Portal de Gazteaukera

Gazteaukera logotipoa

euskadi.eus

  • Facebook logotipoa
  • Twitter logotipoa
  • RSS logotipoa

Gazteen Euskal Behatokia

Azken eguneratzea: 2011/10/06

Elkarrizketa Elías Botet eta Iñaki Lázarorekin, Ekiten ikastea ikastaroko irakasleekin

Behatokian irailaren 21etik 23ra burutu zen Ekiten ikastea. Motibazioz aholkatzea eta enpresak sortzeko baliabide praktikoak ikastaroko irakasle Elías Botetek eta Iñaki Lázarok elkarrizketa egiten diote elkarri, ekiteko ikaskuntzari, berrikuntzari eta gizarte-sareei buruz.

Elías Botet Botet y Asociados, Ingeniería de Innovación enpresaren sortzaileetako bat da. Enpresaren xedea enpresen eta profesionalen lehiakortasuna hobetzea da, produktuak eraberritzeko estrategien bitartez. IKTen sektoreko enpresak sortzen laguntzen du, eta Txinako eta Espainiako enpresen elkarteetan ere parte hartzen du.

 

 

Iñaki Lázaro Internet Euskadi Elkartearen idazkari teknikoa da, bai eta Colectiviako sortzaileetako bat ere. Era berean, teknologiaren arloko hainbat esparrutako hezitzaile ere bada. Ekimenerako sena 19 urte zituela azaleratu zitzaion, Lan Ekintzan ekiten ikasteko programetan parte hartzen zuenean. Lan-ibilbide zabala du hainbat euskal enpresatan: Panda, B-kin eta abar.

 

 

 Elías: Nolakoa da ekitearen aldeko ikaskuntzaren egoera, egungo egokieran?

Iñaki: Nire ustez, ekitea barne-barneko premia da, denok bizi beharko genukeena. Besteren kontura lan egitea ez da, inondik inora, dagoen aukera bakarra, areago, gaur egun. Gazte eta heldu askoren helburua “funtzionario” izatea da, eta, atzerrian, hori ezin da ulertu. Tamalez, sozialki ez dago oniritzita enpresagile edo ekintzaile izatea. 

 Zer egin dezakegu ekintzailea motibatzeko eta ekintzaileak sortzeko?

Iñaki: Hezkuntza, letra larriz. AEB bezalako herrialdeetan ekitea oniritzita dagoela eta funtzionario lan egitea gizartearekiko elkartasunezkoa eta gizaldekoa dela eta aldi baterako baino ez dela badiogu, ikuspegi hori hona heldu beharko litzateke. Futbolariak heroiak izango dira gazte askorentzat, baina ez lirateke gizarte-erreferente bakarra izan beharko. Izan ere, oso futbolari edo kirolari onak eduki arren —laudatzekoa dena, jakina—, futbol-izarrei esker ez gara krisialditik irtengo, ez eta lan-egoera hobetuko ere. 

  Zein da ekiteko une egokia?

Iñaki: Unea pertsona bakoitzaren bizi-egoeraren arabera alda daiteke. Pertsona bat hezitzen dagoen bitartean, interesgarria izan daiteke lan-proiektua edo lan ideala gogoan izatea. Hainbatetan entzun dugu «ez dut nire arloko lanik aurkitzen». Hein batean, besteren kontura lan egitea, egonkortasun eta soldata handiak izatea eta lan-ibilbidean lagunduko diguten nagusi batzuk izatea da gure heziketaren helburu bakarra. Hala ere, ideal hori askoz errazagoa da betetzen, norberaren konturako lana aukeratzen badugu. Agerikoa da bere zailtasunak dituena, baina, nire ustez, jende guztia egon beharko litzateke horri aurre egiteko prestaturik.

 Orduan, ekiteko motibazioa eman behar al zaie gazteei?

Iñaki: Bai, jakina. Motibazio-kontua da, baina ez gazteena bakarrik. Besteren konturako lan-aro zabala izan eta gero, oso aberasgarria izan daiteke norberaren kontura lan egitea, norberaren lan-proiektua izatea, beste proiektu batzuetan parte hartzea... azken batean, motibatuta egotea eta aukerak aurkitzen jakitea. Ekiten ikasteko motibazioa pizteko baliabideen adibide onak ditugu gure inguruan, El Iniciador bezalako ekimena bezalakoak. 

 Iñaki: Nolako garrantzia du berrikuntzak enpresa-sortzailearen lanean?

Elías: Ekiteko jarduera oro berrikuntza-prozesua da, zati batean. Martxan dagoen negozio-eredua “kopiatuta” mamitzen badu ekintzaileak gogoan duen proposamena, nekez egingo du ibilbide luzea. Diferentziala egon behar da produktuaren edo zerbitzuaren balioaren proposamenean, enpresaren antolakuntzan (kostu txikiagoa), banaketa-bideetan, bezeroarekiko harremanean eta abarretan. Hitz batez: planteamendu berritzailea egon behar da ideiaren beraren sorburutik. Enpresari oro “berritzailea” izan zen, enpresa sortzea erabaki zuenean. 

