Mintzalaguna, euskara praktikatzeko egitasmoa

Mintzalagun, Berbalagun, Hizkide, Mintzakide, Solaskide, Zahar-berri? herrien eta euskalkien arabera izen ezberdinak erabiltzen dira finean egitasmo berdintsuak izendatzeko: mintzapraktika programak.

Mintzapraktika programak euskaraz hitz egiteko ohitura duten pertsonak, euskaraz hitz egiteko ohitura ez duten pertsonekin elkartzean datza.

Euskaltegitik kanpo euskara praktikatzeko aukera ematea da programa honen helburua. Euskaraz aritzeko zailtasuna, ohitura falta, lotsa edota beste edozein oztopo baduzu, aproposa izan daiteke zuretzat.

Euskal Herri osoko 80 herri eta eskualde baino gehiagotan daude martxan mintzapraktika egitasmoak.

Nola funtzionatzen dute programek?

Mintzapraktika taldetxo bakoitza hiru, lau edo bost lagunek osatzen dugu. Modu honetan ziurtatzen da, giroa atsegina, hurbila eta partehartzailea.Mintzapraktika taldetxo bakoitza gutxienez astean behin biltzen da. Astean behineko hitzorduaz gain, mintzapraktika programetako taldeak elkar ezagutzeko eta harremanen sarea zabaltzeko noizbehinka ekintza osagarrietan parte hartzeko aukera izaten dugu: ikastaroak, irteerak, bazkari eta afariak, ikuskizunak...

Herriz herri dauden mintzapraktika egitasmoetan bezala, Internet mintzapraktikarako tresna izan daiteke. Horregatik, Internet bidezko mintzapraktika taldeetan parte hartzeko aukera ere badago Mintzanet atarian.