Elkarrizketa Irati García López de Aguileta, Beldur Barik-eko Idazkaritza Teknikoaren heziketa-edukien arduradunarekin
- Zergatik gazteekin Beldur Barik programaren inguruan lan egiten duten pertsonei zuzendutako prestakuntza hau?
Garrantzitsua da gazteekin harreman zuzena duten pertsonekin lan egitea, indarkeria matxista prebenitzeko lanak eragin handiagoa izan dezan. Hezkuntza ez-formaleko eta aisialdiko espazioek denboran zehar eutsitako prozesuak abiarazteko aukera ematen dute, gazteen balioak eta jarrerak benetan aldatu ahal izateko. Eta hori da programaren filosofia.
Denboran zehar eta modu informalagoan lan jarraituak aukera asko eskaintzen ditu, bertan sortzen diren harreman motengatik. Hezitzaileak eta begiraleak erreferentzia-figura garrantzitsuak dira gazteentzat, eta, Beldur Barik prozesuetan lagun diezaieten, ezinbestekoa da prestakuntza izatea.
- Nola definituko zenuke labur Beldur Barik programaren filosofia?
Indarkeria matxistaren ikuspegi bat da, egiturazkoa dela adierazten duena; biktima/erasotzaile dikotomiari uko egiten diona eta indarkeria matxista gazteen egunerokotasuneko adierazpenetan begirada jartzen duena; estigmatizazioa eta biktimizazioa gainditzen dituena; eta tonu positibo eta proaktiboan lan egiten duena: betez ere, neskekin ahalduntzea eta mutilekin kontzientzia hartzea eta erantzukizuna landuz.
Programaren prebentzio-ikuspegia gazteen jarrerak eta balioak eraldatzera bideratutako hausnarketa-prozesuetan oinarritzen da. Eta parte hartzen duten eragileek prozesu horietan gazteak lagundu ahal izateko, programak heziketa-tresna ezberdinak eta horiek erabiltzeko aholkularitza-zerbitzu bat eskaintzen ditu, idazkaritza teknikoaren bidez.
- Zergatik ikus-entzunezko lehiaketa bat?
Ikus-entzunezko lehiaketa programako lan-tresna nagusia da. Lehen aipatutako prozesu horietara animatzeko, gazteekin konektatzen duten formatuak erabili behar dira. Hala ere, garrantzitsuena bideoak prestatzeko prozesuan lantzen den edukia da eta ez hainbeste ikus-entzunezkoen kalitatea. Hauek aitzakia gisa balio dute, arte-adierazpenen bidez, neskek eta mutilek egungo desberdintasun-egoerari nola aurre egiten dioten landu ahal dute eta berdintasunean, askatasunean, autonomian, erantzunkidetasunean eta indarkeria sexistaren gaitzespen irmoan oinarritutako portaerak eta jarrerak bereganatu.
Gainera, ikusi da ikus-entzunezko formatuak gaur egun ere funtzionatzen duela, eta, batzuetan, lehiaketaren pizgarriak gazteak gai hori lantzen hastea errazten du.
Urteetan zehar aldaketak egin dira lehiaketan. Adibidez, eztabaidarako eta hausnarketarako tresna berriak sortu dira, eta lehiaketako kategoriei dagozkien lan-ardatzak eta adin-tarteak aldatu dira.
- Zer nabarmenduko zenuke edizio honetatik?
Edizio honetan, hezkuntza ez-formaleko testuinguruetara zuzendutako heziketa-tresnen gida nabarmenduko nuke, dinamika berriekin eguneratu dena. "Tresna-lapiko" formatuari eusten zaio, eta, hala, dinamizatzaileek edo gazte teknikariek malgutasuna dute hainbat ibilbide eta aukera hautatzeko, indarkeria matxistari buruzko hausnarketa-prozesuak laguntzeko lan egiten duten gazteekin. Heziketa-tresnen dokumentu honek terminoen glosario bat du, erabilgarria izan daitekeena.
Heziketa-tresnekin lotutako laguntza gida ere azpimarratuko nuke, eta, are gehiago, gazte-taldeekin Beldur Barik prozesuak hasi aurretik hura kontsultatzearen garrantzia azpimarratuko nuke, bertan oinarrizko kontzeptu- eta teoria-markoa eta edukiak lantzeko jarraibideak ematen baitira.
Aurten, iaz bezala, Sinopsi Lehiaketa deituko da Lehiaketaren aurreko urrats gisa. Bertan, gazteak beren lanen lehen ideia bat bidaltzera animatzen dira, eta, horrela, ikus-entzunezkoa sortzea prozesu-lana izan dadin bultzatzen da. Gainera, programaren sare sozialen eta webgunearen edukia indartuko da ere, batez ere udan.