Logotipo de Facebook Logotipo de Twitter Logotipo de RSS

Behera egiten ari da seme-alabak izan nahi dituzten gazteen kopurua Euskadin

Argitalpen-data: 

Seme-alabak nahi dituzten gazteek diote beren lehen seme-alaba 30 urterekin izan nahi dutela

Euskadin seme-alabarik ez duten 30 urtetik beherako gazteen % 66,9k diote egunen batean izatea gustatuko litzaiekeela (% 33,1i asko gustatuko litzaieke eta beste % 33,8ri nahikoa). Gainerakoei gutxi gustatuko litzaike edo ez litzaieke batere gustatuko edo ez dute horri buruzko iritzirik.

Datu horiek Gazteen Euskal Behatokiak 2021eko abenduan 15 eta 29 urte bitarteko 4.000 gazteri baino gehiagori online egindako inkesta batetik datoz. 2021eko datuak aurreko urteetan jasotakoekin konparatuz gero, ikusten dugu seme-alabak izan nahi dituztela dioten gazteak gero eta gutxiago direla 2015etik hona.

Seme-alabarik ez duten baina etorkizunean izatea asko edo nahikoa gustatuko litzaikeela azaldu duten Euskadiko 15 eta 29 urte bitarteko gazteen ehunekoaren bilakaera

Batera hartzen baditugu seme-alabak izatea asko edo nahikoa gustatuko litzaiekeela diotenen portzentajeak, ez da alde esanguratsurik hautematen sexuaren edo adinaren arabera; baina asko gustatuko litzaiekeela diotenak bakarrik kontuan harturik, ikus daiteke 2021ean emakume gazteen ehunekoa gizon gazteena baino handixeagoa dela (% 35,9 eta % 30,6, hurrenez hurren), bai eta adinean aurrera egin ahala ere gehiagok diotela seme-alabak izatea asko gustatuko litzaiekeela (25 eta 29 urte bitartekoen artean % 39,0k eta 15 eta 19 urte bitartekoen artean, aldiz, % 27,4k).

Seme-alabarik ez duten baina etorkizunean izatea gustatuko litzaiekeela azaldu duten Euskadiko 15 eta 29 urte bitarteko gazteen ehunekoa, sexuaren eta adinaren arabera

Gainera, sexua eta adina konbinatzen baditugu, ikusten dugu emakumeen adinak gora egin ahala seme-alabak izatea asko gustatuko litzaiekeenen ehunekoak ere gora egiten duela. Gizon gazteen kasuan, adinak gora egin ahala muturreko jarrera biak igotzen dira, bai asko nahi dutenena, bai batere nahi ez dutenena.

Seme-alabarik ez duten 15 eta 29 urte bitarteko gazteen banaketa, etorkizunean izateko nahiaren arabera, sexua eta adina konbinatuta sortutako taldeetan

Bestetik, egunen batean seme-alabak izatea nahi dutenek adierazi dute horretarako jotzen duten adinik aproposena 30,3 urte direla. Emakumeen iritziz egokiena litzateke 29,7 urterekin izatea; gizonen iritziz, 30,9 urte dituztenean.

Adinean gora egin ahala adin ideal hori atzeratu egiten da. 15 eta 19 urte bitarteko gazteek, batez beste, 29,3 urte dituztenean izan nahi dute aita edo ama, 20 eta 24 urte bitartekoen iritziz, 30,2 urte dituztenean izango litzateke momenturik aproposena, eta 25 eta 29 urte bitartekoek 31,5 urtetara atzeratzen dute adin ideal hori.

Adin ideal hori Euskadin lehen seme-alaba izaten den batezbesteko adinaren azpitik dago. INEk (Instituto Nacional de Estadística), argitaratzen dituen datuen arabera (Gazteen Euskal Behatokiaren webguneko estatistiketan, Demografia eta biztanleria atalean, hain zuzen ere, kontsulta daitezkeenak), Euskadin, emakumeek beren lehen seme-alaba erditzen dutenean 32,2 urte dituzte, batez beste, hau da, emakumeek idealtzat jotzen duten adina baino bi urte eta erdi beranduago.

Bestetik, seme-alabarik ez duten baina izan nahi dituztela dioten gazteei hauxe galdetu diegu: ea idealtzat jotzen duten adinean izango dituztela uste duten. % 54,4k erantzun dute seguraski edo agian bai eta % 32,8k, aldiz, ez dute uste edo seguruenik ez dela hori gertatuko esan dute.

Idealtzat jotzen duten adinean izango dituztela uste dutenen ehunekoak ia hamar puntuko beherapena izan du 2019tik 2021era. 2019an % 63,9k uste zuten gustuko adinean izango zituztela; 2021ean, aldiz, % 54,4k uste dute hori.

Seme-alabarik izan ez, baina etorkizunean izatea gustatuko litzaiekeen Euskadiko 15 eta 29 urte bitarteko gazteen artean, beren lehen seme-alaba idealtzat jotzen duten adinean izango dutela uste dutenen bilakaera

2021eko datuei erreparatuz gero, ikus dezakegu adinean gora egin ahala jaitsi egiten dela idealtzat jotzen duten adinean seme-alabaren bat izango dutela uste dutenen kopurua.

Seme-alabarik ez duten baina etorkizunean izatea gustatuko litzaiekeen Euskadiko 15 eta 29 urte bitarteko gazteen artean, beren lehen seme-alaba idealtzat jotzen duten adinean izango dutela uste dutenen ehunekoa, sexuaren eta adinaren arabera

Oro har, kontuan hartzen badugu 30 urtetik beherako hiru gaztetik bik bakarrik nahi dutela etorkizunean seme-alabak izan (% 66,9), horretarako adinik egokiena, gazteen ustez, berantiarra dela (30,3 urte dituztenean) eta, hala ere, seme-alabak izan nahi dituzten gazteen erdiek baino gehixeagok bakarrik uste dutela adin horretan izango dituztela (% 54,4), ondoriozta dezakegu euskal gizarteak erronka demografiko garrantzitsuari aurre egin behar diola.