Zer eragin du Brexitak Erresuma Batuan ikasteko orduan?
egilea: Gazteaukera,
Brexitaren ondoren, hainbat zailtasun izan ditzakegu ingelesa ikasteko Erresuma Batuan egonaldi bat egiten dugunean edo hango ikastetxe batean matrikulatzerakoan. Hasteko, komeni da zenbait webgune ofizial kontsultatzea, herrialde britainiarrean ikasketetarako egonaldiak Brexitaren ondoren egitearekin lotuta, Erresuma Batuko Gobernuak eta Espainiak adostutakoaren berri izateko; hauek dira oinarrizkoenak: Erresuma Batuko gobernuaren webgune ofiziala, British Council webgunea eta Study UK web-orria.
Kontuan hartu behar da, gainera, EBko ikasleak nazioarteko ikasletzat hartzen direla, eta ez Europakotzat; beraz, unibertsitateko tasak igo egiten dira, eta, kasu gehienetan, ikasle-bisa eskatu beharko da.
Gazte batek ikasle-bisa eskatzeko, honako baldintza hauek bete behar ditu: 16 urte baino gehiago izatea; ikasketa-plaza bat eskaini diotela egiaztatzea; ingelesez hitz egiten, irakurtzen eta idazten jakitea; ikasketak finantzatzeko eta ikastaroa ordaintzeko dirua izatea, eta benetan Erresuma Batuan ikasi nahi duela erakustea.
Hala ere, bisa ez da beharrezkoa 6 hilabetetik beherako ingeles-ikastaro bat egin nahi bada. Baina ikastaroak 6 hilabete baino gehiago irauten badu, 11 hilabetera arte iraupen laburreko ikasketa-bisa behar da. Erresuma Batuko gobernuaren webguneak bisei buruzko informazio guztia eskaintzen du, eguneratuta.
Erasmus+ programari dagokionez, Erresuma Batuak jada ez du programan parte hartzen, eta, beraz, 2020ko aurrekontuaren kargurako proiektuetara aurkeztu direnek soilik parte hartu dezakete.
Helburua unibertsitatean ikastea bada, nazioarteko kuotak ordaindu behar dira (12.000 liberatik 15.000 liberara urtean), ikasle europarrak ez baitira tokikotzat hartzen; gainera, Graduate bisa eskatu behar da, 348 libera kostatzen dena. Bisa horri esker, astean gehienez 20 orduz lan egin daiteke ikasketak egin bitartean (oso ohikoa da Erresuma Batuan), eta karrera amaitu ondoren, bi urtez egon daiteke herrialdean. Horrez gain, Erresuma Batuko osasun-sistemaren estaldura ere ordaindu behar da: 470 libera.
Brexitaren aurretik, gobernu britainiarrak nazioarteko ikasleei goi-mailako ikasketak finantzatzen zizkien, ikasle britainiarrekin egiten zuen bezala; maileguak eskatzeko aukera zegoen, eta gero, urteko kuotetan deskontatzen ziren horiek, baina jada ez daude eskuragarri. Horren ordez, hainbat beka-programa daude, unibertsitateek kudeatzen dituztenak eta; gobernuak egiten zuen bezala finantzatzen dutenak. Beka guztiak ez dira bikaintasun akademikoagatik ematen; unibertsitate batzuek doan eskaintzen dute ostatua, beste batzuek deskontu orokorrak egiten dizkiete Europatik datozen ikasleei Brexitagatik edo COVIDagatik, etab.
Bigarren Hezkuntzako edo Batxilergoko ikasturte bat egiteko izapideak ez dira aldatu; horiek kudeatzen dituen agentziaren batera joatea komeni da, batez ere ikasketa-zentroa aukeratzeko. Gainera, ikasle gaztea Erresuma Batura iristen denean, tutore bat esleitzen zaio egonaldi osorako; pertsona hori arduratuko da behar duen une orotan laguntza emateaz.
Eta, azkenik, udan hilabete batean edo bitan ingelesa ikasteko, ez da beharrezkoa ikasle-bisa eskatzea, nahikoa da turista-bisa izatea.