Logotipo de Facebook Logotipo de Twitter Logotipo de RSS

Elkarrizketa Eider Goibururekin, 'Gazteekin indarkeria sexista prebenitzeko estrategiak hezkuntza formal eta ez-formalean' ikastaroa emango duen teknikariarekin

Argitalpen-data: 

Eider GoiburuAurreko urtean ere, indarkeria sexistaren prebentzioari buruzko ikastaro bat egin zenuen. Ikastaro horretan lan eremu ezberdinetako pertsonak hartu zuten parte. Aurten berriz, hezkuntza formalean dauden pertsonak eta ez formalean daudenak bereiztu dituzu, zergatik?

Aurreko urteko esperientzia oso aberasgarria izan zen. Parte hartzaile bakoitzak bere eremuko kezka eta errealitateak ekarri zituen eta honek gazteekin egiten den lanaren ikuspegi integralagoa eman zion ikastaroari. Lan modu ezberdinak aztertu genituen eta oso aberasgarria izan zen. Ikastaroak ordea, lan eremurako baliabide praktikoak eskeintzea zuen helburu nagusietako bat. Nahiz eta baliabide ezberdinak partekatu genituen, parte hartzaileen ustez baliabideetan ez genuen nahikorik sakontzea lortu. Lan eremuak bereizteak, errealitate zehatzetan sakontzeko aukera ematen du eta baita baliabideetan ere. Horregatik, aurten lan eremuak bereiztea erabaki dugu. Horrela, parte hartzaileen beharrei hobeto erantzungo diegula pentsatzen bait dugu.

Beraz, aurreko urtean parte hartu zutenek, teoriaren errepasua egin eta baliabideetan sakontzeko aukera izango dute. Parte hartu ez zutenek aldiz, oinarrizko formazioa jaso ahal izango dute eta beraien lan eremuko baliabideetan sakondu.

Une berezia bizi dugu. Erabateko krisian gaude murgilduta, osasun krisia, krisi ekonomikoa, krisi soziala… nola eragiten die guzti honek nerabeei? Eta indarkeria sexistari dagokionez?

Gazteen Euskal Behatokiak, bi inkesta egin dizkie erkidegoko gazteei pandemia hasi zenetik beraien bizipena zein den jakiteko. 2020ko azaroaren 24an argitaratu zen bigarren inkestaren arabera, momentu honetan, pandemiari dagokionez, gazteen artean zabalduen dauden sentimenduak erantzukizuna eta konpromisoa dira, eta jarraian amorrua, kezka eta asperdura. Gazteen erdiek antsietatea, tristura edo bakardadea sentitzen dute pandemiaren sortutako egoeraren ondorioz. Sentimendu ezkor guztiak asko zabaldu dira martxoko konfinamenduan izandakoekin konparatuta. Bestetik, harremanetan eta aisialdian dituzten murrizketek, osasun-arloari ez ezik, enpleguari, ikasketetei edo planeatutako proiektuei buruzko ikuspegi negatiboek, eta hobekuntza-aurreikuspenik ezak eragin zuzena dute gazteen ongizate emozionalean eta oraina bizitzeko eran.

“Plan internacional” fundazioak oraintxe Estatu Espainiarreko nerabeengan COVID-19ak izan duen eragina aztertzen duen txosten bat argitaratu du. Txosten honen arabera, gazteak egoera zaurgarrian daude COVID-19aren ondorioz eta batez ere neska gazteak. Indarkeria sexista presente egon da bai itxialdian eta baita ondorengo hilabeteetan baina nerabeek baliabide gutxiago izan dituzte egoera hauei aurre egiteko.

Guzti hau kontuan izanik, garrantzitsua da gazteak entzutea, beraien errealitateak ezagutzea eta beraiekin batera momentu honetan ematen ari diren indarkeria sexista moduei erantzuteko baliabideak eraikitzea.

Pandemian zehar ziberindarkeria sexista indartu dela esango zenuke?

Egia esan, ez dut honen gaineko ikerketarik ikusi, beraz ez dakit. Baina nerabeentzat berdinekin harremantzea beraien identitate propioa eraikitzeko duten bide nagusia da. Aldi berean, COVID-19aren prebentzio neurriak prozesu hau oztopatzen dute. Talde txikietan ibili, kontaktu fisikorik ez izan, distantzia mantendu, maskarillak jantzi… Hortaz, beraien artean harremantzeko duten bidea mundu birtuala da. Sare sozialak. Eta indarkeria sexista, espazio guztietan dago, baita birtualean ere.

Zergatik animatuko zenuke jendea ikastaroan parte hartzera?

Espazio gutxi daude non eremu berdineko pertsonek beraien kezka, zalantza eta errealitatea partekatu ditzaketen. Ikastaro honek, espazio hori eskeintzen du. Alde batetik indarkeria sexistari buruzko formazioa eskeiniko dut baina partekatzeko aukera ere izango da.

Ikastaroa: Gazteekin indarkeria sexista prebenitzeko estrategiak hezkuntza formal eta ez formalean