'Nola gainditu azterketak' bideotutoriala

Gogoratu

  • Gehiegi dirudien arren, azterketaren prestaketa ikasturtearen lehen egunean hasten da.
  • Ikasketak behar bezala planifikatzea lana erraztuko dizu eta, modu berean, azterketa gainditzeko aukerak handitu ere.
  • Ez utzi biharko gaur egin ahal duzuna. Dena azken egunerako uztea ez da ideia ona.
  • Badira edukien memorizazioa erraztuko dizuten hainbat ikasketa teknika. Bilatu zure pertsonara hoberen egokitzen dena.
  • Azterketa sasoia garai gogorra da eta fisikoki zein mentalki asko eskatzen du. Garrantzitsua da ondo deskantsatzea eta elikatzea.
  • Ez dago azterketa bat gainditzeko bidezidorrik. Zentzuz ikastea da bide bakarra.

Informazio gehiago

Azterketak gainditzeko ikasi behar duzu. Baina ikastea ez da orduak eta orduak apunte edo liburuaren aurrean ematea.

Ikasteak planifikazio bat eskatzen du; ikasturte osoan egin beharreko lan bat, alegia. Ikasketak azken egunera arte uzten badituzu, agian azterketa gainditzea lortuko duzu baina, seguruenik, ez duzu ezer ikasiko.

Gainera, komenigarria litzateke zein azterketa mota egin beharko duzun jakitea (entsegua, proba objetiboa, kasu praktikoa, arazo baten ebazpena, etab.) prestaketa azterketa eredu zehatz horretara moldatzeko.

Azterketek denbora tarte zehatz batean (hiruhileko, ebaluazio, ikasturte...) irakatsitako edukiak ebaluatzeko balio dute.

Hau osotasun baten antzera ulertu beharko zenuke; hau da, azterketa prestatzen hasten zara eduki horiek irakasten hasten diren une berean. Logikoki, ez duzu berdin ikasiko ikasturtearen lehen egunean edo azterketaren bezperan, baina garrantzitsua da azterketa lehen egunetik prestatzen hastea.

Azterketa bat prestatzerakoan badira segi ahal dituzun zenbait jarraibide. Hauek zure etekina hobetzen lagunduko dizute eta, ondorioz, baita azterketan aterako duzun emaitza ere. Ikasketak planifikatzeko egin beharko duzun lehenengo gauza da:

  • Ordutegi bat finkatu: arrazoizko ordu kopuru bat ikasi. Hobe egun askotan zehar ordu gutxi ikastea egun gutxitan zehar ordu asko ikastea baino. Egunero ikasteko diziplina izaten saiatu, baita astebukaeratan ere, nahiz eta modu lasaiagoan egin.
  • Ikasteko toki bat ezarri: Garrantzitsua da ikasteko berariazko toki bat izatea. Gustora zauden toki bat izan beharko du eta entretenigarririk gabekoa. Toki hori zure etxean bertan bada, ondo. Bestela, beti duzu liburutegi edo antzeko tokietara joateko aukera.

Pertsona bakoitzak ikasteko mekanismo desberdinak ditu eta pertsona batentzat ona izan daitekeena beste batentzat, agian, ez da hain ona. Dena den, badira segi ahal dituzun zenbait jarraibide apunteen aurrean jartzen zarenerako.

  • Edukiak barneratu. Edukiak behar bezala barneratzeko honako ikasketa teknikak jarraitu beharko zenituzke:
    • Hasieran, edukien irakurketa ulerkorra.
    • Ondoren, ideia garantzitsuenak azpimarratu.
    • Azkenik, eskema, laburpen edo koadro sinoptikoen prestaketa.
    • Era berean, aurreko asteetan ikasitako guztia ez ahazteko, errepasoak ere aldez aurretik planifikatu beharko dituzu
  • Memoria landu: Apunte guztiak memoriaz ikastea ez da batere gomendagarria baina ikasteak, hein handi batean, zenbait gauza buruz ikastea eskatzen du. Horregatik, memoria lantzeak edukiak modu errazagoan barneratzen lagunduko dizu.

    Interneten hainbat erregela mnemotekniko aurki ditzakezu eta hauek guztiek memorizazioa errazten lagunduko dizute. Erregela hauek, konbinazio edo artifizioen bidez, buruan gordetze gaitasuna handitzea ahalbidetzen dute.

    Adibidez,

    • nola ikasi ahalko zenuke π (3.1415926535897932384626433832795) zenbakiaren lehen 32 zifrak? Zaila dirudi zifraren batean akatsa ez egitea, ezta? Zifra bakoitza bere ordenean gogoratzeko erabil dezakezun teknika mnemotekniko bat esaldi bat sortzea izan daiteke non hitz bakoitzaren letra kopuruak π zenbakiari dagokion zifra bakoitza adieraziko luke. Horrela, hau bezalako esaldi bat sor genezake "Soy π, lema y razón ingeniosa, de hombre sabio, que serie preciosa valorando enunció magistral. Por su ley singular bien medido el grande orbe, por fin reducido fue al sistema ordinario usual" Esaldi honetan 'soy' hitza 3 izango litzateke, π 1, lema 4 etab... Esaldi hau buruz ikasita ez dugu inolako arazorik izango π zenbakiaren lehen 32 zifrak jarraian esateko.
    • Edo, euro moneta ofiziala duten estatuak ikasi behar badituzu, estatu hauetako bakoitzaren lehen letra hartu eta horiekin guztiekin osatu hitz bat (edo gehiago).
  • Arreta landu: edukiak modu eraginkorran barneratu ahal izateko ezinbestekoa da arreta mantentzea. % 100ean ez bazaude denbora galtzen arituko zara.

