8 behar da Euskadin; alegia, onargarritzat jotzen den gehieneko zorpetze-mugaren baitan gaude.

Alokairu babestua aukera eskuragarriena da Euskadiko gazteentzat, 18 urtetik 34 urtera bitarteko gazteen hileko batez besteko soldataren % 24,2 behar baita alokairu hori ordaintzeko.

Etxebizitza librea eta babestua eskuratzeko kostua

Gazteen Euskal Behatokiak berak koordinatu du ikerlan hau, eta Joffre López Oller emantzipazio-adierazleen alorrean adituak prestatu du. Adierazleak metodologia-lan bati jarraikiz kalkulatu dira, hainbat datu-base eta datu konbinatuz: Estatistikako Institutu Nazionalarenak, Notariotzaren Kontseilu Nagusiarena, Jabetzaren, Ondasun Higigarrien eta Merkataritza Ondasunen Erregistratzaileen Elkargoarenak, Espainiako Bankuarenak, Etxebizitzaren Euskal Behatokiarenak, etab.

Txosten osoa Gazteen Euskal Behatokiaren webgunean (leiho berri batean irekitzen da) eskuratu daiteke.

GEBren logoa

Jarrai gaitzazu gizarte-sareetan!

Facebook logoa   Twitter logoa

 

Lagundu zabaltzen:

     
Euskadi, auzolana