- Ikastaro honen azken edizioan, erabaki zenuten hezkuntza formal eta ez-formaleko kideak bi taldeetan banatzea. Zein balorazio egiten duzu?
Lehen, hezkuntza formal eta ez-formaleko agenteak elkarrekin egiten zuten lanketa. Esperientzia oso aberasgarria izan zen. Parte hartzaile bakoitzak bere eremuko kezka eta errealitateak ekarri zituen eta honek gazteekin egiten den lanaren ikuspegi integralagoa ematen zion ikastaroari. Ikastaroak ordea, lan eremurako baliabide praktikoak eskaintzea zuen helburu nagusietako bat. Nahiz eta baliabide ezberdinak partekatu, ebaluaketari esker jakin genuen parte hartzaileen ustez baliabideetan ez genuela nahikorik sakontzea lortzen. Horregatik, aurreko urtean lan eremuak bereiztea erabaki genuen. Horrela, parte hartzaileen beharrei hobeto erantzungo geniela pentsatzen baikenuen.
Parte-hartzaileen aldetik balorazioak oso positiboak izan ziren. Alde batetik, ikastaroa testuinguru zehatz batean kokatzeak lan ildo, material eta metodologia egokitzeko aukera ematen du. Gainera, lan eremu berdineko taldeak osatzeak ez du esan nahi talde hauetan aniztasunik ez dagoenik. Aurreko urtean hezkuntza formaleko taldean DBH eta batxilergoko hainbat ikastetxetako irakasle, orientatzaile eta hezkidetza arduradunek hartu zuten parte, baita lanbide heziketako eta berritzegune ezberdinetako hainbat kidek. Horrek, hezkuntza formaleko errealitate anitzak ikusarazi zituen eta errealitate bakoitzari egokitzen zitzaizkion estrategia ezberdinak partekatu genituen.
Hezkuntza ez-formaleko taldeak ere anitzak izan ziren: gaztelekuetako hezitzaileek hartu zuten parte batez ere, baita indarkeria sexistaren prebentzioa lantzen duten elkarte ezberdinetako kideek edo pisu tutelatuetako profesionalek. Beraz, talde hauek ere anitzak bezain aberasgarriak izan ziren. Esan beharra dago eremu honetan hutsune bat sumatu zela. Hau da, lanerako baliabide ezberdinak eskaini eta partekatu ziren, baina lan metodologia batzuetan trebatzeko eta sakontzeko beharra nabarmendu zen. Horregatik, aurten hezkuntza ez-formalekoei zuzendutako ikastaroan saio bat gehiago sartu dugu. Hau da, 2 saio izan beharrean, 3 saio izango dira. Horrela, marko teorikoa azaldu, baliabide anitzak aztertu eta lan-metodologia ezberdinetan trebatuko gara.
- Bai hezkuntza formaleko irakasle askok bai hezkuntza ez-formaleko hezitzaile askok zera diote: “urteak daramatzagu indarkeria sexistaren prebentzioan lanean, baina ez ditugu aldaketak ikusten, egoera ez da hobetzen”. Zer diozu?
Bai, egia da askotan irakasle eta hezitzaileon lana oso lan nekeza izan daitekeela. Hori bai, egindako lanaren eraginkortasuna aztertzeko hainbat elementu izan behar ditugu kontuan:
Batetik, indarkeria sexista egiturazkoa da. Bizitzako arlo guztietan ematen da forma eta intentsitate ezberdinekin eta genero sozializazioarekin lotura zuzena du. Honekin esan nahi dudana da, hezkuntza arlotik lan egin arren, bizitzako beste arloetan nerabeek mezu, jarrera eta arau sexistak jasotzen jarraitzen dute. Beraz, ezinbestekoa da hezkuntzatik beste eragileekin ere elkarlana sustatzea. Esate baterako, familiekin, herri edo auzoetako hainbat elkarteekin, udaleko berdintasun sailekin, eta abar.
Bestetik, egia da bai hezkuntza ez-formalean bai formalean hezkidetza eta indarkeria sexistaren prebentzioan lan asko egiten dela. Askotan irizpide gabezia egoten da, ordea. Hau da, lanketa eraginkorra izatea nahi badugu, denak ez du balio. Prozesuzko ikuspegia izan behar dugu, irakasle eta hezitzaileek formazioa behar dute, eragile ezberdinekin koordinatu behar gara, nerabeen beharretara egokitzen diren metodologia eta edukiak landu behar ditugu eta abar.
- Zergatik animatuko zenuke jendea ikastaroan parte hartzera?
Espazio gutxi daude non eremu berdineko pertsonek beraien kezka, zalantza eta errealitatea partekatu ditzaketen. Ikastaro honek, espazio hori eskaintzen du. Alde batetik, indarkeria sexistari buruzko formazioa eskainiko dut, baina partekatzeko aukera ere izango da. Gainera, pandemia dela eta on-line ikastaroak ugaritu dira. On-line formatuak onura asko ditu, baina aurrez-aurrekoak partekatzeko, saretzeko eta errealitate eta bizipen anitzak ezagutzeko aukera bikaina eskaintzen du.