Logotipo de Facebook Logotipo de Twitter Logotipo de RSS

Unibertsitateko gradu teknikoetako edo osasun arlokoetako titulua duten pertsonek enplegu-tasa handiago dute, bai eta beren ikasketekin lotutako enplegu gehiago ere

Argitalpen-data: 

Hauek dira Gazteen Euskal Behatokiak Lanbidek, Enpleguko Zerbitzu Publikoak, egindako “Lan munduratzeari buruzko txostena”tik atera dituen ondorioetako batzuk. Txosten hori orain dela gutxi argitaratu du Lanbidek.

Lanbidek urtero egiten du lan munduratzeari buruzko txostena, eta horretarako hiru urte lehenago Euskadiko unibertsitateetan (Euskal Herriko Unibertsitatea –EHU-, Deustuko Unibertsitatea –UD- eta Mondragon Unibertsitatea -MU) graduatutako pertsonek egungo lan egoerari buruz eman dituzten erantzunetan oinarritzen da. Beraz, azken datuak, 2019 urteko bukaerakoak, 2016an graduatutako pertsonei dagozkie.

Azpimarratu behar den lehenengo gauza hauxe da: datuak graduatutako pertsona guztien % 73ri dagozkie, hori izan baita galderei erantzun dutenen portzentajea.

Hori kontuan izanda, esan dezakegu ikerketak azaltzen duela 2019 urtearen bukaeran pertsona horien % 84 lanean zegoela. Gainerakoak langabezian zeuden edo ikasten jarraitzen zuten, batez ere.

Enplegu-tasa hori berdina zen gizonen eta emakumeen artean (% 84), baina batez bestekoren gainetik zegoen gradu teknikoak edo osasun arlokoak egin zituztenen artean
(% 91 eta % 88, hurrenez hurren).

2019ko enplegu-tasa hiru urte lehenago Euskadiko unibertsitateetan graduatutako pertsonen artean, jakintza-arloen arabera (%)

Enplegua zutenen artean (soldatapekoak eta autonomoak), % 87k adierazi zuen bere enpleguaren kategoria profesionala bat zetorrela bere ikasketa-mailarekin (hau da, goi-mailako ikasketekin), eta beste % 80k azaldu zuen betetzen zuen lana ikasitakoarekin lotuta zegoela (asko edo dezente). Osasun arloko ikasketak zituztenek adierazi zuten gehien ikasitakoarekin lotutako lanak betetzen zituztela (% 91), eta humanitateen arloko ikasketak zituztenek, aldiz, gutxien, baina, hala ere, azken hauen artean hirutik bik (% 67) ikasitakoarekin lotutako lanak zituzten.

Beren ikasketekin lotutako enplegua duten  landunen portzentajea , jakintza-arloen arabera

Baina landunen artean, % 45ek bakarrik zuten lan egonkorra 2019an. Eta honi dagokionez, zifrarik baxuenak osasun arloko ikasketak eta ikasketa esperimentalak zituztenei zegozkien.

Euskadiko unibertsitateetan graduatutako pertsonen artean enplegu egonkorra dutenen ehunekoa, jakintza-arloen arabera  (%)