- Zer da indarkeria sexista?
Gaur egun, terminologia anitza dugu: Indarkeria matxista, sexista, genero indarkeria, emakumeen kontrako indarkeria eta abar. Terminologiak bere bilakaera izan du indarkeria mota hau ulertzeko moduak izan duen heinean.
Indarkeria sexista, emakumeok, emakume bezala irakurriak izateagatik jasotzen dugun indarkeria da. Gizarte patriarkal honetan, gizon eta emakumeon arteko botere harremanak mantendu ahal izateko erabiltzen den estrategia da indarkeria sexista. Eta modu eta esparru ezberdinetan jasotzen dugu: familian, ikastetxean, lanean, espazio birtualean, bikote harremanetan, eta abar luze bat.
Ikastaroan, lehenengo parrafoan aipatutako terminoak argitzeko astia hartuko dugun arren fokoa indarkeria sexistan jarriko dugu.
- Komunikabideetan behin eta berriro argitaratzen dutenez, indarkeria sexista gazterian ematen den arazo larri bat da. Zein iritzi duzu honen inguruan?
Ados nago arazo larri bat denaren ideiarekin, baina arazo soziala da, ez da gazteriarena bereziki. Arazoa estrukturala da. Gazteriak, bere sozializazioan zehar agente ezberdinen aldetik (familia, eskola, komunikabideak, eta abar.) jasotako balore eta mezuak ditu oinarritzat, eta noski, balore eta mezu sexistetan sozializatuak izan badira, hau da transmititzen dutena eta honen arabera harremantzen dira.
Ala ere, egia da gazterian indarkeria sexista ematen den modua bere ezaugarri propioak dituela. Gazteek duten harremantzeko modua, erabiltzen dituzten espazioak, beraien erreferenteak eta helduok ditugunak ez dira berdinak. Beraz, ezaugarri guzti hauek kontuan izan behar dira prebentzio lan eraginkorra egin nahi badugu.
Azkenik, garrantzitsua iruditzen zait baita ere gazteen indarkeria sexistaren kontra adierazi duten ekintzailetasuna eta gaitasuna aipatzea. Gazteria ez da pasiboa, jarrera aktiboa hartzen du eta ekimen ezberdinak jartzen dituzte martxan. Adibidez, Beldur Barik lehiaketan azken 10 urteetan aurkeztu dituzten bideoak aipatu ditzakegu (Ikus www.beldurbarik.eus). Bideo hauetan ikus daiteke nola gazteriak, kontzeptu honen aniztasun osoa kontutan izanik, sexua, adina, jatorria, sexu orientazioa, eta abar luze bat indarkeria sexistak dituen modu eta adierazpen ezberdinak identifikatzeko gai izan diren eta hauei aurre egiteko adierazpenak egin dituzten.
- Nola prebenitu dezakegu gazterian ematen den indarkeria sexista?
Gaur egun, prebentzio ildo ezberdinak daude. Lan ildo batek, indarkeriaren identifikazioan jartzen du fokua, beste ildo batek, tratu onak jartzen ditu erdigunean, azkenik, neska gazteen ahalduntze prozesuak bultzatzen dituzten esku-hartzeak ere badaude. Bestetik, esku-hartzeak maila ezberdinetan egin daitezke: taldeetan, indibidualki eta maila komunitarioan. Azkenik, gazteak erdigunean jartzen dituzten Beldur Barik bezalako erreferentziazko programak ere baditugu. Guzti hau aztertuko dugu ikastaroan zehar.
Guzti hau kontuan izanik ere, gazteekin harremanetan gaudenok geure buruari ere begiratu behar diogu. Askotan gazteen jarrera sexistez hitz egiten dugu, baina zein dira gure jarrerak? Zer da gazteei transmititzen dieguna gure egunerokotasunean? Gu ere gizarte sexista honetan sozializatuak izan gara eta ondorioz askotan gure diskurtsoak bide bat hartzen du eta gure jokabideek beste bat… honi ere erreparatuko diogu ikastaroan.
- Zein dira ikastaro honekin lortu nahi dituzun helburuak?
Ikastaro honen helburu nagusia gazteekin harremanetan dauden agente ezberdinei prebentziorako pilulak eskaintzea da. Alde batetik, gazteria eta indarkeria sexistaren gaineko oinarrizko formazioa eman nahi dut, zer den, zein funtzio betetzen dituen eta nola funtzionatzen duen ulertu ahal izateko. Bestetik, gazterian indarkeria sexista prebenitzeko esku-hartzeen inguruko hausnarketa bultzatuko dut baliabide ezberdinak eskainiz. Hau da, indarkeria sexista nondik datorren eta gaztaroan zein ezaugarri dituen aztertzetik prebentziorako pilulak eskaintzerako ibilbidea egingo dugu ikastaroan.