Logotipo de Facebook Logotipo de Twitter Logotipo de RSS

Sexuen Heziketak aukeretatik, auto-ezagutzatik, gaitasun pertsonaletatik eta pertsona sexudunen arteko harreman positiboetatik egiten du lan

Argitalpen-data: 

EMAIZE Sexologia Zentroak “Sexu-heziketa: kalitatezko harremanen alde ikastaroa emango du urrian zehar. Dinamizatzailea izango den Maider García de Vicuña-rekin hitz egiteko aukera izan dugu.

  • Denbora luze daramagu Sexu Heziketaz hitz egiten, baina zer da zehazki? Nola aldatu da denboran zehar?

Maider García de VicuñaBi Sexu Heziketa bereiztu daitezke: bata, zabalduena, beldur eta arriskuen sahiestean oinarritzen da. Bestea, Sexuen Heziketa da eta aukeretatik, auto-ezagutzatik, gaitasun pertsonaletatik eta pertsona sexudunen arteko harreman positiboetatik egiten du lan.

Lehenengoa gazteei zuzenduta izaten da eta infekzio zein planifikatu gabeko haurdunaldiak ekiditeko informazioa eskeintzean datza. Datuek, ostera, argi uzten dute informazioa soilik ez dela nahikoa arriskuak ekiditeko. Autoestimua, errespetua, auto-zaintza eta besteena, sexu estereotipo eta bikoteen inguruko sinesmenak…lantzea ezinbestekoa da eta horretarako informazioaz gain, formazioa eta bide ezberdinetatik jasotzen duten informazioa birikustea behar da. 

Emaize-n 26 urte daramagu Sexuen Heziketan lanean, beti ere pertsonaren lantzean oinarrituz, Gorputzak, emozioak eta sexudun pertsonen arteko harremanen lanketan. Hau da Lehen Hezkuntzan aritzeko argudio nagusia. Arriskuen sahiestean oinarrituz ez luke zentzurik izango adin honetan egitea, baina ezinbestekoa da bilatzen duguna pertsona sexudun bakoitza osotasunean garatzea, ezagutzea, onartzea, adieraztea eta besteekin modu positiboan harremantzea bada. Prozesu honek arriskuak ekiditen lagunduko du, baina ez hori bakarrik, pertsonak bere gorputza ezagutu, nola funtzionatzen duen ulertu, emango diren aldaketak onartu, sortutako emozioak adierazi, bere burua ezagutu, onartu eta besteak bere aniztasunean onartu eta errespetatzeko baliabideak jorratuko ditu eta beraiekin modu positiboan harremantzen ikasiko du. 

Azken hamarkadan biratzea gauzatzen ari da hezkuntza eremutan, hauetako askotan arriskuen prebentziotik Sexuen Heziketa integralera igaroz eta horrek Haur eta Lehen Hezkuntzan lan gehiago egitera eraman gaitu.

Aldaketa oso positiboa da eta honetan sakondu eta aurrera egitea oso garrantzitsua da. 

  • Zergatik da garrantzitsua heziketa eragileek ikastaro honetan parte-hartzea?

Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntza garaian ume eta gazteek ordu asko ematen dituzte ikastetxean edota eskolaz kanpoko ekintzetan, hori dela, eragile hauekin sortuko diren harremanek izugarrizko garrantzia izango dute.

Eragile bakoitzak, gutako guztiok bezala, bizi, entzun, galerazi eta somatu izan duen guztiarekin kargatutako motxila darama bizkarrean. Barruan sinesmenak, beldurrak, aurreiritziak, esperientzia atsegin eta hain atseginak izan ez direnak izango ditu. Pertsona bakoitzak motxila horrekin jokatzen du, eta bidai baten aurretik motxila berraztertzen badugu, hezten hasi aurretik gauza bera egin beharko genuke. Hezitzaile bidaiarako positiboak diren gauzak egongo dira, baina baliteke besteren bat balio ez izatea edota pisu oztopatzailea izatea.

Ez dugu berdin jokatuko sexualitatea bikotearekin egin ditzakegun joku erotikoak direla uste dugunean edo sexualitatea pertsona sexudun bezala izango dudan bizi prozesua izango dela pentsatuta. Ez dugu berdin heziko beldurretatik edo aukeretatik. Ez dugu berdin heziko debekutik, beharretatik edo lantzetik.

Heziketan aritzen den edonorentzat garrantzitsua eta beharrezkoa da ondorengo galdera hauen inguruko hausnarketa egitea: Zer?, Zertarako?, Zergatik? Eta nor hezi nahi dut sexualitatean? Erantzunen arabera egingo dugun heziketa mota, emango zaion garrantzia eta eguneroko ekintzetan zeharka landuko den edo ez, emaitzaren eraginkortasuna baldintzatuko du. 

  • Zein da Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzan hezitzearen arteko ezberdintasuna?

Sexuen Heziketaren abiapuntua aurrean ditugun pertsonak izango dira, hori dela eta landuko diren edukiak eta erabiliko dugun hizkuntza mota berauen gaitasunetara egokitu beharko zaio. Ikasketa esanguratsua izateko ulertzea ezinbestekoa da.

Sexualitateaz aritzean gure heziketa propioa eta jendarte ohiturek jartzen dizkiguten mugak izaten ditugu eta arrunta da nola hitz egin ez jakitea eta ekiditea. Baliteke hitz egin nahi izatea baina horretarako formakuntza eta baliabiderik ez izatea eta deseroso edo frustraturik sentitzea ondo ez egiteagatik.

Zailtasun hauek, aurrean dugun haur edo gaztearekin baino, hezitzailearekin dute harremana. Hezitzailea behin formazioa jasoz gero, garai ezberdinetako ezaugarriak ezagutu eta zenbait trebetasun landu, pertsona ezberdinen aurrean askoz hobe moldatuko da. 

  • Emaidazu argudio bat hezitzaileak Sexuen Heziketa eta harreman positiboen inguruko ikastaro honetan parte hartzen animatzeko  

Aurretik esandako guztia mahai gainean jartzeko aukera ematen digu ikastaro honek. Sexualitateaz aritzean zertaz ari garen argi izatea, gure ikuspuntua zabaltzea, trebetasunak jorratzea, sexuen heziketa egunerokotasunean txertatzea…gurekin dauden haur eta gazte horientzako erreferente positiboagoak izatea ahalbidetuko digu eta ezagutzan, onarpenean, errespetuan eta adierazpen positiboan oinarritutako kalitatezko heziketa integrala eskeiniko diegu, askoz osasuntsuagoa izango da egingo duten heziketa.

Sexu-heziketa: kalitatezko harremanen alde