Euskadiko 16 eta 29 urte bitarteko gazteen okupazio-tasa 2024ko lehenengo hiruhilekoan % 44,6 da, azken hamarkadako altuena

Argitalpen-data: 

Maiatzaren 1a. Langileen eguna

Maiatzaren 1a ospatzearekin batera, Gazteen Euskal Behatokiak Euskadiko 16 eta 29 urte bitarteko gazteen lanari eta lan-baldintzei buruzko datu batzuk aurkezten ditu.

2024ko lehenengo hiruhilekoan Euskadiko gazteen jarduera-tasa, hau da, lanean edo lan egiteko prest (eta horretarako azken lau asteetan lan bilaketa aktiboa egin dute) dauden gazteen ehunekoa % 50,6 da. Horrek esan nahi du gainerakoak ikasten daudela edo, edozein arrazoirengatik, ezin dutela lan egin edo ez daudela lanerako prest galdetu zaien momentuan.

Hiruhileko horretan Euskadiko 16 eta 29 urte bitarteko gazteen okupazio-tasa % 44,6 da, beraz, esan dezakegu gazteen ia erdiak lanean ari direla. Tasa hori handixeagoa da gizon gazteen artean emakume gazteen artean baino (% 46,6 eta % 42,6, hurrenez hurren), baina egia da jarduera-tasa ere pixka bat handiagoa dela gizon gazteen artean (% 53,1) emakume gazteen artean baino (% 48,1).

Euskadiko 16 eta 29 urte bitarteko gazteen okupazio-tasaren bilakaera (%)

Okupazio-tasa pixka bat hazi da eta 2012tik erregistratu den altuena da, hiruhilekoko datuekin zein urteko batez bestekoekin alderatuta.

Jarraian, enplegua nolakoa den adierazten duten datuak aurkeztuko ditugu, behin-behinekotasun- eta partzialtasun-tasak eta gazteen batez besteko soldatak kontuan hartuta.

Aldi baterako kontratua duten 16 eta 29 urte bitarteko gazteen ehunekoa, beren adineko soldatapeko pertsona guztiekiko, % 46,0 zen 2023an. Adierazi behar da tasa hori 2012-2023 serieko txikiena dela, baina, hala ere, soldatapeko gazteen ia erdiek aldi baterako kontratua dutela esan dezakegu. Euskadiko adin guztietako soldatapekoen multzoan, behin-behinekotasun tasa nabarmen txikiagoa zen: % 21,4.

Euskadiko 16 eta 29 urte bitarteko soldatapeko gazteen aldi baterako  lan-kontratudunen tasaren bilakaera (%)

Behin-behinekotasunak gehiago eragiten die emakume gazteei gizon gazteei baino (2023an, soldatapeko emakumeen % 50,2 eta gizonen % 42,2), eta ohikoagoa da ere 25 urtetik beherako soldatapekoen artean (% 57,2) 25-29 urtekoen artean baino (% 39,1).

Bestalde, lanaldi partzialean (astean 30 ordu baino gutxiago) lan egiten duten 16 eta 29 urte bitarteko gazteen ehunekoa, adin-tarte bereko pertsona landunen guztizkoari dagokionez, % 32,4 zen 2023an, eta horrek esan nahi du enplegua duten hiru gaztetik batek lanaldi murriztua egiten duela. Gazteen kontratuen partzialtasuna nabarmen hazi da azken hamarkadan, eta 2015etik ez da % 30etik jaitsi. Euskadiko biztanleria orokorrean, lanaldi partzialeko enplegu-tasa ez da hain handia, eta 2023an % 16,8koa zen.

Euskadiko 16 eta 29 urte bitarteko gazte okupatuen lanaldi partzialeko  enplegu-tasaren bilakaera  (%)

Gizonen eta emakume gazteen arteko aldeak are nabarmenagoak dira lanaldi partzialeko kontratuei erreparatuz gero: 2023an, enplegua zuten emakume gazteen % 42,2k beren lanpostuari zegozkionak baino ordu gutxiago lan egiten zuten, eta gizon gazteen kasuan, berriz, % 23,8k. Joera hori serie osoan zehar egiaztatzen da.

Partzialtasuna hedatuago dago 16 eta 24 urte bitarteko langileen artean (% 47,9) 25 eta 29 urte bitartekoen artean baino (% 23,5).

Hileko batez besteko soldata garbiei dagokienez (bi aparteko ordainsari hainbanatu barne), 18 eta 29 urte bitarteko soldatapekoek 1.226 euro kobratzen zituzten, batez beste, 2022an (eskura dagoen azken datua). Soldata hori 2015-2021 aldian erregistratutakoekin alderatzen badugu, orduan lanaldi partzialen kopuruak antzekoak baitziren (eta, horrela, partzialtasunaren igoerak soldaten jaitsieran duen eragina saihesten dugu nolabait), 2022an erregistratutako batez besteko soldata aldiko altuena dela ikusten dugu, baina igoera hori nekez egokitu daiteke prezioen igoeretara.

Euskadiko 18 eta 29 urte bitarteko soldatapeko gazteen batez besteko hileko soldata garbiaren bilakaera (aparteko ordainsari hainbanatuak barne) (euroak)

18-29 urteko soldatapeko emakumeek beren adineko soldatapeko gizonek baino soldata txikiagoak kobratzen dituzte batez beste (1.136 euro eta 1.330 euro, hurrenez hurren, 2022an). Beraz, batez besteko aldea ia 200 eurokoa da hilean. Adinaren araberako aldeak are handiagoak dira. 25 urtetik beherako soldatapekoek 1.009 euro garbi jasotzen dituzte hilean, batez beste; 25-29 urtekoek, berriz, 1.363 euro hilean. Nolanahi ere, kontuan izan behar da emakumeek lanaldi partzial gehiago dituztela gizonek baino, eta 25 urtetik beherako soldatapekoek ere lanaldi murriztu gehiago dituztela 25 eta 29 urte artekoek baino, eta horrek, logikoa denez, batez besteko soldata baxuagoak ekartzen ditu, egindako lan mota bezalako beste faktore batzuetatik aparte.

Datu horiek zuzenean lotuta daude Garapen Iraunkorrerako Helburuen 2030 Agendaren 8. Helburuarekin, "Lan duina eta hazkunde ekonomikoa", eta, zehazkiago, 8.5 helmugarekin: Hemendik 2030era, enplegu osoa eta produktiboa eta lan duina lortzea emakume eta gizon guztientzat, baita gazteentzat eta desgaitasunen bat duten pertsonentzat ere, eta balio bereko lanagatik ordainsari berdina jasotzea.

Garapen Iraunkorrerako Helburuen 2030 Agendaren 8. Helburua: Lan duina eta hazkunde ekonomikoa