Ekainaren 5a, Ingurumenaren Munduko Eguna
2025ean, Ingurumenaren Munduko Egunaren leloa "Plastikoek eragindako kutsadurarik gabe" da. Plastikoen erabilera eta plastikoek ekosistemetan duten eragina murriztea guztion erantzukizuna da, administrazio publikoena, enpresena eta herritarrena.
2023an (eskuragarri dauden azken datuak urte horretakoak dira), Euskadiko 15 eta 29 urte bitarteko Gazteen % 75,0k zioen normalean bere poltsa propioa eramaten zutela erosketak egitera joaten zirenean. Eta gazteen % 29,9k adierazten zuten sarritan gutxi paketatutako produktuak erosten saiatzen zirela. Bi neurri horiek plastikoen kontsumoa murrizten laguntzen dute.
Erosketak egitera doazenean poltsa edo orga propioa daramaten gazteen ehunekoak gora egin du, neurketatik neurketara, 2012tik 2023ra. Hala ere, gutxi ontziratutako edo gutxi paketatutako produktuak erosten saiatzen diren gazteen ehunekoak gora egin badu ere 2012tik 2023ra, hazkundea ez da etengabea izan, eta 2021etik 2023ra atzera egin du.
Emakumeek gizonek baino neurri handiagoan gauzatzen dituzte plastiko-kontsumo txikiagoa dakarten jokabide horiek. Adinak gora egin ahala, jokabide horiek ere ohikoagoak dira.
Bestalde, 2024an, gazteen % 88,0 oso edo nahiko ados zegoen klima-aldaketa geldiarazteko neurri zorrotzagoak hartzeko beharrarekin. Emakume gazteek gizon gazteek baino adostasun-maila handiagoa zuten (% 92,9 eta % 83,3, hurrenez hurren).
Plastikoen kontsumoa murriztea Garapen Jasangarrirako Helburuen 2030 Agendaren hainbat helbururekin lotuta dago: “Ekoizpen eta kontsumo arduratsuak” (12), “Klimaren aldeko ekintza” (13), “Itsaspeko bizitza” (14) eta “Lehorreko ekosistemetako bizitza” (15).
Zehazki, 12. helburuaren barruan, 12.5 xedeak adierazten du hemendik 2030era hondakinen sorrera nabarmen murriztu behar dela prebentzio-, murrizketa-, birziklatze- eta berrerabiltze-jardueren bidez.
Aurkeztutako datu horiek Gazteen Euskal Behatokiak bere GaztePaneleko 15-29 urteko kideen artean egindako inkestetatik atera dira. Gaur egun, Euskadiko 15 eta 34 urte bitarteko 10.000 gaztek baino gehiagok osatzen dute GaztePanela, eta Gazteen Euskal Behatokiarekin kolaboratzen dute, Behatokiak aldizka egiten dituen inkesten bidez iritzia emanez. Euskadiko gazte guztiek parte har dezakete GaztePanelean. Horretarako esteka honetan eman behar da izena: Egin bat GaztePanelarekin
Gazteen iritzia lagungarria da gazteen errealitatea ezagutzeko eta haien egoera erraztuko duten politika publikoak ezartzeko.