Hizkuntza-ziurtagiriak

C1

C1 agiriaren bidez, zure euskara maila frogatu ahal izango duzu. Deialdi hauek libreak dira eta edonor aurkez daiteke. Ez ahaztu, C1 azterketa egiteko gutxienez 17 urte eduki behar dira urte barruan. Urtean bitan zabaltzen dira azterketa hauek egiteko matrikula epeak. Matrikula Internet bidez egin behar da nahitaez.

Azterketa presta ezazu

 azterketa
Argazkiaren egilea: ZeLIG School
Lizentzia:CC BY-SA 2.0 

Internet

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren web orrialdean, Euskara Zerbituzaren atalean, proba bakoitzaren zenbait eredu dituzu eskuragarri.

Euskal Jakintzak C1 prestatzeko hainbat baliabide jarri ditu denon eskura.  

C1ari buruzko galderarik ohikoenak (FAQ) ere kontsulta ditzakezu.

Baliokidetzak

Hauek dira baliokidetzak, 297/2010 DEKRETUA, azaroaren 9koa, euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu, eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko mailekin parekatzeko denaren arabera:

Baliokidetzen taula

  • Europako Erreferentzia Markoko B1 maila:  IVAPeko 1 HE,   HABEko 1 maila, Osakidetzako 1 HE eta Hizkuntza Eskola Ofizialetako 3. Maila edo Tarteko Maila.
  • Europako Erreferentzia Markoko B2 maila:  IVAPeko 2 HE,   HABEko 2 maila, Osakidetzako 2 HE, Ertzaintzako 1 HE eta Irakaspostuen 1 HE, Hizkuntza Eskola Ofizialetako 4. maila edo Maila Aurreratua.   
  • Europako Erreferentzia Markoko C1 maila:  IVAPeko 3 HE,   HABEko 3 maila, Osakidetzako 3 HE,  Ertzaintzako 2 HE, C1, Irakaspostuen 2 HE, Hizkuntza Eskola Ofizialetako 5. maila edo Euskal Gaitasun maila, eta Euskaltzaindiaren D agiria.  
  • Europako Erreferentzia Markoko C2 maila:  IVAPeko 4 HE,   HABEko 4 maila, Osakidetzako 4 HE. 

Hizkuntza-eskola ofizialak

 hizkuntza eskola ofiziala
Hizkuntza Eskola Ofiziala

Hizkuntza-eskola ofizialek ere badute beren euskara agiria. Azterketa bi deialdi daude, ikasle libre eta ofizialentzat.

  • Ikasle libreak: azterketa egiteko matrikulatzen diren ikasleak dira hauek, eta azterketa egiteko eskubidea dute soilik. Ikasle libreek ez dute aurkezterik Euskarazko Gaitasun (C1) mailara.
  • Ikasle ofizialak: ikasle hauek hizkuntza-eskola ofizialetan klaseak hartzeko matrikulatzen dira eta ikasturte amaierako azterketa egiteko eskubidea dute. Ikasturteko azterketak ekainean eta irailean izaten dira. Gutxienez 16 urte izan behar dira hizkuntza-eskolan matrikulatzeko.

Azterketa ereduak ikusi nahi badituzu, jo ezazu Hizkuntza Eskola Ofizialetako web orrialdeetara. Euskadin 14 zentro daude, dagokizun zentroan gauzatu behar duzu matrikula.

Hizkuntza-eskakizunak

 mahaia papelekin
Argazkiaren egilea: t.animal
Lizentzia:CC BY-SA 2.0 

1.- Administrazio Orokorreko langileentzako hizkuntza-eskakizunak

Hizkuntza-eskakizunak Administrazio Orokokorreko hainbat postuetan lanean aritzeko behar diren euskara ziurtagiriak dira.

HAEE-IVAPeko azterketa ereduak ondorengoei zuzenduta daude:

  • Batetik, administrazio publikoko funtzionariak. HAEE-IVAPek egiten dituen deialdien bidez aurkeztu daitezke.
  • Bestetik, administrazio publikoetako lanpostuak betetzeko hautaketa prozesuetan parte hartuko duten herritarrak. Deialdian agertzen diren baldintzak bete beharko dituzte parte hartu ahal izateko.

Azterketa hauetara aurkezten direnek lau hizkuntza trebetasun bete behar dituzte. Froga horretan entzumena, mintzamena, irakurmena eta idazmena baloratzen dira, eta derrigorrezkoa da lau atal  horiek gainditzea edozein perfil egiaztatzeko. Azterketa gainera, saio berean egiten da, eta azterketa egiten ari den pertsonari ez zaio kontuan hartzen aurreko azterketaldi batean lortutako emaitza. Emaitza beraz, orokorra da: gai ala ez gai.

Azterketa hauek prestatzeko baliagarri gerta daitezke  IVAP (Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea)ren orrian agertzen diren hainbat hizkuntza-eskakizunetako azterketa ereduak

Hizkuntza-Eskakizunak prestatzen lagungarri izango zaizun materiala eskura duzu IVAPen Argitalpen zerbitzuan:

  • "Herri-Administazioetako hizkuntza-eskakizunak. Azterketa ereduak" agortuta dago. "Hizkuntza-eskakizunak: azterketa-ereduak eta atariko probak. 2005" aldiz, eskuragarri dago. 
  • "Administrazioa euskaraz aldizkaria. Gramatika artikuluen bilduma eta ariketak" (2010).
  • 4. HE  egiaztatzeko asmoa baduzu "Administrazioko testugintzan sakontzeko ikastaroa (Europako erreferentzi marko bateratuko C2 mailara egokitua)"(2010) gomendatzen dizuegu.

2.- Irakasleen Hizkuntza-eskakizunak

Era berean, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak bideratutako beste hizkuntza-eskakizun batzuk ere badaude.

Hezkuntzako Hizkuntza-eskakizunak deialdi itxi eta irekietan banatuta daude: 

  • Deialdi itxiak: deialdi hauetan Irale programaren barruan dauden irakasleek parte hartu dezakete.
  • Deialdi irekiak: deialdi irekietan parte hartzeko ezarritako baldintzak bete behar dira.