Eider Goiburu gizarte psikologo, sexu hezitzaile eta berdintasun teknikariarekin elkarrizketa

Argitalpen-data: 

Eider Goiburu gizarte psikologo, sexu hezitzaile eta berdintasun teknikariarekin elkarrizketa

Nola landu dezakegu hezkidetza gaur egungo testuinguruan?

  • Urteak daramatzagu hezkidetza lantzen bai hezkuntza formal zein ez-formalean eta irakasle eta hezitzaile batzuen ustez ez ditugu aurrera pausoak ematen. Aldi berean, aurretik ikusten ez genituen jarrera erreakzionarioak agerikoak dira orain gazte batzuen aldetik. Zer ari da gertatzen?

Lehenik eta behin, garrantzitsua iruditzen zait argitzea hezkidetzaren azken helburua guztiok lekua izango dugun gizarte justu bat eraikitzea dela. Gizarte eraldaketa prozesu sakon bat da eta prozesu guztiek dituzte gorabeherak.

Bestetik, garrantzitsua iruditzen zait aitortzea orain arte egindako lana bai mugimendu feministatik baita instituzioetatik eta bereziki hezkuntzatik. Galderan adierazi duzun moduan hamarkadak daramatzagu berdintasunaren alde lanean eta pauso garrantzitsuak eman direla esango nuke. Hezkidetza saioak egiten dira gazteekin, formazio eta hausnarketa espazioak sortzen dira irakasle eta familiekin, ikastetxe asko beraien espazioak birpentsatzen ari dira espazioen erabilera inklusiboa izan dadin. Hau da, bidea egiten gabiltza baina aitortu behar dugu ez dela erraza.

Aldi berean, hezkuntza komunitateak orokorrean eta gazte batzuek, azken urteetan hezkidetzaren kontrako jarrera erreakzionarioak indartu direla salatzen ari dira. Gero eta zailtasun gehiago ditugu Martxoak 8, Azaroak 25 edo Maiatzak 17 bezalako egun esanguratsuetako lanketak egiteko. Orokorrean, mutil gazteak izaten dira lanketa hauek boikoteatzen dituztenak generoan oinarritutako indarkeria eta desorekak ezeztatuz eta gutxietsiz.

Testuinguru sozial hau kontuan izanik, ezinbestekoa da egindako ibilbidea aztertzea eta gaur egun ditugun aukerak eta erronkak identifikatzea. Hau da, hezkidetza lantzeko estrategia berriak pentsatzea, aztertzea eta esperimentatzea.

  • Zein esango zenuke direla gaur egun ditugun aukerak?

Batetik, lehen esan bezala dagoeneko hamarkadak daramatzagu hezkidetza lantzen. Ibilbide bat dugu dagoeneko eta ibilbide honek ezagutza batzuk eman dizkigu.

Bestetik eta hezkuntza formalaren eremuan, hezkuntza lege berriak hezkidetza zeharlerro moduan ezartzen du. Hau da, hezkidetza curriculumean txertatzen du eta jarduera hezitzailean begirada hezkidetzailea izan behar dugula dio.  Hezkuntza ez-formalean ere genero berdintasuna gazteekin lan egiteko ezinbesteko irizpidea da. Beraz, hezkuntza eta gazteria politiketatik lehentasunezko gaia dela aitortzen da.

Azkenik, bai irakasle bai hezitzaile asko oso sentsibilizatuta eta arduratu daude berdintasunarekin. Hortaz, gazteekin lan egiteko motibazio handia dago.

  • Eta erronkak?

Aurretik esan bezala, jarrera erreakzionarioak ditugu gazte batzuen artean. Hezkidetzaren gaia jorratzen dugun profesional ezberdinak honen inguruko hausnarketak egiten ari gara gertatzen ari dena ulertzeko eta estrategia berriak garatzeko.

Balibideak beti dira beste erronka bat. Hau da, hezkidetzari eskaintzen zaizkion denbora eta baldintzak ez dira nahikoak lan sakona egin ahal izateko. Ideiak , sinismenak edo pentsamenduak lantzen ditugu baina benetako eraldaketak emozioetatik dator. Alderdi emozionala da landu behar duguna. Horretarako denbora eta baliabide gehiago behar ditugu. Ia hezkuntza marko berriak baliabide gehiago dakartzan berarekin!

Generoaz gain beste zapalkuntza batzuk jasaten dituzten pertsonek ikusarazi digute indarkeria matxista beste zapalkuntza batzuekin gurutzazen dela. Hau da, arrazakeria, kapazitismoa, lodifobia eta abar. Generoan oinarritutako zapalkuntza lantzeak, beste zapalkuntza eta indarkeria batzuen lanketak ekarri behar ditu derrigorrez. Horretarako, ezinbestekoa da bakoitzak ditugun pribilegio eta zapalkuntzei buruz hausnartu eta kontzientzia hartzea.


  • Guzti hori landuko duzu ikastaroan?

Saiatuko gara!

Aurten eskainiko dudan ikastaroan, lehen helburua testuingurua aztertzea izango da. Hau da, zein da egin dugun ibilbidea? Zein da gaur egun dugun errealitatea?

Bigarren helburua, hezkidetzarako baldintza eta estrategiak garatzea: sexu-genero identitateen aitortza, zapalkuntza ardatz ezberdinak nola gurutzatzen diren aztertzea: indarkerkeria matxista, arrazista, kapazitista, eta abar. (intersekzionalitateak) eta zaintzaren etika integratzea.

Azken helburua, prebentziorako lan-ildoak landuko ditugu: indarkeriaren identifikazioa, talde sozial ezberdinen ahalduntzea eta sexu-heziketa.

  • Zergatik animatuko zenuke jendea ikastaroan parte hartzera?

Hezkuntza komunitateko kideek hausnarketarako eta partekatzeko denborarik ez dutela diote. Espazio gutxi daude non eremu berdineko pertsonek beraien kezka, zalantza eta errealitatea partekatu ditzaketen. Ikastaro honek, espazio hori eskaintzen du. Aldi berean, indarkeria matxistari buruz pentsatzeko beste gako batzuk eskaini nahi ditu.