Abenduaren 18a, Migranteen Nazioarteko Eguna

Argitalpen-data: 

Euskadiko 15 eta 29 urte bitarteko gazte gehienek (% 63,7k) ahalik eta gehien erraztuko lukete atzerritik datozen etorkinen sarrera

Eustatek (Euskal Estatistika Erakundea) argitaratzen duen Biztanleen Udal Estatistikako datuen arabera, 2020ko urtarrilaren 1ean Euskadin bizi ziren atzerriko nazionalitatea zuten pertsonak 184.916 ziren, hau da, Euskadin bizi zen biztanleriaren % 8,4k atzerriko jatorria zuen. Ehuneko hori zertxobait handiagoa zen Araban (% 9,9) eta txikiagoa Bizkaian (% 7,9); Gipuzkoan, berriz, batez bestekoaren antzekoa da (% 8,5).

2020an bertan, Gazteen Euskal Behatokitik 15 eta 29 urte bitarteko Euskadiko 1.500 gazteri galdetu genien gure autonomia-erkidegoan bizi diren atzerritarren kopuruaren inguruan duten pertzepzioari buruz, bai eta, bere ustez, immigrazio-politika egokiena zein izan beharko litzatekeen ere.

Bi galdera horiek "Euskadiko Gazteak 2020/2021" txostenean jaso dira (gaur egun lantzen ari gara txosten hori). Gazteen Euskal Behatokiak lau urtean behin egiten ditu Euskadiko Gazteak izeneko txostenak; baina 2020ko edizioan, Covid19aren pandemiak sortutako egoera zela eta, ez ziren galdera batzuk sartu eta horiek 2021ean egindako beste inkesta batean sartu ziren. Txostenak 2020ko eta 2021eko bi inkestetan jasotako datuak bilduko ditu.

Inkestatutako hamar gaztetik batek (% 9,1) uste du atzerritar gehiegi bizi direla Euskadin. Gehienen ustez, atzerritar asko daude, gehiegi izan gabe (% 65,6). Aitzitik, % 12,4k uste du gutxi direla, eta gainerako % 12,8k ez du horri buruzko iritzirik eman.

Bizkaia da atzerritar gehiegi edo, gehiegi izan gabe, dezente daudela uste duten gazte gehien dituen lurralde historikoa, eta hori bereziki deigarria da, atzerritar nazionalitatea duten pertsonen ehuneko txikiena duen lurraldea baita.

Euskadin bizi diren beste herrialde batzuetatik etorritako pertsonen kopuruari buruz, 15-29 urteko euskal gazteek duten iritzia, sexuaren, adin-taldeen eta bizi diren lurralde

Bestalde, gazteei zein izan beharko litzatekeen immigrazioari begira politikarik egokiena galdetu zaie, eta, gai horri heltzeko, oso bestelako egoerak planteatu zaizkie gazteei: beste herrialde batzuetako pertsonen sarrera ahalik eta gehien erraztea, etorkinen sarrera debekatzea edo bitarteko aukera bat, lan-kontratua dutenei bakarrik sartzen uztea.

Euskadiko gazte gehienak etorkinen sarrera ahalik eta gehien erraztearen aldekoak dira (% 63,7). Beste % 28,2k lan-kontratua dutenei baino ez lieke sarrera erraztuko. Langile etorkinak sartzea debekatuko luketenen ehunekoa % 0,5era mugatzen da gazte guztien artean. Gainerako % 7,7ak ez daki edo nahiago du bere iritzia ez eman.

Emakume gazteak gizon gazteak baino gehiago dira etorkinen sarrera ahalik eta gehien erraztearen aldekoak. Jarrera horren aldekoak gehiago dira 25 urtetik beherako gazteen artean, 25-29 urtekoen artean baino. Bestetik, ez dago alde nabarmenik lurralde historikoaren arabera.

Langile etorkin atzerritarrei dagokienez, zein den neurririk egokiena 15-29 urteko euskal gazteen iritziz, sexuaren, adin-taldeen eta bizi diren lurralde historikoaren arabera