"Nola hasi eta garatu unibertsitateko ikasketak" bideotutoriala
Gogoratu
- Unibertsitatean, gai baten inguruko ezagutzak lortzeko aukera izango duzu, bestelako ikasketa ofizialekin lortuko ez dituzunak.
- Gradu ikasketak burutzeak neke eta esfortzu handia eskatuko dizu baina, era berean, gogobetetasun handia eta lan merkatuan sartzeko aukera handia ere eman ahal dizu.
- Unibertsitatean sartu ahal izateko, normalean, sarbide proba bat burutu beharko duzu (USP/Selektibitatea) eta baita eskatzen den gutxieneko onarpen-nota gainditu ere.
- Graduak unibertsitate ikasketetako lehen maila edo zikloa dira. Normalean, 240 ECTS kredituko iraupena dute, hots, 4 ikasturte.
- Bolonia Planarekin Europako unibertsitate ikasketa berriak erkatu dira.
- Behin graduatu titulua lortuta lan merkatuan sartzeko edo trebatzen jarraitzeko aukera izango duzu.
- Graduondoko unibertsitate ikasketetako bigarren maila edo zikloa dira eta master eta doktoretzaz osatzen dira.
Informazio gehiago
Unibertsitateko gradu bat ikastea oso erabaki garrantzitsua da eta esfortzu handia eskatuko dizu baina, era berean, gogobetetasun handia ere eman ahal dizu.
Zure bokazioa garbi baduzu, unibertsitatean alor horren inguruan beste inon lortuko ez duzun jakintza maila lortzeko aukera izango duzu.
Gainera, esperientziak azaldu duenez, zenbat eta ikasketa maila altuagoa izan orduan eta lan aukera gehiago.
Hau guztia gutxi iruditzen bazaizu, unibertsitateak trebatzen lagunduko zaitu, bai kultural eta intelektualki eta baita maila pertsonalean ere.
Unibertsitatera iristeko modu desberdinak daude.
Ikasle gehienak batxilergo eta, 'selektibitatea' izenarekin ezagutzen dugun, ondorengo sarbide proba baten bidez iristen dira.
Baina Lanbide Heziketako goi mailako trebakuntza ziklo baten bidez edo adin eta lan esperientziaren araberako bestelako sarbide proben bidez ere sar zaitezke.
Adibidez, Lanbide Heziketako Goi Teknikari titulua (Goi mailako zikloa) lortu baduzu, graduko unibertsitate-ikaskuntza ofizialetan sartzeko aukera izango duzu sarbide probarik egin gabe. Ikasi nahi duzun gradu horretan eskaera kopurua eskaintzen diren plaza kopurua baino handiagoa bada, sarbide probaren berariazko fasera aurkeztu ahal izango zara.
25 urte baino gehiago badituzu, aldiz, bada sarbide proba berezi bat. Honek, ohiko probaren antzeko formatua du.
Azkenik, unibertsitate aurreko ikasketak atzerrian burutu dituzten ikasleek ere unibertsitatean sartzeko aukera dute. Kasu hau konplexuagoa da, sartzeko aukera lortutako ikasketa mailaren araberakoa (unibertsitate aurrekoak edo unibertsitate mailakoak) eta jatorrizko herrialdearen arabera izango baita (ezberdin Europar Batasuneko herrialde batekoa izatea ala ez).
USP edo Selektibitatea batxilergoa amaitzerakoan egiten den azterketa da eta, honen bidez, ikasleek unibertsitate ikasketak burutzeko duten gaitasuna neurtzen da.
Proba hau bi fasetan banatzen da:
-
Lehenengo fasea proba orokorra da eta derrigorrezkoa da.
Fase honetan batxilergoan irakatsitako ikasgaiak ebaluatzen dira eta, bataz beste, 4 puntu baino gehiago lortu behar dira fase hau gainditzeko.
-
Bigarren fasea berariazko proba da eta aukerakoa da.
Fase honek bataz besteko nota igotzeko balio du baina 5 puntu baino gehiagoko nota atera beharko duzu kontuan hartu ahal izateko. Burutu nahi duzun graduan eskaintzen den plaza kopurua oso mugatua bada eta kanpoan gera zaitezkeela uste baduzu, fase hau egitea komeni zaizu.
