Landa-ingurunean bizitzea, aukera bideragarria
egilea: Gazteaukera,
Gazteek zailtasunak dituzte gurasoen etxetik irteteko. Besteak beste, ohiko aukerak dira etxebizitza partekatzea edo etxebizitza babestu bat lortzen saiatzea. Baina ez dira aukera bakarrak; badira beren bizi-proiektua garatzeko hiritik landa-ingurunera begiratzen dutenak. Kasu batzuetan, koronabirusaren krisiak piztu du udalerri txiki batean bizi nahi izateko gogoa, halako herrietan nork bere aukeren eta nahien araberako etxebizitza bat erosteko nahia.
Gainera, telelanak eta lan-malgutasunak espazioaren eta lanpostuaren arteko logika apurtzeko aukera ematen dute. “Etxetik egindako lana” etengabe hazten ari zen Interneti esker, baina ez zen orokortu COVID-19a iritsi arte. Jakina, landa-ingurunean bizitzeko eta telelana egiteko erabakia hartzeko, ezinbestekoa da lan egonkorra izatea; hala ere, frogatu da Internet duen edozein lekutatik hainbat eta hainbat lan gara daitezkeela.
Konfinamenduaren ondoren, hirietako etxeek dituzten mugez jabetu gara, eta landa-munduari begiratzera eraman gaitu horrek, eremu zabalak eta ingurune naturalarekiko hurbiltasuna bilatu nahi izatera. Horrela, areagotu egin da biztanle gutxiko guneetan etxebizitza erosteko interesa.
Landa-inguruneko etxe batek, wifi konexioarekin, balio handia izan dezake online lan egiteko espazio gisa, hiriko etxebizitzek baino leku gehiago eskain dezake, eta erraztasun handiagoak ematen ditu laneko espazioa eta eguneroko bizitzako espazioa bereizteko. Gainera, laneko eraginkortasuna eta produktibitatea erraztu ditzake, distrakzio gutxiago dagoelako eta lasaitasun-maila handia delako.
Oro har, landa-inguruneko bizitzak baditu zenbait eragozpen; esate baterako, osasun- eta hezkuntza-zerbitzuak mugatuagoak dira, bai eta kultura-eskaintzak ere; baina, era berean, baditu bere alderdi onak: ingurumenarekiko harremana orekatuagoa da, ekintzailetza garatzeko aukera ematen du, eta denboraren eta osasunaren kalitatea hobea da, besteak beste.
Azken batean, hirian etxebizitza bat eskuratzeko zailtasun ekonomikoak beste bide batzuez hausnartzera eta aukera berriak irekitzera bultzatu ditzake gazteak, eta, aldi berean, landa-inguruneak sustatzea ere lor daiteke horrekin.