Euskadiko lau gaztetik hiruk interes handia edo nahiko handia dute klima-aldaketaren inguruan

Argitalpen-data: 

Pasa den hilean, azaroan, online inkesta batean, Euskadiko 15 eta 29 urte bitarteko 1.701 gazteri galdetu zitzaien gaurkotasuneko hainbat gaitan interesa ote zuten. Horietatik, gazteentzat interesik handiena sortzen duena klima-aldaketa da. Gazteen % 34,0k esan du interes handia duela gai horretan, eta beste % 40,4k nahikoa interes duela. Inkesta Dubaiko Klimaren Goi-bileraren (COP28) aurreko egunetan egin zen, azaroaren 30etik abenduaren 12ra bitartean izan baita goi-bilera hori.

Euskadiko gazteentzat bigarren gairik interesgarriena Espainiako gobernu-eraketa izan da. Gogoratu behar da Pedro Sanchezen izendapena presidente gisa azaroaren 16an izan zela eta aldez aurretik negoziazioak egin zirela bozketarako beharrezko babesa lortzeko. Euskadiko gazteen % 30,1ek interes handiz jarraitu dute gobernua osatzearekin lotutako guztia, eta beste % 36,9k nahikoa interesekin.

Hirugarren gaia, euskal gazteriak erakutsitako interesaren arabera, Gazako gerra da. Hamasek Israelen urriaren 7an egindako eraso terroristaren eta Israelek Gazaren gainean urriaren 8an egindako erasoaldiaren ondoren piztu zen gerra. Gazteen % 25,5ek interes handia izan du gai horretan, eta beste % 37,8k nahikoa interes adierazi du.

Mediterraneoko migrazio-krisia laugarren postuan dago. 2023an nabarmen handitu da Europara Mediterraneo erdialdetik iritsi nahi duten migratzaileen fluxua, baita saiakera horretan hildako edo desagertutako pertsonen kopurua ere. Gobernuz Kanpoko Erakundeek behin eta berriz salatu dute gobernuen jokabidea eta erreskateak egiteko dituzten zailtasunak. Gazteen % 19,2k diote interes handia dutela gai horren inguruan, eta beste % 34,5ek nahikoa interes dutela.

Ukrainako gerra, 2022ko otsailean hasi zena, bosgarren lekuan geratu zen. % 10,5ek interes handia du gai horretan, eta beste % 37,9k nahikoa interes.

Inkestan planteatutako gaietatik gazteei interes gutxien sortarazten diena Covid19a da. Pandemia 2020an hasi zen, eta etxeko eta udaleko konfinamenduak eragin zituen. Hala ere, 2023ko azaroan, gazteen % 4,0k baino ez zuen interes handia gai horretan, eta % 12,4k nahikoa interes zuen.

Zenbateko interesa izan du 2023ko azaroan 15 eta 29 urte bitarteko Euskadiko gazteriak gaurkotasuneko hainbat gaitan (%)

Jarraian, batera hartuko ditugu planteatutako gai bakoitzean interes handia edo nahikoa sentitu dutela diotenak, gazteen sexuaren edo adinaren arabera alderik dagoen ikusteko.

Ia ez dago alderik emakume eta gizon gazteen artean gai desberdinekiko duten interesari dagokionez; hala ere, egia da gizonek interes handiagoa izan dutela Espainiako gobernu-eraketan emakumeek baino.

Planteatutako gai bakoitzean interes handia edo nahikoa interes duten Euskadiko emakume eta gizon gazteen portzentajea  (%)

20 urtetik gorako pertsonek interes handiagoa dute 15-19 urteko pertsonek baino, bai klima-aldaketan, bai gaurkotasun bereziko gaietan 2023an, hala nola Espainiako gobernu-eraketan, Gazako gerran edo Mediterraneoko migrazio-krisian.

Aurreko urteetan garrantzi handiagoa izan zuten beste gai batzuetan, hala nola Ukrainako gerran edo Covid19an, ez dago alde nabarmenik adin-taldeen artean.

Planteatutako gai bakoitzean interes handia edo nahikoa interes duten Euskadiko gazteen portzentajea, adin-taldeen arabera (%)

Inkestak azaroaren 6tik abenduaren 1era bitartean egin ziren.