Euskadiko 16 eta 29 urte bitarteko gazteen langabezia-tasa 2024ko laugarren hiruhilekoan azken hamabost urteetan izandako baxuena da

Argitalpen-data: 

Euskadiko 16 eta 29 urte bitarteko gazteen langabezia-tasa jaitsi egin da berriro ere 2024ko laugarren hiruhilekoan eta % 10etik behera dago.

Langabezia-tasak zera adierazten du: enplegurik ez duten baina lana aktiboki bilatzen ari diren eta azken lau asteetan lana bilatzeko gestioren bat egiten duten pertsona aktiboen ehunekoa. Bertan ez dira sartzen lan bila ez dabiltzan ikasleak, ezta lan egin ezin duten ezgaituak ere.

2024 urtearen zehar gazteen langabezia-tasa etengabe jaitsi da eta urteko laugarren hiruhilekoan % 9,6koa izan da, beraz, lehen hiruhilekoaren aldean, bi puntu baino gehiago jaitsi da.

Nabarmentzekoa da, halaber, gazteen langabezia-tasaren bilakaera 2024an Euskadiko 16 urtetik gorako biztanleria orokorrarena baino positiboagoa izan dela (0,8 hamarren jaitsi da urteko lehen hiruhilekotik laugarrenera), nahiz eta biztanleria orokorraren tasa gazteena baino baxuagoa izan beti.

                                

2024ko zifrak eta 2010etik aurrera 16 eta 29 urte bitarteko gazteen urteko langabezia-tasak alderatzen baditugu, ikusiko dugu 2024ko azken hiruhilekoari dagokiona azken hamabost urteetako txikiena dela.

                         

Eta 2010etik orain arte izandako 16 eta 29 urte bitarteko gazteen hiruhilekoko langabezia-tasen bilakaerari erreparatzen badiogu (Gazteen Euskal Behatokiaren online estatistiketan eskuragarri daude), ikus dezakegu, halaber, gazteen langabezia-tasa % 10etik behera dagoen lehen aldia dela.

Kolektiboen arteko desberdintasunei dagokienez, azken neurketa horretan emakume gazteek gizon gazteek baino langabezia-tasa handixeagoa dute. Joera bera ikusten da biztanleria orokorrean, nahiz eta emakumeei eta gizonei dagozkien portzentajeen arteko aldeak zertxobait txikiagoak izan.

Lurralde historikoen arabera, langabezia-tasarik txikiena Gipuzkoan erregistratu da, bai gazteen artean, bai herritar guztien artean. Gainera, lurralde historiko horretako gazteen eta biztanleria orokorraren tasen arteko aldeak txikiak dira.

                                 

Aurkeztutako datu horiek Biztanleriaren Jardueraren Arabera (BJA) sailkatzeko inkestaren emaitzak dira. BJA Eustatek, Euskal Estatistika Erakundeak, hiru hilean behin lantzen du eta Gazteen Euskal Behatokiari 16 eta 29 urte bitarteko gazteen datuak helarazten dizkio, azken honek gazteen egoera aztertu ahal izateko.

Gainera, gazteen langabezia-tasari buruzko datu horiek lotura zuzena dute Garapen Iraunkorrerako Helburuen 2030 Agendaren 8. Helburuarekin, "Lan duina eta hazkunde ekonomikoa", eta, zehazkiago, 8.5 helmugarekin: Hemendik 2030era, enplegu osoa eta produktiboa eta lan duina lortzea emakume eta gizon guztientzat, baita gazteentzat eta desgaitasunen bat duten pertsonentzat ere, eta balio bereko lanagatik ordainsari berdina jasotzea.