2020ko urtarrilaren 1ean, Euskadik 2.199.711 biztanle zituen. Biztanle horietatik 303.209 15 eta 29 urte bitarteko gazteak ziren: % 51,2 gizonak (155.214) eta % 48,8 emakumeak (147.995).
1975ean, Euskadik 2.000.000 biztanleen muga gainditu zuen lehen aldiz, eta ordutik hona, Euskadiko biztanleriaren hazkundea txikia izan da. Gazteen kopurua, aldiz, etengabe eta nabarmen jaitsi zen 2015ra arte; orduan 286.378 gazte zeuden, eta ordutik aurrera badirudi gora egiten ari dela, oso erritmo motelean bada ere.
Euskadiko 15 eta 29 urte bitarteko biztanleria gaztearen eta biztanleria osoaren bilakaera (zifra absolutuak)
Iturria: EUSTAT (Biztanleen udal-estatistika)
2016 eta 2019 artean gorakada txiki hori egon den arren, Euskadiko 15 eta 29 urte bitarteko biztanleriak 2005. urtetik (396.135 pertsona) 2020ra (303.209) bitartean izan duen bilakaera ikusita, ondoriozta dezakegu azken 15 urteetako joera beherakada argia izan dela.
15-29 urteko biztanleria gaztearen bilakaera (zifra absolutuak)
Iturria: EUSTAT (Biztanleen udal-estatistika)
15 eta 29 urte bitartekoen kolektiboa bost urteko adin-taldetan banatuta, ikusten da banaketa nahiko homogeneoa dela: 15-19 urtekoen taldean, kolektibo horretako pertsonen % 34,1 daude (103.343 pertsona), 20-24 urtekoen taldean, % 32,5 (98.502 pertsona) eta 25-29 urtekoen taldean, berriz, % 33,4 (101.364 pertsona).
15 eta 29 urte bitarteko biztanleria gaztea, bost urteko adin-taldeen eta sexuaren arabera, 2020an (zifra absolutuak)
Iturria: EUSTAT (Biztanleen udal-estatistika)
Lurralde historikoen arabera, Euskadiko 15 eta 29 urte bitarteko biztanleen % 51,1 Bizkaian bizi dira (154.927 pertsona), % 34,1 Gipuzkoan (103.535 pertsona) eta % 14,8 Araban (44.747 pertsona).
Demografia-joera horien ondorioz, gazteen indizeak (hau da, pertsona gazteen proportzioa biztanleria osoan) etengabeko jaitsiera izan du Euskadin azken urteotan eta ondorioz 2020an % 13,8koa da. Balio hori dela eta, Euskadiko gazteen indizea Europako eskualdeetako baxuenetako bat da. Kontinente zahartua da Europa; hain zuzen ere, 2019an, 28en EBko gazteen batez besteko indizea % 16,9 zen.
Euskadiko gazteen indizearen bilakaera (%)
Iturria: Gazteen Euskal Behatokia, EUSTATen datuak oinarri harturik (Biztanleen udal-estatistika)
Bestalde, 15 eta 29 urte bitarteko pertsonen eta 64tik gorakoen artean erlazio bat ezartzen badugu, datuek berriro ere erakusten digute gazteek pisu espezifikoa galdu dutela biztanleria osoari dagokionez. 2010ean, 79,2 gazte zeuden 64 urtetik gorako 100 pertsonako; 2020an ratio hori 60,4ra jaitsi da.