Gazteak hautatzeko prozesua
Izena emateko eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren, hautaketa prozedura hasiko da.
ADI! Hautaketa-prozesua momentuko osasun-egoeraren arabera alda daiteke.
Hautaketa prozedurak hiru fase ditu:
1.- Lehen fasea edo aurrehautaketa

Bigarren fasera pasako diren 220 parte-hartzaile aukeratuko ditu, gehienez, horretarakoxe eratutako batzordeak. Batzordeak 50 ordezkari ere proposatuko ditu, bigarren fasean parte hartzeko hautatu diren pertsonek zeregin horri uko egin diotenerako. Norbaitek zereginari uko egiten badio, uko egin duen pertsonaren profila daukan ordezkoak parte hartuko du bigarren fasean. Honako alderdi hauek hartuko ditu aintzat.
- Aurten martxan diren lankidetza jardueretarako egokienak izan daitezkeen titulazio akademikoak, lanbide ezagutzak eta bestelako ikasketak (%30 gehienez).
- Garapenerako lankidetzarekin lotutako prestakuntza (% 20 gehienez).
- Garapenerako gobernuz kanpoko erakunde bateko borondatezko kide izatea (% 20 gehienez).
- Gazte-elkarte batekoa zein helburu soziala duen beste erakunde bateko borondatezko kide izatea (% 30 gehienez).
Batzordeak, egoki iritziz gero, elkarrizketa pertsonala egin diezaieke hautagaiei, aipatu berri ditugun alderdi horiei buruz.
Aurrehautatutako gazteen izen-abizenak Gazteaukera webgunean emango dira ezagutzera. Ulertuko da zerrenda horietan agertzen ez diren pertsonak ez daudela aurrehautatuta (ikusi egutegia).
Barriara, honako agiri hauek eramango beharko dituzte:
- Bi argazki.
- Izena emateko eskabidean gazteak adierazi dituen prestakuntza eta esperientzia ere egiaztatu beharko ditu, dagozkien tituluak eta ziurtagiriak aurkeztuta.
- Eskabidea aurkezteak dakar NANa eta errolda-agiria kontsultatzeko edo egiaztatzeko baimena. Baimen hori eman ezean, NANa eta errolda-agiria aurkeztu beharko dira.
2.- Bigarren fasea edo hautaketa.

Prozeduraren bigarren fasea edo hautaketa fasea aurrez lehen fasean aukeratutakoekin egin beharreko batzar-egonaldia da, barnetegi batean hiru egunez nahitaez egin beharrekoa, Gazteria Zuzendaritzak ezartzen dituen baldintzetan. Egonaldi horretan Batzordeak 100 lagun aukeratuko ditu gehienez, hirugarren fasera pasa daitezen.
Beste 50 ordezko ere hautatuko dira, norbaitek uko egingo balu ere. Norbaitek bere plazari uko egingo balio, uko egin duenaren profil bera duen ordezko batek hartuko du titulartasuna.
Topaketa non eta noiz: Egutegian jakinaraziko da. Nola heldu Barriara: Mapa. Eroso egoteko moduko arropa eraman behar da, papera eta boligrafoa.
Egonaldi horretan, Hautaketa Batzordeak 100 lagun aukeratuko ditu gehienez, hirugarren fasera pasa daitezen, eta horretarako honako hauek baloratuko ditu:
a) Aurre-hautatutako pertsonaren egokitasuna, burututako dinamiken emaitza aintzat harturik, eta topaketa horretan egindako elkarrizketa, % 50 gehienez. Gaitasun hauek baloratuko dira:
- Autogestiorako gaitasunak, % 20 gehienez: ekimena eta autonomia; malgutasuna; arazoak aztertu eta ebaztea; ikasteko eta negoziatzeko gaitasuna. Pertsona mugitzen den inguruan lan eraginkorra, antolatua eta baikorra garatzea ahalbidetzen diote gaitasun-mota horiek pertsonari.
- Komunikazio- eta harreman-gaitasunak, % 20 gehienez: pertsona arteko komunikazioa; talde-lana; trebetasuna eta zuhurtzia. Gogobeteko harreman pertsonalak eta profesionalak izatea ahalbidetzen diote boluntarioari bere egitekoetan diharduela, eta, halaber, egoera konplexuak edo zailak kudeatzea ahalbidetzen diote besteekiko interrelazioan.
- Antolaketa-gaitasunak, % 10 gehienez: fidagarritasun teknikoa eta pertsonala; ekimenetan buru izateko gaitasuna; antolaketa eta plangintza. Norbere lanaren eraginkortasunarekin eta inguru konplexuago, zabalago bateko eta besteei eragiten dien kudeaketa-lanarekin zerikusia duten gaitasunak dira.
b) Aurre-hautatutako pertsonaren profila zenbateraino egokitzen zaien Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2021eko abenduaren 9ko Aginduaren babespean hautatutako lankidetza-proiektuen ezaugarriei, barne hartuta ekintzotan integratzeko duten astia, % 50 gehienez.
Hautatutako gazteen izen-abizenak Gazteaukera webgunean emango dira ezagutzera. Ikusi egutegia.
3.- Hirugarren fasea edo informazioa eta orientazio aldia.
Topaketa hautatutako pertsonekin eta programan esku-hartzen duten GGKEekin egingo da. Bertan, lankidetza-proiektuen gaineko informazioa eta orientazioa emango zaie hautatutako pertsonei. Topaketa derrigorrezkoa da hautatutako pertsonentzat.
Non eta noiz: Barriako aterpetxean (Narbaiza, Araba). Ikusi egutegia.
Bai lehen topaketan bai bigarrenean sor litezkeen ostatu eta mantenu gastuak Eusko Jaurlaritzak ordainduko ditu.