Logotipo de Facebook Logotipo de Twitter Logotipo de RSS

Gazteen Euskal Behatokiak txosten berria kaleratu du: 'Aurrera begira 2021.Gazteen aurreikuspenei buruzko adierazleak'

Argitalpen-data: 

Aurrera Begira. Gazteen aurreikuspenei buruzko adierazleak Gazteen Euskal Behatokiak Aurrera Begira. Gazteen aurreikuspenei buruzko adierazleak ikerketaren bederatzigarren edizioa aurkeztu du 

Aurrera Begira ikerketak ia hamar urte daramatza aztertzen Euskadiko gazteek nola hautematen duten oraina eta zeintzuk diren epe laburreko etorkizunerako dituzten aurreikuspenak.

Azken txosten honetako datuak 2021eko abenduan batu ziren online egindako inkesta baten bidez. Inkesta horretan Euskadiko 15 eta 29 urte bitarteko 4.356 gaztek parte hartu zuten.

Gazte horiek emandako erantzunekin egungo egoeraren balorazioa eta etorkizunerako aurreikuspenak laburtzen dituzten hamar adierazle eguneratu dira.

Ikerketaren emaitzek adierazten dute COVID-19aren pandemiak eragin negatiboa izan duela 15 eta 29 urte bitarteko Euskadiko gazteen artean, eta hori norberaren poztasun indizean islatzen da, indize horrek 2020an eta 2021ean serieko puntuaziorik txarrenak lortu baititu, nahiz eta puntuazio horiek oraindik altuak diren, 100etik 74 eta 73, hurrenez hurren.

Egungo egoeraren balorazioa ere nabarmen jaitsi zen 2020an (2019an 70 puntu izatetik 2020an 64 puntu izatera pasatu zen, 0 eta 100 arteko eskalan), eta 2021ean puntu bat gehiago galdu du eta 63 puntukoa da.

Bizitzaren alderdien balantzeak erakusten du gazteen gabeziarik handienak ekonomia-, lan- eta aisialdi-arloetan daudela, arlo horietan gazteek sentitzen duten gogobetetze-maila ematen dieten garrantzi-mailatik urrun baitago.

Enpleguari dagokionez, egoeraren pertzepzioa hobea da; izan ere, lanean ari diren gazteen artean lana galtzeko edo lan-baldintzak okertzeko arriskua 6 puntu jaitsi da 2020tik 2021era, % 48tik % 42ra, hain zuzen ere. Hala ere, 2021ean hautemandako arriskua pandemia aurreko urteetakoa (2017-2019 aldia) baino altuagoa da, nahiz eta 2013 eta 2015 bitartean izandako zifra negatiboetara ez iritsi.

Langabezian daudenen artean, ordea, urtebeteko epean lana aurkitzea aurreikustea jasotzen duen adierazleak bi puntu galdu ditu 2020 urtearekin alderatuta; langabezian dauden gazteen % 62k uste du urtebeteko epean lana aurkituko duela, eta aurreko urtean, berriz, % 64k. Baina datu hori 2019an erregistratutakoarekin alderatzen badugu (% 92[1]), jaitsiera 30 puntukoa da. Pandemiak kalte egin die, batez ere, lan bila ari diren gazteen itxaropenei.

Ikasleen artean, prestakuntzari lotutako lana izatea aurreikusteak, hau da, ikasketak amaitzean beren prestakuntzarekin bat datorren enplegua aurkitzeko itxaropena islatzen duenak, azken urteetako zifrei eusten die, nahiz eta 2020 urtearekin alderatuta bi puntu galdu dituen. 2021ean hamar ikasletik zazpik (% 74) uste dute formakuntzari lotutako lana aurkituko dutela ikasketak amaitzen dituztenean, 2019ko edo 2017ko ehuneko bera, eta 2013an jasotakoa (% 46) baino askoz handiagoa.

