Portal de Gazteaukera

Gazteaukera logotipoa

euskadi.eus

  • Facebook logotipoa
  • Twitter logotipoa
  • RSS logotipoa

Gazteen Euskal Behatokia

Azken eguneratzea: 2013/02/14

EAEko 15 eta 19 urte bitarteko gazteen erdiek harreman sexualak izan dituzte

15 eta 29 urte bitarteko nesken heren batek uste du harreman sexualak izateko maiteminduta egon behar dela.

EAEko gazteek gero eta gehiago diote sexualitatea oso garrantzitsua dela beraien bizitzetan. 2000 urtean gazteen % 24k zioten hori eta 2012an % 34k.

Beraien bizitzetan sexualitatea oso edo nahikoa garrantzitsua dela diotenak batuz gero, aldeak ia ez dira nabaritzen. Baina oso garratzitsua dela diotenak soilik hartuta, ikus dezakegu portzentajea dezente handitzen dela adinean gora egin ahala: 15 eta 19 urte bitartekoen artean, % 23k ematen diote garrantzi handia, 20 eta 24 urte bitartekoen artean, % 34k, eta 25 eta 29 urte bitartekoen artean, % 40k.

EAEko gazteen erantzunak eta Espainiako gazteenak alderatuz gero, ikus dezakegu EAEn sexualitateari garrantzi handia ematen dioten gazteen portzentajeak (% 34) Espainiakoa ( % 16) bikoizten duela.

Zelako ideiak dituzte gazteek sexualitateari buruz?

Gazteen % 80ren iritziz, “sexualitatea beharrezkoa da norberaren orekarako”.

Baieztapen horrekiko adostasuna zabaltzen da adinean gora egin ahala (20 urtetik azpikoen % 68k hori pentsatzen dute, 20 eta 24 urte bitartekoen % 82k, eta 25 eta 29 urte bitartekoen % 86k).

Gai horretan ez da alde aipagarririk ikusten EAEko eta Espainiako gazteen artean.

Bestalde, gazte gehienek bereizten dituzte harreman sexualak eta maitasuna, hori horrela “harreman sexualak izateko maiteminduta egon behar da” baieztapenaren kontra daude gazteen % 59.

Baieztapen horren kontra daudenek gehiengoa osatu dute aztertutako talde guztietan. Hala ere, gai honetan aldeak daude nesken eta mutilen iritzien artean: mutilen % 23k uste dute harreman sexualak izateko maiteminduta egon behar dela eta nesken kasuan % 36ra handitzen da portzentaje hori.

Harreman sexualak izateko maiteminduta egon behar dela uste dutenak gero eta gutxiago dira helduagoa izan ahala: 20 urtetik azpikoen % 38 dira iritzi horretakoak, 20 eta 24 urte bitartekoen % 28, eta 25 eta 29 urte bitartekoen % 25.

Espainiako gazteen artean % 54 daude baieztapen horren kontra eta % 37 ados, hau da, Espainiako gazteek EAEkoek baino neurri handiagoan uste dute harreman sexualak izateko maiteminduta egon behar dela.

Eta 15 eta 29 urte bitarteko zenbat gaztek izan dute harreman sexualik?

Lau gaztetik hiruk (% 78) harreman sexualak izan dituztela diote, % 75ek penetrazioarekin eta gainontzeko % 3k penetraziorik gabe.

15 eta 19 urte bitartekoen artean % 51k izan dituzte harreman sexualak, penetrazioarekin zein penetraziorik gabe, % 85ek 20 eta 24 urte bitartekoen artean, eta % 90ek 25 eta 29 urte bitartekoen artean.

Ez da alderik ikusten harreman sexualak izan dituzten nesken eta mutilen kopuruen artean.

Espainiako gazteen artean apur bat gehiago dira (% 83) harreman sexualak izan dituztenak: % 78 penetrazioarekin eta % 5 penetraziorik gabe.

Azterketa hau egiteko, Gazteen Euskal Behatokia 2012an EAEko 15 eta 29 urte bitarteko gazteen lagin adierazgarri bati egindako inkestaren emaitzetan oinarritu da. Hortik ateratako datuak Espainiako Gazteriaren Institutuak (Injuve) egindako ikerketatik ondorioztatutako emaitzekin alderatu ditu. Injuvek egindako ikerketa horiek hauexek dira: “Jóvenes y diversidad sexual”, 2010ekoa, eta “Jóvenes, salud y sexualidad”, 2008koa.

Gai honekin lotuta, Gazteen Euskal Behatokiak “Gazte sexualitatearen arretarako erronka berriak” izenburua duen formakuntza ikastaroa antolatu du gazteria arloan lan egiten dutenentzat. Ikastaro hori Behatokian bertan egingo da martxoan. 

Jarrai gaitzazu gizarte-sareetan!

  

 

Lagundu zabaltzen:

     
Euskadi, auzolana