Enpresarekin lehen kontaktua: aurkezpen-gutuna, Curriculuma eta elkarrizketa pertsonala

Lan munduan sartzea ez da kontu erraza. Horregatik, baliagarriak izango zaizkizun argibide batzuk eskainiko dizkizugu jarraian, nondik hasi, nora jo, zer egin eta abar jakin dezazun. Batez ere hiru dira kontuan eduki beharreko pausuak: aurkezpen-gutuna, curriculuma eta elkarrizketa pertsonala.

Aurkezpen-gutuna

aurkezpen gutuna

Curriculumari sarrera egiten dion gutuna da, eta enpresari eskatzailearen lehen inpresioa ematen dio. Horregatik, komenigarria da arreta handiz prestatzea gutun hori. Eta ez ezazu ahaztu beti joan behar dela curriculumarekin batera.

Aurkezpen-gutunak, gehienez, orrialde bateko luzera eduki behar du, hau da, hiru edo lau paragrafo. Bertan, gutunaren arrazoia azaldu behar duzu, eta era berean, zure curriculumaren puntu sendoenak nabarmendu behar duzu, lan horretarako pertsona egokiena zarela azpimarratu, elkarrizketa bat eskatu eta, jakina, errespetuz agurtu.

Komenigarria da eskaria egin diozun enpresa horren jarduera ondo ezagutzen duzula erakustea. Goratu ezazu bere lana, larregi exageratu gabe. Gogoratu ez duzula gezurrik esan behar zure gaitasunak azpimarratzerakoan. Hala ere, zure arlo ahulak direnak ezkutatu ditzakezu.

Hementxe dituzu aurkezpen-gutuna idazteko orduan erabilgarri izango zaizkizun aholku batzuk:

  • Margenak eta paragrafoen arteko banaketa zaindu.
  • Esaldi laburrak idatzi.
  • Adierazpen negatiboak saihestu.
  • Kontuz ibili ortografiarekin.
  • Bidali itzazu beti originalak sinatuta eta kopia bat gorde ezazu.

Curriculuma nola egin

Zure aurkezpen-txartela da, beraz, detaile guztiak zaindu behar dituzu. Curriculuma berritu eta eguneratu egin behar duzu lan eskaera bat egiten duzun bakoitzean. Inpresio ona ematea lortzen baduzu, seguru egon zaitezke zure hautagaitzak aurrera jarraituko duela aukeraketa prozesuan. Bestela, guztia bukatu da.

Curriculumak eskatzailearen ibilbide pertsonal eta profesionalaren arlo nagusiak bildu beharko lituzke. Horregatik, besteak beste, honako datu hauek ere eduki beharko lituzke:

  • Datu pertsonalak.
  • Ibilbide akademikoa: egindako ikasketak, titulazioa, zein zentroetan egin dituzun ikasketak, hasiera eta amaiera datak.
  • Prestakuntza osagarria: ikastaroak, diplomak, kongresuetara asistentzia, mintegiak, jardunaldiak.
  • Hizkuntzak: zehaztu menderatze-maila.
  • Lanbide-esperientzia: ze enpresetan egin duzun lan, zein izan den zure eginkizuna, datak eta iraupena.
  • Txostenak edota erreferentziak.
  • Eranskinak: curriculumeko datuak justifikatzen dituzten agirien fotokopiak.

Curriculuma idazteko era ugari daude, baina orientazio bezala hiru aipatuko ditugu. Aukeratu ezazu gustukoen duzuna edo zure beharrizanetara gehien egokitzen dena:

  • Kronologikoa: Curriculumeko datuak zaharrenetik berrienera antolatzen dira. Ez da gomendagarria enpleguz sarritan aldatu den kasuetan.
  • Atzekoz aurrera: Azken lan esperientziak nabarmentzeko erabiltzen da. Gomendagarria da lan nabarmendu nahi den esperientzia horrek lortu nahi dugun lanarekin zerikusia badauka.
  • Gaika: Curriculuma gai-multzoka antolatzen da. Gomendagarria esperientzia oso sakabanatuta dagoenean.

Idazkeran argia izan behar zara eta hizkuntza zehatz eta zuzena erabili behar duzu. Izan zaitez zintzoa zure azalpenetan. Hori bai, zure interesen kalterako izan daiteken arloren bat balego, ez ezazu datu hori gehitu. Aurkezpena zaindu ezazu. Interesgarriak deritzozun atal guztien detaileak eman eta ez ezazu ezer utzi etorkizuneko elkarrizketarako, baliteke elkarrizketa hori inoiz ez ospatzea.

