Portal de Gazteaukera

Gazteaukera logotipoa

euskadi.eus

  • Facebook logotipoa
  • Twitter logotipoa
  • RSS logotipoa

Gazteen Euskal Behatokia

Azken eguneratzea: 2013/04/23

EMAIZE-Sexologia Zentroko Ana Ramírez de Ocáriz eta Miren López de Arregik sexu-hezkuntzari eta gazteei buruzko hainbat galderari erantzun diete

GEBren sexu-hezkuntzako ikastaroko hezitzaileei egindako elkarrizketa.

  • Zergatik da garrantzitsua gazteen sexualitatea lantzea?

Gure ikuspuntutik, garrantzitsua da sexualitateak bizitzaren garai guztietan lantzea. Hain zuzen ere, jaiotzen garenetik (are fekundaziotik ere) hil arte izaki sexuatuak gara, hau da, gizon eta emakume izate hori eraikiz, biziz eta adieraziz joaten dira neskak eta mutilak, gutako bakoitzak, sentitzeko, ulertzeko, maitemintzeko daukagun modu propioarekin... azken batean, egokitu zaigun gorputzean eta mundu honetan geure buruak bizitzeko modu bakar eta errepikaezinean. Sexuak eta sexualitateak, beraz, muin-muinekoak ditugu, eta garrantzitsua da horiek lantzea, nork bere burua ezagutu, uler eta modu positiboan adieraz dezan.

Gure bizi-prozesu osoan geure buruak gizon eta emakume modu bakar eta propian eraikitzen ditugun heinean zailtasunak sor badaitezke ere, gazteek, zehazki, une esanguratsuak bizi dituzte euren buruak ezagutzeko, erabakiak hartzeko, euren ekintzen eta dagozkien ondorioen ardura hartzeko, zer atsegin duten eta zer ez jakiteko, era berean, jakiteko nola jarri harremanetan beste izaki sexuatuekin, euren burua nola adierazi besteen aurrean... Horregatik, oso garrantzitsua da euren prozesuetan, une horretan, laguntzea, hainbat gauza lehenengoz esperimetatzen dituztelako (lehenengo bikoteak, lehenengo harreman erotikoak, lehenengo ezustekoak...).

  • Nola egin? Nondik?

Sexualitatearen arreta kontzientea pubertaroan hasi behar dela pentsatu ohi da, arreta horren lehentasunezko helburua jokaera erotiko arriskutsu batzuk ekiditea dela uste izanda. Hau da, arazo batzuk premiaz konpondu behar direla uste da.

Hala ere, gure ikuspuntutik, oso garrantzitsua da gazteen sexualitateak lantzea: euren buruak onartzea eta bizitzan ezinbestean aurkituko dituzten oztopoak gainditzea, alegia.

Nork bere burua onartzeko oztopo horietako batzuk gizartean nagusi den sexualitate- eta erotismo-eredutik datoz. Eredu horren arabera, desiragarriak desioa eta harreman heterosexualak dira, eta ia beti “onargarria” eta “osoa” den harreman erotikoa penetrazio baginala da. Hartara, genitalitateak ez ditu gorputzaren aukerak osotasunez ikusten uzten, eta neska-mutilak oso “maskulinitate” eta “femeninitate” eredu zorrotzetara moldatu “behar izaten” dute. Sexualitate-eredu horrek BIZTANLERIA OSOARI presio ikaragarria ezartzen dion arren, ezin dugu ahaztu gazteak ahulagoak direla talde-presioaren aurrean.

Hori dela-eta, ezin dugu gazteen sexualitate-arreta hezkuntza formalaren esparrura mugatu (izan ere, ikastetxe askotan ez dago sexu-hezkuntzako programarik). Sexu-arretaren ardura gizarte-eragile guztiena da, ez irakasleena bakarrik: familia, osasungintzaren arloko langileak, komunikabideak eta komunitate osoa, oro har. Guztiok daukagu zer ekarri prozesu horretara, geure ardura delako eta gizarte osoari egiten diolako onura. Izan ere, berdintasunean, aniztasunean eta errespetuan hezitako gazteek balio horietan oinarritutako gizartea eratuko dute. 

  • Zeintzuk dira egungo erronkak? 

Sexualitateen arretarako esku-hartzeak kalitatezkoak izango badira, gure gizartean bizi ditugun aldaketen inguruko hausnarketa eta azterketa izan behar dugu abiaburu: migratutako gazteek edo beste jatorri kultural batzuetakoek beste balio batzuk dituzte emakume eta gizon izateari dagokionez, sexuen arteko harremanei dagokienez; sexualitatearen patologizazioa eta medikalizazioa...

Beste erronka batzuk sexuen arteko berdintasunezko eta errespetuzko harremanekin lotuta daude, jakina, neska eta mutil guztien inklusibitatetik abiatuta, hezkuntza-premia bereziak edo zailtasun fisiko edo sentsorialak dituztenak barne.

Hori dela-eta, azpimarratu nahi dugu beharrezkoa dela gizarte osoa engaiatuta egotea, denon artean berdintasunezko, aniztasunarekiko errespetuzko eta pertsonen arteko harremanetan ardurazko jarrerak bereganatuko dituzten neska-mutil arduratsuak hezi ditzagun. 

Jarrai iezaguzu gizarte-sareetan!

  

 

Lagundu zabaltzen:

     
Euskadi, auzolana