    Hobe da tarte txikietan eta modu eraginkorretan ikastea orduak eta orduak apunteen aurrean modu antzuan ematea baino. Ikasteak jarrera proaktiboa eskatzen du.

Zuri hobeto dagokizun egunaren momentua aurkitu behar duzu. Ikasle askok nahiago dute gaueko ordu txikiak arte ikasten egotea eta beste batzuk, aldiz, nahiago dute ohera goiz joan eta goiz esnatu ikasteko.

Garrantzitsuena, kasu honetan, ondo deskantsatzea da; bost minutuko etenak egin ikasten duzun ordu bakoitzeko, eta eten horrek, bizkortzen lagundu eta edukiak hobeto barneratzen lagunduko zaitu.

Eta noski, zaindu lo egiten dituzun orduak; behar bezala deskantsatzen ez baduzu ezin izango duzu ondo ikasi. Azterketa aurreko egunetan gehiegizko edo 'gizagaineko' esfortzua egin behar baduzu ikasketak behar bezala planifikatu ez dituzulako izango da.

Era berean, zure elikadura zaintzea ere oso garrantzitsua da.

Azterketa egunerako eduki guztiak barneratuta izan beharko zenituzke. Izan ere, gomendagarria litzateke eduki guztiak azterketa eguna baino bizpahiru egun lehenago menperatuta izatea, horrela, azken egun horietan errepasatzeko denbora nahikoa izango zenuke. Azken errepaso hauetan edukiak nahiko ondo barneratu dituzula ikusten baduzu azterketa egunean ez zara hain urduri izango.

Dena den, normala da urduri jartzea. Horregatik, komenigarria da kitzika zaitzakeen edozer gauza ez hartzea, hala nola, kafea, etab... Aurreko gauean eta azterketa eguneko goizean erlaxazio ariketak ere burutu ahal dituzu.

Ikasle asko, urduritasuna dela eta, blokeo sentsazioa izaten dute azterketa egiten dutenean.

Sentsazio hau 'txuriz gelditzea' izenarekin ezagutzen da eta zalantzak sortzen dizkigun galdera bat irakurtzen dugunean sortu ohi da, ordura arte ikasitako guztia karta gaztelu baten modura gainbeheratzen hasten dela somatzen dugu. Horrelako zerbait gertatzen bazaizu ez zaitez ikaratu.

Txuriz gelditzea 5 eta 10 minutu artean irauten duen sentsazioa da. Lasai, itxi begiak eta erlaxatzen saiatu zure arnasketan konzentratuz: arnastu sakonki eta poliki, airea mantendu, poliki kanporatu eta segundu batzuk itxaron berriz hasi baino lehen.

Ez zaizu ezer gertatuko bost minutu beranduago idazten hasten bazara eta horrela, blokeo mentala sortzen duen larritasuna gutxitzea lortuko duzu. Pixkanaka ideiak burura bueltatuko zaizkizula nabarituko duzu. Irakurri azterketa osatzen duten galdera guztiak eta hasi zuretzat errazena izan daitekeena erantzuten. Modu horretan konfidantza handiagoa igerriko duzu eta memoriari buelta ematea lortuko duzu.

Normala da ahozko azterketa batean idatzizko azterketa batean baino urduriago izatea. Ahozko azterketetan izan ditzakezun zalantza eta segurtasun falta guztiak agerian geratzen dira.

Horregatik, ahozko azterketa bat burutu behar baduzu, oso garrantzitsua da, are gehiago, ikasketa modua ondo planifikatzea. Kasu honetan, edukiak ondo ikasteaz gain, zure azalpena ere ondo prestatu beharko duzu. Horretarako, ispilu baten aurrean edo senide/lagun batekin praktikatu ahal duzu. Jendearen aurrean gai hauen inguruan hitz egitera ohitzen zaren heinean gutxiago kostatuko zaizu zure irakaslearen aurrean egitea.

Zenbait ikaslek azterketak gainditzeko 'bidezidorrak' hartzeko tentazioa izaten dute, 'txuletak' prestatuz etab. Tranpak egitea zuzena ez dela eta harrapatzen bazaituzte deskalifikatua izango zarela alde batera utzita, txuleta bat prestatzeko erabiltzen duzun denbora horretan, seguruenik, kopiatzeko prest zauden eduki hori ikasteko gai izango zara.

Ahaztu era guztietako estimulatzaileak. Ez dute inolako ezagupenik ematen eta ezta planifikazio egoki batek eman ahal dizun ezer. Hauekin lortzen duzun bakarra nekea atzeratzea da, baina kontutan izan agian momenturik okerrenera eraman ahal dutela.

Era berean, sakonago ikasten ari zaren egun horietan ekiditu zure tentsio emozionala haz dezakeen edozein jarduera (adibidez, bideo-jokoak). Jarduera hauek arreta maila jaisten dute eta horrek modu negatiboan eragingo du ikasteko duzun gaitasunean.

Eta jende askok kontrakoa pentsatzen badu ere, jarduera fisikoa egiteak mesede egin ahal dizu. Jarduera hauek, neurriz eginda (ez egin maratoi bat), estresa eta larritasuna deskargatzen lagun dezakete.