GUEVARA PEREA, M. y CANDÓN-MENA, J., 2024. El papel de las redes sociales digitales en la integración de los jóvenes migrantes marroquíes en España. Encrucijadas: Revista Crítica de Ciencias Sociales, vol. 24, no. 3, ISSN 2174-6753.
Azterlan honek gaur egun Espainian bizi diren marokoar gazte migratzaileen artean sare sozial digitalen erabilera aztertzea du xede. Metodologia kualitatibo bat aplikatu da, eta metodologia horrek sistematizatu gabeko behaketa parte-hartzailea eta adingabeak zirela Marokotik Espainiara migratu zuten gazteei egindako hamalau elkarrizketa sakon konbinatzen ditu. Bi gai aztertzen saiatu gara. Bata da plataforma digitalek gazte migratzaile horiek harrera-gizartean integratzeko prozesuetan izan duten eragina zein den jakitea; gai horri dagokionez, bi iritzi daude: teknologia berriek biztanleria migratzailearen integrazioa errazten dutela uste dutenak, eta teknologia berriak biztanleria migratzailearentzat kaltegarriak direla uste dutenak. Eta beste gaia da aztertzea sare sozial digitalek nola eragin dioten gazte migratzaileek jatorrian dauden senitartekoekin duten komunikazioari; bigarren gai horretan, adostasuna handiagoa da: sare sozial digitalek nazioz haraindiko komunikazioa izugarri errazten dutela uste dute gehienek. Horren ondorioz, gazte migratzaileek plataforma digitalak bereganatu dituzte, eta plataforma horiek integrazio-prozesuetan eta eguneroko komunikazioetan erabiltzen ikasi dute. Sare sozial digitalek familia-harreman transnazionalak hobetzeaz gain, ongizatea sortu dute migratzaileengan eta haien familiengan, eta, horrez gain, erraztu egin dute gazte migratzaileen eta harrera-gizartean beren testuinguruan agertzen ari diren eragileen arteko komunikazioa.
RECALDE ESNOZ, I., 2024. Del flirteo a la agresión: análisis sociológico de la violencia sexual en el ocio nocturno universitario español. Universidad de Alcalá.
Gaueko aisialdia alkoholak eta beste substantzia batzuek eragindako sexu-indarkeria kasuak gertatzen diren leku ohikoenetako bat da. Egoera horren aurrean, fenomeno horretan sakonduko zuen ikerketa bat egitea proposatu zen, helburu nagusitzat honako hauek hartuta: gaueko aisialdiko sexu-indarkeriaren ezaugarriak ezagutzea, gazteek drogek eragindako sexu-indarkeriarekiko duten jarrera aztertzea, eta aisialdiko gau batean sexu-indarkeriaren inguruan gertatzen diren gizarte-dinamikak ulertzea, ingurune horren erabiltzaileen ikuspegitik. Hala, lehenik eta behin, literatura zientifikoa berrikusi zen, eta, horren ondorioz, Drogek Eragindako Sexu Erasoa terminoa sistematikoki berrikusi zen. Bigarrenik, izaera metodologiko kuantitatiboko lan-bloke bat garatu zen; metodologia horretan bi eskala eraiki eta baliozkotu ziren, gazteek drogek eragindako sexu-erasoekiko duten jarrera neurtzeko. Eta azkenik, ikerketa kualitatiboa diseinatu eta inplementatu zen –unibertsitateko ikasleei egindako banakako eta taldekako elkarrizketen bidez–, dinamika sozialak erabiltzaileen ahotsetik aztertzeko. Doktorego-tesi horren emaitzen arabera, alkoholaren eta/edo beste droga batzuen kontsumoak eragindako sexu-indarkeriaren biktima ohikoenak emakume gazteak dira, eta erasotzaileak gizonak dira; kasu gehienetan, biktimek ezagutzen dituzte. Era berean, gazteen diskurtsora hurbiltzeak aukera eman digu ikusteko alkoholak eragindako adostasunak dituen zailtasunak, gazteek gaueko aisialdian nahi ez duten sexu-arreta baztertzeko darabiltzaten estrategiak eta espazio horretan bertan sexu-harremana hasteko dauden motibazio ugariak. Aurkikuntza horiek agerian utzi dute beharrezkoa dela sexu-hezkuntza holistikoa, sexualitate bidezkoa eta berdintasunezkoa sustatu eta bultzatuko duen heziketa psikosoziala eta sexuala ezartzea.
SARASA CAMACHO, H., 2025. ¿Por qué no estoy en mi barrio? La sostenibilidad social como reto del sistema de acogimiento residencial de menores. Cuadernos de trabajo social, vol. 38, no. 1, ISSN 1988-8295, 0214-0314.
Egoitza-harreran egun dagoen adingabeen kopuru handia murriztea da haurrak eta nerabeak babesteko Espainian indarrean dagoen sistemaren erronketako bat da. Hala ere, egungo errealitateak agerian utzi du desinstituzionalizazio hori ez dela nahi den neurrian gertatzen ari; izan ere, egoitza-harrerako baliabideek, kasu askotan, "gainezka" egiten dute, batez ere, adingabe nerabeentzako baliabideek. Instituzionalizatutako nerabeen kopurua murrizteko ahalegina egiteaz gain, erantzukizun publikokotzat jo beharko litzateke garapen psikosozial onena babestea, gutxienez, nerabe horiek administrazio publikoaren tutoretzapean ematen duten denboran. Horretarako, instituzionalizazio-prozesu horretan, nerabe horien babesaz arduratzen diren erakundeek ahalegin handia egiten dute nerabeen eta haien jatorrizko familien arteko harremana hobetzeko. Baina zer gertatzen da beste eragile batzuek egoitza-harrerako prozesuetan dituzten harreman eta babes-ahalmenekin? Artikulu honek orain arte gutxi aipatu diren eta garapen hobe horretarako giltzarri izan daitezkeen bi agente babesletan jartzen du arreta gunea: jatorrizko lurralde-komunitateak eta horietan elkar eragiten duten jatorrizko berdinen taldeak. Lehenik eta behin, lanak aztertzen du zenbateraino hartzen diren kontuan eragile horien babes-ahalmenak; eta bigarrenik, tutoretzapeko adingabeen diskurtsoetan oinarritutako azterketa horretan oinarrituta, artikuluak gomendio batzuk aurkezten ditu, praktikarako estrategia eraginkor gisa.
- Dokumentazio zentroko artikulu nabarmenduen historikoa
- Informazio gehiago: geb-liburutegia@euskadi.eus