Portal de Gazteaukera

Gazteaukera logotipoa

euskadi.eus

  • Facebook logotipoa
  • Twitter logotipoa
  • RSS logotipoa

Gazteen Euskal Behatokia

Argitalpen-data: 2013/04/22

EAEko gazteen erdiek baino gehiagok diotenez, liburuak irakurri ohi dituzte denbora-pasa; neskek mutilek baino hein handiagoan

Azken bost urteotan gora egin du irakurle gazteen kopuruak

Apirilaren 23an Liburuaren Nazioarteko Eguna dela-eta, Euskadiko gazteak 2012 azterlaneko datu batzuk aurreratuko ditu Gazteen Euskal Behatokiak, liburuak irakurtzeari buruz. 2012an Euskadiko 15 eta 29 urte bitarteko 1500 gazteri egindako inkesta batean oinarritzen da azterlana.

Inkestako datuen arabera, gazteen % 54k diote azken hilabetean libururen bat irakurri dutela denbora pasatzeko (lana edo ikasketak direla-eta irakurri ahal izan dituztenez aparte).

Lanarekin edo ikasketekin lotuta ez dauden liburuak irakurtzea ohikoagoa da gazteen artean EAEko biztanleria orokorrarengan baino (% 41, Espainiako Hezkuntza, Kultura eta Kirolen Ministerioak, 2010-2011ko Kultura-ohiturei eta praktikei buruzko inkestan argitaratutako datuen arabera).

Emakume gazteen artean (% 65) ohikoagoa da denbora pasatzeko irakurtzea, gizon gazteen artean baino (% 43). Era berean, ohikoagoa da arabar gazteen artean (% 60), Gipuzkoako edo Bizkaiko gazteengan baino (% 56 eta % 50, hurrenez hurren). Adinaren aldetik, ordea, ez da alde handirik nabari.

Aisiarako irakurtzen dutenen ehuneko hori bereziki altuagoa da duela bost urte kolektibo berarengan antzemandakoa baino (% 45), Kulturaren Euskal Behatokiak Euskal Autonomia Erkidegoko Kultura-ohiturei, praktikei eta kontsumoari buruzko estatistiketan (2007-2008) emandako datuek aditzera ematen dutenez. 

Kolektibo bakoitzean antzeman den bilakaera aztertuz gero, zera ikus daiteke: igoera orokorra izan dela hiru lurraldeetan. Arabak irakurle gazteen ehunekorik handiena izaten jarraitzen du. Bizkaiak, ordea, ehunekoak gora egin arren, irakurtzen duten gazteen ehunekorik apalena du. Nolanahi ere, Gipuzkoako gazteengan igo dira gehien irakurzaleen ehunekoak.

Bestalde, aisia-arrazoiengatik irakurtzen dutenen ehunekoak igoera handiagoa izan du emakumeen artean (duela bost urte baino 16 puntu gehiago), gizonen artean baino (hiru puntuko gorakada baino ez).

Datuak adinaren arabera aztertuz gero, gorakadarik nabarmenena gazteenen artean, hau da, 15 eta 19 urte bitartekoenengan egon da (% 36tik % 52ra). Gainerako adin-taldeetan igoerak ere azpimarratzekoak izan dira, baina ez gazteenen artean bezain handiak (20 eta 24 urte bitartekoenen artean, % 47tik % 54ra igo da, eta 25 eta 29 urte bitartekoenengan, % 49tik % 54ra).

Azken urteetan gazteentzako literaturaren barruan bilduma batzuek izandako arrakasta komertzialak azaldu lezake, zati batean, irakurle gazteen ehunekoen gorakada, batik bat 20 urtez azpikoen eta nesken artean izandakoa.

Azkenik, Euskadiko gazteen eta Espainiako gazteen ehunekoak alderatuz gero (eta horretarako Espainiako Hezkuntza, Kultura eta Kirolen Ministerioak emandako datuak erabiliko ditugu), ikus dezakegu a aurreko hilabetean libururen bat aisiarako (hau da, lanerako edo ikasketarako irakurritakoak kontuan hartu gabe) irakurri dutela dioten gazteak nabarmen gehiago direla Euskadin Espainian baino: % 54k eta % 38k, hain zuzen ere. 

Jarrai gaitzazu gizarte-sareetan!

  

 

Lagundu zabaltzen:

     
Euskadi, auzolana