2021ean, Euskadiko 30 urtetik beherako hamar gaztetik lauk esan dute boluntario-lanak egiten dituztela edo egin izan dituztela
2021ean boluntariotza-jardueretan parte hartu izan duten galdetu diegu 30 urtetik beherako gazteei. % 11,5ek gaur egun egiten dituela erantzun du, 2016an izandako ehuneko berdina ia. Baina aurretik egin izan dituztela diotenen ehunekoa aztertuz gero, ikus dezakegu 2021ean jasotakoa aurreko urteetakoa baino handiagoa dela. Horrek zerikusia izan dezake 2020ko etxeko konfinamenduaren lehen asteetan sortu ziren ekimen antolatu eta/edo bat-batekoekin, horietako askotan gazteak egon baitziren inplikatuta.
Ondoriozta dezakegu, beraz, boluntariotza-lanak egin izan dituzten gazteen kopuruaren bilakaera oso positiboa izan dela.
Gaur egun boluntario-lanak egiten dituztela dioten gazteen ehunekoari erreparatuz gero, ikusiko dugu handixeagoa dela emakumeen artean (% 12,3) gizonen artan baino (% 10,7).
Ehunekorik handiena 20 eta 24 urte bitartekoei dagokie (% 14,9). Bestetik, 15 eta 19 urte bitartekoen artean, % 10,2k egiten ditu gaur egun boluntario-lanak eta 25-29 urtekoen artean % 9,5ek, hau da, azken adin-talde honetan jaso da ehunekorik txikiena.
Jarduera-eremu nagusia haurrekin eta gazteekin lotutakoa da; izan ere, gaur egun boluntario-lanak egiten dituzten gazteen % 39,0k arlo horretan egiten ditu.
Gainera, % 15,5ek dio boluntario-lanak egiten dituela pobrezia desagerraraztearekin, garapenerako lankidetzarekin, etorkinei edo errefuxiatuei laguntzearekin eta abarrekin lotutako jardueretan; beste % 7,8k kulturaren eta/edo ondare artistikoaren edo kulturaren esparruan; % 6,9k, ekologiaren eta ingurumenaren arloan; % 6,6k, desgaitasunaren eremuan; beste % 5,7k, nagusiekin lotutako jardueretan eta gainerakoek pisu portzentual txikiagoa duten eremuetan, hala nola, osasunean, adikzioetan edota larrialdietan.
Aurkeztutako datuak “Euskadiko gazteak 2020/2021” txostenaren aurrerapena dira. Gazteen Euskal Behatokiak Euskadiko Gazteak izeneko ikerketak egiten ditu lau urtean behin; baina 2020ko edizioan, Covid19aren pandemiak sortutako egoera zela eta, ez ziren galdera batzuk sartu, boluntariotzari buruzkoak kasu, eta horiek 2021ean egindako beste inkesta batean egin ziren. Txostena osatzeko 2020ko eta 2021eko bi inkestetan jasotako datuak biltzen ari gara.