Gazteaukera logotipoa

euskadi.eus

 
Gaztebizhitza

#Etanirelanazer?

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Gaztebizhitza
  4.  
  5. Lana
  • Instagram

Nola lortu lan elkarrizketa bat arrakastaz gainditzea

Gogoratu

  • Elkarrizketa lanpostu bat lortzeko azken urratsa da. Ondo prestatu edo bidean gera zaitezke.
  • Elkarrizketaren amaieran lanposturako hautagairik egokiena zarela pentsatu behar dute. Zure erantzun guztiak helburu hori lortzera bideratu beharko dituzu.
  • Elkarrizketa guztiak ez dira berdinak baina galdera asko, modu desberdinean azalduta, errepikatzen dira. Prestatu galdera eta erantzun hauek guztiak zure etxean.
  • Urduritasunak jukutria gaiztoa egin ahal digu. Hauek kontrolatzen ikasi beharko duzu.
  • Zure pertsonaren inguruan izango duten iritzia, ematen dituzun erantzunen eta elkarrizketan azaltzen duzun jarreraren araberakoa izango da. Funtsezkoa da aldez aurretik lan elkarrizketa batean zer egin eta zer egin behar ez duzun ezagutzea.
Ondo! Lan elkarrizketa baterako deitu naute...

Zorionak! Lana lortzeko urrats bakar baten faltan zaude orain. Baina, kontuz!, ez pentsa lanpostu hori jada zurea denik.

Seguruenik beste pertsona batzuk ere elkarrizketatzeko deituko zituzten eta horiek guztiak zuk duzun ideia bera izango dute. Hauen gainetik nabarmendu ahal izateko, elkarrizketa oso ondo prestatu beharko duzu.

Garbi utzi behar diezu lanpostu horretarako pertsona egokiena zarela, bai egiten dizkizuten galderei emandako erantzunen bidez bai elkarrizketan zehar azaltzen duzun jarreraren bidez.

 

Zer egin dezaket nire inguruan iritzi ona izan dezaten?

Lan elkarrizketa batera joaten zarenean, honen amaieran, elkarrizketatu zaituzten pertsonek garbi izan behar dute bere buruarekiko konfiantza duen pertsona eta profesional ezin hobea zarela.

Elkarrizketa guztiak berdinak ez diren arren, ziurtzat eman honen inguruan galdetuko dizutela:

  • Aurreko lan esperientzia
  • Zure indarguneak eta trebetasunak
  • Ahuleziak
  • Lan hori eskatzeko arrazoiak
  • Enpresaren inguruan dituzuen ezagupenak
  • Soldata aurreikuspena....

Ondo prestatu horrelako galderetarako erantzunak eta elkarrizketa zuri komeni zaizun ildotik eramatea lortuko duzu.

 

Normala da urduri egotea?

Normalena oso urduri egotea da. Baina elkarrizketaren arrakasta urduritasuna kontrolatzeko duzun gaitasunaren araberakoa izango da. Oso urduri azaltzen bazara, eskaintzen duten lanposturako heldutasun nahikoa ez duzula pentsatuko dute.

Elkarrizketa ondo prestatu baduzu nekez egingo dizute ustekabean hartuko zaituen galderaren bat. Galderak espero zenuen moduan erantzuten dituzun neurrian hasierako urduritasuna desagertuko da. Dena den, saiatu robot baten moduan ez erantzuten; izan zaitez ahalik eta naturalen edo bestela gidoi bat jarraitzen ari zarela nabarituko dute.

 

Ba al da ekiditu beharko nukeen zerbait?

Elkarrizketan emango duzun irudia ez da soilik ematen dituzun erantzunetan oinarritzen. Elkarrizketan duzun jarrera ere erabakigarria izango da.

