2020ko ekainean Lanbiden lan-eskatzaile gisa izena emanda zutenen % 27,8 gazteak ziren, 35 urtetik beherakoak

Argitalpen-data: 

2020ko ekainean 35 urtetik beherako 130.438 gaztek Lanbiden (Euskal Enplegu Zerbitzua) izena emanda zuten, lan-eskaitzaile moduan. Kopuru hori Lanbiden izena emanda zuten adin guztietako pertsonen % 27,8 zen.

Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa erregistratutako gazteen kopurua nabarmen handitu zen urtean zehar baina hazkunderik handiena martxoa eta apirila bitartean izan zen.

Nolanahi ere, hazkunde hori ez zen gazteen artean bakarrik gertatu, adin-tarte guztietan izan baitzen.

2020an Lanbiden izena emanda duten enplegu-eskatzaileen kopuruaren bilakaera (absolutuak)

Baina ekainean lan-eskatzaile gazte horien artean erdiak baino gutxiago ziren langabeak, % 32,5, hain zuzen ere; gainerakoek lana zuten baina lan hobea edo bere gustukoagoa bilatzen zuten. Portzentaje hori Covid-19ren ondorioz ezarritako alarma-egoeraren aurretik izandakoa baino txikiagoa da.

2020an Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa izena emanda duten gazteen artean, langabeen portzentajearen bilakaera  (%)

Zenbaki absolututan, lana eskatzen duten langabe gazteen kopurua urtarriletik ekainera 29.695etik 42.330era handitu bazen ere, enplegu-eskatzaile gazteen artean duten pisua aurreko hilabeteetakoa baino txikiagoa zen ekainean, lana hobetzeko eskatzen dutenen kopurua handiagoa izan baitzen.

2020an Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa izena emanda duten gazteen kopuruaren bilakaera, langabezian edo lanean dauden arabera (absolutuak)

Ekaineko datuei bakarrik erreparatuz gero, ikus dezakegu sexuaren araberako enplegu-eskatzaile gazteen banaketa oso parekoa zela, % 49,3 gizonak ziren eta % 50,7 emakumeak.

Eta lurralde historikoaren araberako banaketa lurralde bakoitzeko biztanleriaren banaketarekiko nahiko proportzionala zen; enplegu-eskaitzaile gazteen % 17,3 Arabakoa zen, % 51,7 Bizkaikoa eta % 31,0 Gipuzkoakoa.

Azkenik, adin-taldeen araberako banaketak erakusten digu lan-eskatzaile kopururik handiena 30 eta 34 urte bitartekoen artean dagoela (% 38,3) eta, ondoren, 25 eta 29 urte bitartekoen artean (lan-eskatzaileen % 34,1); bestetik, 20 eta 24 urte bitartekoen artean % 23,0 zegoen eta 20 urtetik beherakoen artean % 4,6.

Aurreko datu horiek Gazteen Euskal Behatokiak aztertu ditu Lanbidek, Euskal Enplegu Zerbitzuak, enplegu-eskatzaileei buruz argitaratzen dituen estatistikak oinarri hartuta.