Graduaren baitan onarpen-nota altuagoa ala baxuagoa izan daiteke.
USP burutu ostean onarpen nota bat lortuko duzu (zenbait kasutan bi, berariazko fasea ere egin baduzu). Nota hau batxilergoan lortutako bataz besteko nota bider 0,6 eta USPren fase orokorrean lortutako nota bider 0,4 arteko baturaren emaitza izango da. Ekuazio honen emaitzak bost baino gehiago izan behar du unibertsitatean sartu ahal izateko.
Onarpen-nota = Batxilergoko Bataz Besteko Nota x 0,6 + USP Fase Orokorreko Nota x 0,4.
USP egiteko bi deialdi izaten dira urtean zehar, ohiko deialdia ekainean eta ez-ohikoa uztailan.
Fase orokorra gainditzeak balio mugagabea du; Berariazko Fasean lortutako notak, aldiz, hau egin den ikasturtetik hasita hurrengo beste bi ikasturteetarako soilik balio izango du.
Ikasi nahi duzun graduan eskatzen den gutxieneko onarpen-nota gainditu baduzu zure graduko ikasketak burutzeko sarbidea duzu.
Euskadin hiru unibertsitate dituzu (UPV/EHU, unibertsitate publikoa eta Deusto eta Mondragon Unibertsitateak, biak pribatuak). Gainera, badira Euskadikoak izan ez arren gure artean zentroren bat duten unibertsitateak ere (TECNUN, Nafarroako Unibertsitateko Ingeniaritza eskola edota UNED, Urrutiko Hezkuntza Unibertsitate Nazionala). Azkenik, baduzu bestelako autonomia erkidegoko edo atzerriko unibertsitate batera joateko aukera ere.
Aipatu unibertsitate hauetako batera joan ahal izateko, aldez aurretik izena eman behar duzu. Zure Autonomia Erkidegoko unibertsitate publikoan ikasi nahi baduzu, Euskadiren kasuan UPV/EHUn, izen emate hau zure ikastetxearen bidez egin ahal duzu. Beste unibertsitateren batean ikasi nahi baduzu, zure ardura izango da aurre izen-emate hori egitea.
Kasu bietan, oso garrantzitsua da behin onarpen-nota lortuta izen-emate hori konfirmatzea. Hau egiten ez baduzu, lortutako plaza gal dezakezu.
Gradu bat unibertsitate ikasketetako lehen zikloa da.
Gradu ikasketen xedea izaera profesionaleko jarduerak burutzeko bideratutako trebakuntza orokorra ematea da. Izendapen hau Europa mailan unibertsitate ikasketak parekatzen dituen Bolonia Plana delakoaren ezarpenarekin hartu da. Lehen, Diplomatura (3 ikasturte) eta Lizentziatura (5 ikasturte) izendapenak erabiltzen ziren.
Bolonia Planaren ezarpenarekin, normalean, graduek 240 ECTS kredituko (European Credit Transfer and Accumulation System) iraupena dute, hau da, 4 ikasturte.
Zure gradu ikasketak arrakastaz amaitzen badituzu, graduatu titulua eskuratuko duzu. Horretarako, Gradu Amaierako Lan bat prestatu eta defendatu beharko duzu. Honek, 6 eta 30 ECTS kreditu bitartean izan beharko ditu.
ECTS kreditua unibertsitateko emaitza akademikoak neurtu eta ebaluatzeko Europa osoan erabiltzen den sistema da.
Kreditu batek 25-30 orduko iraupena du eta ikasturte bakoitzerako aurreikusitako kreditu kopurua 60koa da.
Bai, noski. Ia gradu gehienek lan merkatuan barneratzeko beharrezkoa izango duzun gutxieneko prestakuntza emango dizute. Dena den, ezaugarri bereziak dituzten zenbait lanbidetarako, hala nola, abokatuak, bigarren hezkuntzako irakasleak edo ingeniariak, gradua ez ezik, master bat ere ikasi beharko duzu.
Bai, ahal duzu eta, modu batera edo bestera, trebatzen jarraitu beharko duzu.