Bigarrenik, ekonomiak zikloak ditu. Gutxik esan dute krisialdiaren iturria ekonomia zikloka ibiltzea dela. Hazkunde handiegikoa izan den aurreko zikloaren alderik apalenean gaude orain. Produktu eta prozesu berriak sortzeak, eraberritutako negozio-ereduak egoteak eta balizko premiak antzemateak garatzen du ekonomia. Enpresa sortzeak merkatu batean sartzea ekartzen du berekin, merkatu helduan ala ez helduan. Merkatu heldu batean sartzeko —tipikoa sektore gehienetan, zikloaren aro deprimitu honetan—, zure sartze-estrategiak berrikuntza sistematikorako planteamenduak izan behar ditu, hau da, berrikuntza prozesuetako bat bilakatu behar da. Hori eginez gero,  aukerak izango dituzu sektore deprimitu horietan. Zikloaren alde apalean ez dagoen merkatu ez helduetan sartuz gero, arrakasta lortuko duzu, agian, ideia bikaina baduzu eta lantalde egokia baduzu. Baina berritzeko prest ez bazaude, beste lehiakide batzuk sartu eta zure negozio-eredua kopiatzen ahaleginduko dira, eta, arian-arian, merkatutik baztertuko zaituzte. Beraz, berrikuntza aintzat hartzen ez duten edo berrikuntza noizean behingo kontua dela uste duten ekintzaileek  porrot egingo dute, gaur inoiz baino gehiago. Bi arrazoi daude horretarako: a) sozializazio-abiadura handia, iraultza digitalari esker —Internet, besteak beste—, informazioa demokratizatu delako eta abiadura handiz zabaltzen delako; eta b) globalizazioa, edozein produktu ekar diezagukeena munduko edozein txokotara. Berrikuntzarekin obsesionaturik dagoen ekintzaileak Bill Gates edo Steve Jobs bilakatzeko aukera du.

 Izan al daiteke ekintzaile besteren kontura lan egiten duen norbait?

Elías: Iñakik aipatu duen bizi-interesa duen eta besteren kontura lan egiten duen pertsona batek bi  aukera ditu. “Berrikuntzarako joera” duen enpresa batean badago, ekiteko enpresa-programaren batean parte hartzeko aukera emango dio enpresak: ideien lehiaketak, hobekuntza-programak nahiz prozesuak, produktuak eta negozioak sortzekoak. Egungo enpresa-lehiakortasunak ekarri duen arazo nagusia da ahaztu egin dugula gizakiak —eta bere talentuak— jarduera ekonomikoan duen papera. Gizakia ekoizteko tresna edo kontsumitzaile den aldetik baino ez da aintzat hartu. Ahaztu egin zaigu gizarteak egungo aurrerapen-mailara heldu izana talentu sortzaileari eta giza sozializazio-ahalmenari zor zaiola. Eta hori da, hain zuzen ere, enpresek duten galerarik handiena: langileen balioek eta interesek eta negozioak bat ez egitea, bereziki, honako balio honek: «negozioaren martxa onari laguntzea, nire talentu sortzailea gure negozioa hobetzearen alde jartzea».

Beraz, honetan datza gakoa: interesa duten eta talentu ekintzailea sustatu nahi duten langileek parte hartzeko —eta, jakina, saritzeko— guneak sortzea enpresek. Barruko ekintzaile-programen bitartez egin liteke hori, enpresen barruan, langileek enpresak sortzeko prestakuntza proposatzen dutenak. Horretarako, proiektu horiek abiarazteko autonomia eta baliabideak eskuratu behar zaizkie, bai eta honako berme hauek ere: a) etekinen zati bat izatea; edota b) enpresara itzuli ahal izatea, enpresa-proiektuak porrot eginez gero. Enpresek antolamendu-egitura aldatuko ahal dute eta konturatuko ahal dira, bizirauteko, talentu hori ahalik eta gehien mugiarazi behar dela. 

Interes hori duenari geratzen zaion beste aukera (“asmoa” deituko nioke nik), bere enpresan babesik jasotzen ez badu edo ideia enpresa horren jardueratik urrun badago, lehen urratsak emateko, astialdia erabiltzea da. Lehen urrats horietan “bere asmoa” lortuz eta bere ekintzaile-sena elikatuz badoa, ez da denbora-galera izango. Hona lehen urrats horiek: a) ekiteko sen hori duen ala ez erabakitzea; b) tentuz pentsatzea zein izango den sorburu-ideia, balio-proposamena, behar den kapitala eta hori lortzeko modua; eta c) merkatuaren azterketa formal nahiz ez formala burutzea. Hortik aurrera... ekiten ikasteko ikastaro batera etortzea eta enpresa sortzeko egin behar diren urratsak zein diren barneratuz joatea. 

 

Lagundu zabaltzen:

     
Euskadi, auzolana