Logotipo de Facebook Logotipo de Twitter Logotipo de RSS

Elkarrizketa ikastaro hauen formatzaile den Ane Martínez Reciori: 'Zibersegurtasuna: Babesten al naute? Babesten al gaituzte? Babesten naiz!' eta ' Zibersegurtasuna: babesa behar izanez gero, zeri eman behar diot lehentasuna?'

Argitalpen-data: 

  • Ane Martinez RecioAurten ere, eta elkarren segidako hirugarren urtea da, zibersegurtasuna hautatu dugu gai nagusi gure gizartearen eraldaketa digitalaz jarduteko. Zergatik ematen diogun horrenbesteko garrantzia?

Nire iritziz, funtsezkoa da honetaz ohartzea: lan egiten dugun edo partaide gaituzten enpresek gure laneko ingurune teknologikoak babestu ditzatela eskatzea eta babestu egingo dituztela espero izatea ez da nahikoa. Garai geroz eta digitalago hauetan, zibersegurtasuna dugu desafio nagusietakoa herritarrok eta enpresek. Gure harreman pertsonalak eta profesionalak geroz eta birtualagoak diren honetan, aldatu egin behar dugu teknologiarekiko harremana.

Iazko trebakuntza-saioan behin baino gehiagotan esan nuenez, #Ziberetika bat eraiki behar da, eta prestakuntza teknologiko osora hedatu, geroz eta #Zibernetikoa|goa den gizarte honetan, eta harreman guztietan gizakioi legez dagokigun egiteko aktibo eta erabakigarri hori aldarrikatu. Aurten ere gauza bera azpimarratuko dut, hau da, segurtasun-sistema ororen partaide funtsezko, aktibo eta erabakigarri izatearen garrantzia. Arduraz gureganatu behar dugu segurtasun-katean gutako bakoitzari dagokigun erantzukizuna, are gehiago gazteak trebatzea eta haiei laguntzea baldin bada gure lana, ikasi ez ezik ikasitakoa transmititu ere egin behar baititugu.

  • Zer dela eta bi ikastaro desberdin aurten?

Ezagutza- eta kontzientziazio-maila desberdinak daudela ikusi genuen iazko trebakuntza-saioetan, eta, batez ere, ikasitakoa aplikatzeko eremu desberdinak dauzkagula. Alde batetik, erabiltzaileak daude; bestetik, teknikariak, beren inguruneetan segurtasun-neurriak ezarri behar dituztenak.

Hori dela eta, bi ikastaro antolatu ditugu aurten:

1.- «Zibersegurtasuna: Babesten al naute? Babesten al gaituzte? Babesten naiz!» ikastaroa, hauei zuzendua: beren inguruneetan segurtasuna ezartzeko erantzukizunik ez duten erabiltzaileei. Hona zer ikasiko dugun ikastaro horretan: gure gailuak ezagutzen eta konfiguratzen, seguru nabigatzen, erne egon beharreko eraso-motak bereizten eta haiei aurre egiten.

2.- «Zibersegurtasuna: babesa behar izanez gero, zeri eman behar diot lehentasuna?» ikastaroa, hauei zuzendua: ingurune teknologikoetan erantzukizun gutxi asko teknikoa dutenei. Ikastaro horretan, hainbat gailuren eta sareren oinarrizko konfigurazioak jorratuko ditugu batik bat. Besteak beste, routerrak eta VPNak ezagutu eta hobetuko ditugu. Horrezaz gain, lan-sare horietan dihardutenen sentsibilizazioari eta trebakuntzari ere ekingo diegu. Izan ere, geu gara segurtasun-gorabehera nagusien jatorria eta konponbidea.

  • Zibersegurtasuna dugu, beraz, hamarkada honetako erronka global eta indibidual nagusietakoa?

Edonork jasan dezakeenez zibererasoren bat, komeni da jakitea zer onura eta zer arrisku dakartzan berekin teknologia erabiltzeak. Batzuetan, segurtasun-protokoloak aintzat ez hartzeagatik sortzen dira arriskuak, edo segurtasun informatikoaren oinarrizko kontzeptuak ez jakiteagatik; beste batzuetan, kanpoko edo barruko eraso maltzurrengatik; ez ditzagun ahantz, azkenik, halabeharrezko hondamendiak (elektrizitate-horniduraren etena, uholdeak, suteak…), guretzat eta gure ingurune informatikoarentzat ezinbestekoa den informazioa galtzea eragin baitezakete.

  • Zergatik hartu behar genuke parte ikastaro horietan?

Bada, honetaz jabetu behar dugulako: gizakiok garela gure datuen identifikazio eta babesaren azken erantzuleak. Nire ustez, horretarako abiapuntu egokia izan daitezke ikastaroak.

Ikasiko dugu zer babestu behar den kasu bakoitzean, zein diren egoera bakoitzeko arriskuak, eta, batez ere, zein diren haiei aurre egiteko neurri egokiak.