Azken urteetan Euskadiko unibertsitateek eskaintzen dituzten zientzien adarreko graduetan emakume gehiago graduatzen dira, gizonak baino
Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunaren harira, Gazteen Euskal Behatokitik Euskadiko unibertsitateetan zientzien adarrean graduatutako ikasleei buruzko datuak plazaratu nahi ditugu.
2017/2018 ikasturtean (hori baita Eustatek, Euskal Estatistika Erakundeak, Unibertsitateko irakaskuntzari buruz argitaratu duen azken datua) 466 ikaslek bukatu zuten zientzien adarreko graduren bat. Horietatik, erdiak baino gehixeago (% 54,1, hain zuzen ere) emakumeak ziren.
2013/2014 ikasturtetik 2017/2018 ikasturtera arte izandako bilakaera aztertuz gero, ikus dezakegu zientzien adarreko graduren bat bukatu dutenen artean emakumeen proportzioa gizonena baino handiagoa dela beti.
Sailkapen ofizialaren arabera, zientzien adarreko graduak hauek dira: Biologia, Biokimika eta biologia molekularra, Bioteknologia, Elikagaien zientzia eta teknologia, Ingurumen zientziak, Fisika, Geologia, Matematikak eta Kimika. 2017/2018 ikasturtean horietako gehienetan emakume gehiago graduatu ziren, gizonak baino; salbuespenak Fisika, Ingurumen zientziak eta Geologia graduetan gertatu ziren, kasu horietan gizonezko tituludunak emakumezkoak baino gehiago baitziren.
Edozelan ere, 2017/2018 ikasturtean Euskadiko unibertsitateetan graduatu ziren ikasle guztien artean (gizon zein emakume, eta adar guztiak kontuan hartuta), zientzien adarrekoen pisua % 5,1 baino ez zen.