Langabezian dauden Euskadiko 10 gaztetik 9k espero dute lana urtebeteko epean aurkitzea

Argitalpen-data: 

  • Langabezian dauden gazteen % 92k espero du lana aurkitzea urtebeteko epean
  • Prestakuntzarekin bat datorren enplegu bat aurkitzeko konfiantza % 74koa da ikasle gazteen artean.
  • 2013ko seriearen hasierari dagokionez, erdira murriztu da lan egitera atzerrira joan beharko dutela uste dutenen ehunekoa.
  • Gazteen Euskal Behatokiak Aurrera Begira. Gazteen aurreikuspenei buruzko adierazleak azterlanaren 7. edizioa aurkeztu du.

Aurrera Begira 2019

1.540 inkesta 2019ko azaroan eta abenduan 

Aurrera Begira ikerketak zazpi urte daramatza euskal gazteek oraina nola ikusten duten eta epe laburrean etorkizunerako dituzten itxaropenak zeintzuk diren aztertzen. 

Azterlana gazteak gehien kezkatzen dituzten gaien bilakaera ebaluatzeko tresna sintetiko gisa hartu zen: haien lan-etorkizuna, epe laburrean emantzipatzeko aukera edo lan-arrazoiengatik emigratzeko beharra. 

Azterketa urtero egin da 2013tik, eta aurreko edizioetan bezala, landa-lana 2019ko azarotik abendura bitartean egin zen inkesta bidez. Inkesta horri 15 eta 29 urte arteko 1.540 gaztek erantzun zioten.

10 adierazle, gazteek bizi duten unearen eta etorkizunerako dituzten itxaropenen balantzea egiteko 

Aurrera begirako emaitzak 10 adierazleren inguruan egituratu dira. Lehenengo hiruren ardatza da uneko egoeraren balorazioa, bi ikuspuntutatik: pertsonala eta kolektiboa.

  1. Egungo egoeraren balorazio indizea
  2. Norberaren poztasun indizea
  3. Bizitzaren alderdien balantzea

Jarraian, enplegu-itxaropenak ardatz dituzten lau adierazle aztertuko ditugu:

  1. Lana galtzeko edo baldintzak okertzeko arriskua
  2. Lana aurkitzea aurreikustea
  3. Prestakuntzari lotutako lana izatea aurreikustea
  4. Derrigorrez emigratu beharra aurreikustea
  5. adierazlea emantzipazioari buruzkoa da:
  6. Emantzipazioa zapuztuko dela aurreikustea

Azkenik, etorkizunerako itxaropenak ardatz dituzten bi adierazle aztertu dira:

  1. Gazteen gaitasunekiko konfiantza indizea
  2. Etorkizunarekiko konfiantza indizea 

ONDORIOAK

Egungo egoeraren balorazio-indizeak, egoera pertsonala ez ezik, gazteen, oro har, edo Euskadi osoaren egoera ere kontuan hartzen duena, serieko mailarik altuenera iristen da (100etik 70), eta 2013an neurketak hasi zirenean erregistratutako balioa (60) baino hamar puntu gorago dago.

Norberaren poztasun indizea are handiagoa da, 78 puntu, eta oso egonkor ageri da ikerketa-serie osoan zehar. Hori kalkulatzeko, gazteei eskatzen zaie beren bizitzako 10 arlorekin duten gogobetetzea baloratzeko eta, ondoren, batez bestekoa kalkulatzen da. Arlo horiek honakoak dira: osasuna, familia, lagunak, lana, ikasketak edo prestakuntza, aisialdia, emantzipazioa, harreman sentimentalak edota sexualak, dirua eta, azkenik, irudi fisikoa.

Hain zuzen ere, arlo horiekiko gogobetetzea arlo bakoitzari ematen zaion garrantziarekin alderatuta lortzen da hirugarren adierazlea, bizi-alderdien balantzea izenekoa. Osasuna, familia eta lagunak dira, ordena horretan, gazteek gehien baloratzen dituzten alderdiak, eta horiekiko dute asebetetzerik handiena. Beste muturrean, enplegua eta dirua dira garrantziaren mailaren azpitik dauden asebetetzea erakusten duten gaiak.

Enpleguarekin lotutako adierazleek zerikusi handia izan dute uneko balorazio-indizearen hobekuntzan. Izan ere, lana galtzeko edo baldintzak okertzeko arriskuak lanean ari diren gazteen herenari eragiten jarraitzen duen arren, 23 puntu murriztu da 2013tik.

Langabezian dauden gazteen artean urtebeteko epean lana aurkitzea aurreikustea % 54tik % 92ra igo da 2013 eta 2019 artean.

Ikasleen artean, prestakuntzari lotutako lana izatea aurreikusteak % 46tik % 74ra egin du gora.

Gainera, gazteen artean, oro har, lan egiteko etorkizunean derrigorrez emigratu beharra aurreikustea erdira murriztu da: 2013an % 16koa zen, eta 2019an, berriz, % 8koa.

Euskal gazteriak bere burua honela definitzen du: prestatua, kualifikatua, langilea eta arduratsua. Idealista, autonomoa, parte-hartzailea eta ekintzailea bezalako beste ezaugarri batzuk neurri txikiagoan dituztela uste dute. Balorazio horietatik lortzen da gazteen gaitasunekiko konfiantza-indizea, 2019an 100etik 66 puntura iristen dena.

Egungo egoerari buruzko balorazio hobe horrek etorkizuna baikorrago ikustea dakar. Etorkizunarekiko konfiantza indizea, zeinak bost urte barru norberaren egoera, gazteriarena eta Euskadikoa nolakoak izango diren neurtzen baitu, bost puntu igo da 2013an izandakoarekiko, eta 2019an 69koa da, 0 eta 100 arteko eskalan.

Aurrera Begira 7 urte

GEBren logoa 

Jarrai gaitzazu gizarte-sareetan!

Facebook logoa   Twitter logoa