Portal de Gazteaukera

Gazteaukera logotipoa

euskadi.eus

  • Facebook logotipoa
  • Twitter logotipoa
  • RSS logotipoa

Gazteen Euskal Behatokia

Azken eguneratzea: 2013/04/11

2009tik 2013ra ia 20 puntu handitu da erosteko ahalmena galdu duten gazteen ehunekoa

Ia gazte erdiek diote etxeko batek lana galdu duela azken bi urteotan

Gazteen Euskal Behatokiak Euskadiko 18 eta 29 urte bitarteko gazteen egoerari buruzko datuak aztertu ditu. Datuok Eusko Jaurlaritzaren Lehendakaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak kaleratutako azken txostenetik atera ditugu (Euskal Soziometroa_51). Txostena 2013ko otsailean egindako inkesta batean oinarritzen da eta bertan 841 gazteri beren egungo egoerarekin lotutako hainbat galdera egin zitzaizkien.

Euskadiko 18 eta 29 urte bitarteko gazteek 5,9 puntu (0 eta 10 arteko eskalan) ematen dizkiote beren bizitzari gaur egun (Euskadiko biztanleria osoaren puntuazioa – 5,7 ­baino bi dezima gehiago).

Gazteak gainontzekoak baino baikorraxeagoak azaltzen dira beren epe laburreko etorkizuna baloratzean: 6,1eko puntuazioa eman dute urtebete barruko egoera aurreikustean; biztanleriaren batez bestekoa, aldiz, pixka bat baxuagoa da: 5,7.

Eta hori guztia, nahiz eta gazte kopuru aipagarriak dion azken bi urteotan beraiek edo etxekoren batek lana galdu duela (% 46), soldata murriztu diotela (% 39), soldata bere horretan mantendu diotela, izoztu diotela (% 34) edo lan orduak derrigorrez gutxitu dizkiotela (% 27).

Logikoa da, beraz, gazteei zeintzuk diren beren hiru arazo edo kezka nagusiak galdetzean, % 75ek lan-merkatuari lotutakoak aipatzea eta beste % 25ek arazo ekonomikoak esatea.

Lan-merkatuari lotutako arazoen aipamenak nabarmen gehitu dira azken bi urteotan: 2010eko azaroan 18 eta 29 urte bitarteko gazteen % 50ek aipatu zituzten, 2011ko ekainean % 58k, 2012ko otsailean % 68k, 2012ko urrian % 71k eta, azkenik, 2013ko otsailean gazteen % 75ek aipatu dituzte.

Gainera, 2013an gazteen erdiek baino gehiagok (% 56) diote beren erosteko ahalmena murriztu dela iaztik hona: % 23k asko murriztu dela adierazi dute eta beste % 33k pixka bat murriztu dela esan dute. Beren erosteko ahalmenean murrizketak izan dituztenek gehienbat lana galtzeari egozten diote murrizketa horren errua (horrela diote % 45ek, behintzat).

Aurretik, 2009ko urtarrilean, krisi ekonomikoaren hasieran, 18 eta 29 urte bitarteko gazteen % 38k adierazi zuten erosteko ahalmena murriztu zitzaiela. Baina arrazoiak ematerakoan gehiago aipatzen zuten prezioen igoera (% 57k) lana galtzea (% 27k) baino.

Gerta liteke 2013an beren erosteko ahalmena murriztu dela (gazteen % 56) diotenen talde bati 2009an gauza bera gertatu izana eta, ondorioz, egoera larriagoan egotea.

Hala ere, 2013an biztanleria osoan erosteko ahalmena galdu dutenak % 61 direla (hau da, gazterian baino bost puntu gehiago) kontuan izanda, esan dezakegu gazteek hobeto eusten diotela krisiari, familiak euskarri ekonomiko moduan jokatzen duelako. Beren gurasoen balaunaldiak (45 eta 64 urte bitartekoak), aldiz, neurri handienean pairatzen du erosteko ahalmenaren galera (% 71).

 Jarrai gaitzazu gizarte-sareetan!

  

 

Lagundu zabaltzen:

     
Euskadi, auzolana