2023an Familien Nazioarteko Egunak arreta jartzen du aldaketa demografikoaren megatendentzian eta horrek familietan duen eraginean.
Euskadin, 2016an (argitaratutako Inkesta Demografikoaren datu berrienen urtea), 58.100 familia zeuden, zeintzuetan erreferentziako pertsonak 35 urte baino gutxiago zituen. Kopuru horrek Euskadiko familia guztien % 6,5 suposatzen du. Datu horiek ikusita, argi geratzen da gure autonomia erkidegoan oso familia gazte gutxi daudela.
Gainera, zifra hori 2001ean izandakoarekin konparatuz gero (eta horretarako 2001eko Biztanleriaren eta Etxebizitzen Errolda hartu dugu kontuan), ikusten da familia gazteen kopurua, hau da, erreferentziako pertsona 35 urtetik beherakoa denean, asko murriztu dela urte gutxitan: 2001ean 104.916 familia ziren (familia guztien % 14,0) eta 2016an 58.100 familia.
2016ko datuen arabera, familia gazteen % 41,3 pertsona bakarrekoak ziren, % 26,0 seme-alabarik gabeko nukleodunak, hau da, seme-alabarik ez zuen bikote batek osatuak, eta beste % 6,0 pertsona bat baino gehiagokoak, eta pertsona horien artean ahaidetasuna egon zitekeen, baina ez zuten bikoterik osatzen. Hiru kategoria horiek gehituta ikusten da familia gazteen % 73,3k ez zuela seme-alabarik.
Bestetik, familia gazteen % 19,3 seme-alabak zituen nukleodunak ziren, hau da, seme-alabak zituen bikote batek osatuak. Gazteen kasuan ez bezala, familiaren erreferentziako pertsona 35 eta 64 urte bitartekoa zenean, seme-alabak zituen bikoteak osatutako familia mota zen ohikoena (% 49,2).
Gainera, familia gazteen % 5,2 guraso bakarrekoak ziren, hau da, seme-alabak zituen ama edo aita batek osatuak. % 1,9 familia zabalduak ziren, hau da, edozein motatako familia nukleoduna (seme-alabekin edo seme-alabarik gabe) eta bertan pertsona bat edo batzuk bizi ziren elkarren artean ahaidetasuna izanik. Gainerako % 0,3 nukleo anitzeko familiak ziren, nukleo bi edo gehiago zituztenak.