  • Hasteko, puntuala izan beharko duzu. Ez iritsi berandu baina ezta ordubete lehenago ere.
  • Janzkera zuzena ere oso garrantzitsua da. Kontutan izan ez zarela ezkontza batera joango baina ez jantzi hondartzara joango bazina bezala.
  • Behin barruan, esertzen zarean jarrera formala mantendu. Gogoratu, ez zaude zure etxeko egongelako sofan. Ez zaitez gehiegi etzan eta ez luzatu ez besoak ezta hankak ere.
  • Eskuen gorputz-hizkuntza landu. Sarritan, urduritasunak sortutako tentsioa eskuen mugimenduaren bidez deskargatzen dugu; saiatu eskuak ahalik eta gutxien mugitzen. Ez jolastu boligrafoarekin edo ilearekin eta ez mugitu hatzak gehiegi.
  • Azazkalak jatea guztiz debekatuta dago. Txiklea murtxikatzea ere.
  • Erantzutean zuzen begiratu elkarrizketatzaileari, baina ez oso modu zakarrean. Begirada atsegin bat, irribarre batekin, errezetarik onena da.

 

Erantzunetan gezurrak esan edo esajeratu ahal dut?

Ez esan gezurrik eta ez esajeratu. Zure gaitasun edo trebetasunen inguruan gezurra esaten baduzu, ondoren bete ezin izango dituzun itxaropenak sortuko dituzu.

Elkarrizketan zure indarguneak nabarmendu behar dituzu. Positiboa izan behar duzu; zure lorpenak aipatu, gogoberotasuna azaldu, enpresari egin ahal dizkiozun ekarpenak azpimarratu...

Zure aurreko nagusiak kritikatzea, galdera amaitu baino lehen erantzuten hastea, gehiegi hitz egitea edota zure lagunekin izango bazina bezala hitz egitea bezalako jarrera negatiboek ez dizute mesede handirik egingo.

 

Elkarrizketa hauetan zenbait galdera-tranpa izaten direla entzun dut...

Elkarrizketa hauek bideratzen dituzten pertsonen helburu bakarra eskaintzen den lanposturako pertsona egokiena hautatzea da.

Horretarako, inozoak diruditen galderak ere egingo dizkizute baina hauek ere oso garrantzitsuak dira. Adibidez, honakoa galdetzen badute:

  • 'Non ikusten duzu zure burua etorkizunean?', lan-gura handiko pertsona zarela esateko tentazioa izan ahal duzu baina, era berean, enpresa hori uzteko asmoa ere duzula adierazten ari zara.
  • 'Zenbat irabazi nahi duzu?', saiatu kopuru zehatz bat ez ematen. Beraiek buruen duten kopurua gainditzen baduzu alde batera utziko zaituzte.
  • 'Nolakoa zen zure aurreko nagusiekin zenuen harremana?', ez ezazu beraietaz gaizki mintzatu. Kontutan izan, seguruenik, gehiago identifikatuko direla beraiekin zurekin baino.

 

Izan ahal dudan zalantzaren baten inguruan galdetu beharko nieke?

Elkarrizketaren amaieran, seguruenik, galderaren bat egiteko aukera emango dizute. Ez zapuztu azken minutuan ordura arte egindako lan guztia.

Elkarrizketa gehienak 'galderaren bat egin nahiko zeniguke?' batekin amaitzen dira. Hala bada, ez esan ezetz. Galderaren bat egiteko aukera baduzu saiatu zure interes profesionala islatzen duen galdera bat egiten.

Gogoratu argi utzi behar diezula lanpostu horretarako hautagairik egokiena zarela. Enpresaren kultura, organigramaren barruan izango zenukeen postua, hierarkia, trebakuntza planak edota igotzeko aukeren inguruko galderek, modu egokian galdetuta, elkarrizketaren amaieran aho-zapore ona utz dezakete.

Aitzitik, soldata, ordutegi edota oporren inguruko galderek ez dizute inolako mesederik egingo. Era berean, ez eskatu elkarrizketaren balorazio bat egitea: horrek lanpostua lortzeko larritasuna, segurtasun falta eta egoera zure kabuz ebaluatzeko gaitasun falta adierazten du.

Hasiera


Gehiago jakin nahi duzu?

 

Lagundu zabaltzen:

     
© 2018 · Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco
Euskadi, auzolana