Derrigorrez emigratu beharra aurreikusteak behera egin du, eta serieko mailarik baxuenean dago; gazteen % 8k soilik uste du etorkizunean atzerrira joan beharko duela lanera, nahi gabe. Ehuneko hori oso urrun dago 2013an jasotako % 16tik. Orduan, krisi-egoeraren eta langabezia-tasa handiaren ondorioz, gazte batzuek aukera hori beren lan-arazoen konponbidetzat hartzen zuten.

Urtebeteko epean beren kontura bizi nahiko luketen eta hori egiterik izango ez dutela uste duten gazteen ehunekoa, alde batetik, eta emantzipatuta egonik gurasoen etxera itzuli beharko direla uste dutenena, bestetik, batera hartuta, ia ez da aldaketarik ikusten 2020tik 2021era (2020an gazteen % 41 zegoen egoera horretan eta 2021ean % 42). Emantzipazioa zapuztuko dela aurreikuste hori jasotzen duen adierazlearen balioa 2019an izandakoaren antzekoa da, urte horretan lortu baitzen seriearen emaitzarik onena (% 40).

Gazteen gaitasunekiko konfiantza-indizeak, elkarrizketatutako pertsonek euskal gazteriari zortzi ezaugarrietan (langilea, arduratsua, kualifikatua, parte-hartzailea, ekintzailea, idealista, autonomoa eta solidarioa izatea) ematen dioten batez besteko puntuazioa adierazten duenak, 2013tik hona izandako emaitzarik txarrena lortu du eta, 0tik 100era doan eskalan, 64 puntukoa da 2021ean.

Etorkizuneko konfiantza-indizea kalkulatzeko kontuan hartzen dira bost urteko epean norberaren, gazteriaren eta Euskadiren egoerek izango duten bilakaerari buruzko aurreikuspenak, eta horiek okertu egin dira. 2021ean lortutako emaitza, 100etik 61 puntukoa, seriearen txarrena da.

2021eko emaitzen eta 2013an, seriearen hasieran, erregistratutakoen arteko alderaketak erakusten digu une batean eta bestean bizi izandako errealitateak oso desberdinak direla. 2013an erregistratu ziren 2009ko krisi ekonomiko-finantzarioaren ondoriozko langabezia-tasa handienak. 2021ean, inkesta egin zen unean, Covid19aren pandemiaren seigarren olatuan geunden, eta horrek eragina izan zuen, ez bakarrik lan-arloan, baita osasun fisiko eta mentalean eta aisialdiaren eta gizarte-harremanen esparruan ere, besteak beste.

Hala, ikusten dugu 2021ean enpleguari buruzko adierazleek nabarmen egin dutela hobera 2013arekin alderatuta: 15 puntu jaitsi da gazte langileen enplegua galtzeko edo prekarizatzeko arriskua, eta enplegua aurkitzeko itxaropenak, berriz, hazi egin dira, bai langabezian dauden pertsonen artean (8 puntu), bai ikasleen artean (28 puntu). Bestalde, atzerrira nahi gabe lan egitera emigratu beharko zutela uste zutenen ehunekoa erdira jaitsi da (% 16tik % 8ra).

Hala ere, gazteen bizitzan laneko gaiak ez ezik, beste alderdi gehiago ere badaude eta, horregatik, 2013tik 2021era uneko balorazioa 3 puntu hobetu bada ere, gogobetetasun pertsonala 7 puntu jaitsi da eta etorkizunarekiko konfiantza ere 3 puntu jaitsi da.

Bestalde, adierazle horiek ematen duten informazioa osatzeko, elkarrizketa sakonak egin zaizkie gazte batzuei. Gazte horiek beren kezkei, egoeraren bilakaerari, inguruko gazteekin konparatzeari edo etorkizunerako itxaropenei buruz hausnartu eta arrazoitu dute.

[1] 2019an enpleguaren susperraldiak 2013an hasitako seriearen emaitzarik onena eragin zuen: % 92.

Aurrera Begira 9 urte