Bideocurriculuma

Lana aurkitzeko orduan gure burua Interneten aurkeztea, gure helburua lortzeko beste era bat izan daiteke. Zentzu horretan sarean hainbat hautagaik eskegitzen dute bere bideocurriculuma. Gaitasun pertsonalak era originalean indartu eta enpresen arreta sortzeko egiten dira bideo bidezko aurkezpenak. Grabaketen estiloari dagokionez aukerak anitzak dira, nori zuzentzen gatzaizkion eta zer lortu nahi dugun argi izatea komeni da bideoa egin aurretik. Gainera kontutan izan Interneten (publiko utziz gero) edonork ikus dezakeela gure bideoa eta ez da komeni datu pertsonal gehiegi ematea.

Elkarrizketa pertsonala

Aukeraketa prozesuko unerik garrantzitsuena da, une seinalatua. Lan-elkarrizketak ezberdinak izaten dira enpresaren ezaugarrien edota tamainaren arabera.

Aldez aurretik prestatu behar duzu elkarrizketa: aurkitu zure puntu sendoak eta ahulak eta aukeratuko zaituen enpresari buruzko informazioa bilatu ezazu. Saiatu zaitez, posible balitz, elkarrizketa nork egingo dizun jakiten.

Zaindu zure itxura fisikoa. Gogoratu produktu bat saldu behar duzula, eta produktu hori zu zeu zara. Garrantzitsua da itxura garbi eta apaindua erakustea. Saiatu zaitez enpresa horretako ohituren araberako janzkera eramatea.

Elkarrizketaren unea heltzen denean gomendio nagusia lasai egotea da. Saihestu itzazu estresa eta tentsio egoerak, segurtasun eza baino ez dizkizute ekarriko, eta hori zure kontra joango da.

Hauexek dira, beraz, elkarrizketa ondo ateratzeko ahaztu behar ez dituzun urrezko arauak:

  • Ez zaitez inoiz berandu iritsi.
  • Saia zaitez itxura ona ematen.
  • Ez ezazu elkarrizketatzailea eten.
  • Ez ezazu zure kurrikuluna puztu.
  • Ez zaitez gaizkiesaka aritu.
  • Ikas ezazu zeure burua saltzen.
  • Zaindu zure hizkuntza, ekidin itzazu lagunarteko esamoldeak.
  • Izan ezazu zeure buruarekiko konfiantza.
  • Aldarte irekiarekin egon zaitez.
  • Denbora nahikoarekin presta zaitez.
  • Esaten dizutenari adi egon zaitez eta erakutsi ezazu, keinu bitartez, elkarrizketatzaileak esandakoari arreta osoa eskaintzen ari zarela.

Elkarrizketaria konturatu behar da oso interesatuta zaudela lanpostu hori eskuratzeaz. Behar duen pertsona zu zarela sinestarazi behar diozu.

Enpresaren edota lanpostuaren ezaugarrien arabera era ezberdinetakoak izan daitezke lan elkarrizketak: taldekakoak, bakarkakoak, aurre-hautespenekoak, simulaziozkoak, txokekoak?

despacho

Lan-elkarrizketa guztiak desberdinak dira. Halere, elkarrizketa prestatzeko unean, kontuan izan beharko duzu elkarrizketa guztiek fase berdinak errepikatzen dituztela. Gure gomendioak jarraitzen badituzu, zure lan-elkarrizketa arrakastatsua izango da eta lana eskuratzeko aukerak izango dituzu. Irakur itzazu arretaz ondoren laburbiltzen dizkizugun lan-elkarrizketaren faseak. Asko lagunduko dizute.

  • Agurra. Naturala izaten saiatu zaitez, baina pasatu gabe. Eskua estutu ostean, elkarrizketatzaileari ekimena hartzen uztea da zuzenena.
  • Sarrera. Garrantzi handirik gabeko gaiei buruzko azalpenak eman ditzakezu giroa jartzeko. Ezer bururatzen ez bazaizu, eguraldia eta zirkulazioari buruz hitz egin dezakezu.
  • Enpresari eta lanpostuari buruzko datuak. Eskaintzen den lanpostuari eta enpresari buruzko argibideak emango dizkizute. Oso ongi geratuko zinateke enpresari buruz zertxobait badakizula erakusten badiezu. Horretarako, ondo legoke joan aurretik informazioa biltzea.
  • Datuak biltzea. Zure heziketaren, esperientziaren, familiako datuen eta zaletasunen inguruko galderak egingo dizkizute. Ez ezazu zure curriculuma gehiegi puztu, harrapatu egin zaitzakete eta.
  • Elkarrizketaren amaiera. Galderak egiteko une egokiena da. Aprobetxa ezazu une hori argi geratu ez zaizkizun puntuen inguruko galderak egiteko. Ez zaitez lotsatu, damutu egingo baitzaizu galderarik egin ez izana.