Gradu batek lan merkatuan sartzeko aukera ematen badizu ere, hau etengabe aldatzen da eta, horregatik, zure ezagupenak ere etengabe eguneratu beharko dituzu.
Gradu bat lortu izanagatik zure burua prestatzen jarraitu behar ez duzula uste baduzu, oso oker zaude.
Lan merkatuan sartu gabe zure burua trebatzen jarraitu nahi baduzu, unibertsitatean horretarako aukera izango duzu eta espezializazio handiagoa lortuko duzu graduondoko ikasketen bidez.
Jende askok ezagutzen ez duen aukera Lanbide Heziketako Goi Ziklo bat burutzea da. Unibertsitatean ikasi duzun graduaren eta Lanbide Heziketan burutu nahi duzunaren baitan, hainbat ikasgai baliozkotu ahal izango dituzu eta zure curriculuma aberastuko duen prestakuntza praktikoa eskuratzeko aukera izango duzu.
Zure prestakuntza gradu baten lorpenarekin amaitzen ez dela ulertu behar duzu. Graduondoko, Lanbide Heziketako goi ziklo, uda ikastaro edota bestelako trebakuntza ikastaroren batean ikasten duzun guztiak trebakuntza handiagoko profesionala egingo zaitu.
Graduondoko ikasketek unibertsitate ikasketetako bigarren eta hirugarren zikloa osatzen dute. Graduondokoak izan daitezke:
-
Masterrak: Unibertsitate ikasketetako bigarren zikloa osatzen dute: Ezaugarri berezitudun edo diziplina anitzekoak diren ikasketa hauek prestakuntza aurreratuari ekiten diote.
60 eta 120 ECTS kreditu arteko iraupena izaten dute (1-2 ikasturte). Aipatu epearen amaieran, 6 eta 30 ECTS kreditu bitartean izan behar dituen Master Amaierako Lana prestatu eta defendatu beharko duzu.
-
Doktoretza: Unibertsitate ikasketetako hirugarren zikloa osatzen dute eta ikerketa jardueretarako trebakuntza aurreratua eskaintzen dute.
Doktoretza amaitzeko ezinbestekoa da jatorrizko ikerketa lan batean oinarritzen den doktoretza-tesi bat prestatzea eta defendatzea. Fase hau gainduta doktore titulua lortzen da. Hau goi hezkuntzan lor daitekeen mailarik gorenena da eta irakaskuntzarako eta ikerketarako ahalduntzen du.
Jakina. Gainera asko baloratzen den zerbait da.
Hainbat aukera dituzu: gradu osoa atzerrian ikasi, zure ikasketen epe bat bakarrik, graduondoko ikasketak...
Dena den, kontuan izan beharko duzu atzerrian ikastea oso garestia izan daitekeela: matrikula eta tasak, bidaiak, ostatua, garraioak... Edozein laguntza eskertuko duzu.
Zure kabuz atzerrian ikasi nahi baduzu, garbi izan beharko duzun lehen gauza zein unibertsitatera joan nahi duzun izango da. Behin erabaki hori hartuta, unibertsitate horrekin eta herrialde horretako enbaxadarekin harremanetan jarri beharko duzu zein baldintza bete behar dituzun egiaztatzeko: unibertsitatean sartzeko baldintzak, plaza eskaintza eta burutu beharreko bestelako izapideak. Hainbat kasutan, bertako hizkuntzan edo ingeles hizkuntzan duzun maila egiaztatzea eskatuko dizute.
Unibertsitateren batean ikasten ari bazara eta zure ikasketen zati bat atzerrian burutu nahi baduzu, unibertsitate ikasleen mugikortasuna sustatzen duten programaren batean har dezakezu parte.
Hauen guztien artean, agian, gehien entzungo zenuena Erasmus+ da. Hau Europa mailako programa bat da eta EB osatzen duten herrialdeetako unibertsitateren batean ikasteko aukera emango dizu. Baina izan badira munduko beste lekuetan ikasteko aukera emango dizuten bestelako programak ere.
Edozein kasutan, unibertsitate ikaslea bazara eta hauetako programaren batean parte hartu nahi baduzu, zure unibertsitatearekin kontaktatu beharko duzu aukera hauen guztien inguruan informatzeko.