Logotipo de Facebook Logotipo de Twitter Logotipo de RSS

Euskadiko gazteek uste dute gure kontsumo-ohiturak aldatu behar ditugula klima-aldaketaren kontra egin nahi badugu

Argitalpen-data: 

Klima aldaketaren txostenaren aurrerapena

2022ko martxoa eta apirila bitartean, Gazteen Euskal Behatokiak 15 eta 30 urte bitarteko 3.000 gazte baino gehiago elkarrizketatu zituen klima-aldaketarekin, energia-trantsizioarekin eta Garapen Jasangarrirako Helburuekin lotutako gaiei buruz galdetzeko. Jarraian, ikerketaren emaitzak aditzera emango dira.

European Year of YouthEuskadiko gazte gehienen ustez, egungo egoera klima-larrialdikoa da (% 78,7) eta klima-aldaketari buruz pentsatzen dutenean, batez ere, ezintasuna eta haserrea sentitzen dute (gazteen % 50,2k eta % 45,4k dituzte sentimendu horiek, hurrenez hurren). Gazteen % 50,1ek dio Euskadirentzat klima-aldaketaren kontrako borroka lehentasunezkoa izan behar dela.

Gazte gehienen iritziz, klima-aldaketaren aurka egiteko beharrezkoa da denok erosotasun batzuei uko egitea eta gure kontsumo-ohiturak aldatzea (gazteen % 84,8 oso edo nahiko ados dago baieztapen horrekin), bai eta hazkundean oinarritutako gure eredu ekonomikoa birplanteatzea ere (% 80,8).

15 eta 30 urteko gazteek ondoko baieztapenarekin azaldutako adostasun maila: "Klima-aldaketaren aurka egiteko, beharrezkoa da denok erosotasun batzuei uko egitea eta gure kontsumo-ohiturak aldatzea" (%)

Gazte gehienek energía-trantsizioaren berri izan dute (% 74,6) eta Europako Itun Berdeari buruz ere entzun dute (% 55,7); baina gehienek ez dute uste bete litekeela itun horren helburu nagusietako bat: 2050 urterako berotegi-efektuko gasen emisio garbia 0 izatea (% 68,6k ez du uste beteko denik edo seguruenik ez dela beteko dio).

Gazte gehienek normalean ingurumenaren zaintzarekin lotutako ekintza edo portaera batzuk betetzen dituzte, baina, proposatutakoen artean, bi bakarrik egiten dituzte ingurumena zaintzeko: birziklatzeko zaborra bereiztea eta erosketa-poltsa eramatea (% 74,5ek eta % 59,3k, hurrenez hurren, normalean egiten du hori ingurumena zaintzeko asmoz). Aitzitik, beste ekintza batzuen kasuan (adibidez, berogailuaren erabilera mugatzea), arrazoi nagusia aurreztea da.

Bestetik, gazteen % 66,2k Garapen Jasangarrirako Helburuen 2030 Agendaren berri izan dute, Euskadiko biztanleria osoan jasotako portzentajea baino hogei puntu altuagoa.

Gazteen ustez, Garapen Jasangarrirako 17 helburuetatik, Euskadin ekiteko lehentasunezko hiruak hauek izan beharko lirateke: osasuna eta ongizatea, kalitatezko hezkuntza eta pobreziaren amaiera. Klimaren aldeko ekintza zazpigarren postuan dago.

15 eta 30 urte bitarteko gazteen iritziz, Euskadin lehentasunezkoak izan beharko liratekeen hiru Garapen Jasangarrirako Helburuak (%)