Ane Martínez Recio elkarrizketatu dugu, 'Zibersegurtasuna: gure ekintzen erantzukizuna geure gain hartzeko erronka' tailerraren bideratzailea

Argitalpen-data: 

  • Ane Martínez Recio Iaz «Zibersegurtasuna edo gure ekintzen erantzukizuna geure gain hartzeko erronka» lineako tailer laburra eman zenuen. Aurten ere ikastaro bera proposatu duzu, zergatik errepikatu duzu gaia?

Ikastaro hori iaz eman nuenean, pandemiaren hirugarren hilabetean geunden, eta telelana nagusitzen ari zen. Pertsonak hasi ziren segurtasunaz kezkatzen gero eta gehiago, eta gailuak, sareak, datuak eta abarrak babestu nahi zituzten.

Hil horietan erabiltzaileek sistemak blindatu nahi zituzten, kutsaduraren aurkako programarik onenen bila zebiltzan, eta, kutsatua izanez gero, desinfektatzeko modurik onenak aurkitu nahi zituzten.

Hala ere, pertsona gutxi batzuek baino ez zuten erantzukizun-mailari buruzko hausnarketarik egiten; eta gailuen eta sareen erabiltzaile gisa edo datuen sortzaile edo gordetzaile gisa, geu ere erantzuleak gara.

Kontuan izan behar dugu eraldaketa digitala iraunkorra izango dela gure bizitzan eta lanbideetan. Hortaz, ezin dugu pentsatu zibersegurtasuna beste batzuek ziurtatu behar digutenik; ezin dugu gai hori beste batzuen esku utzi eta ahaztu. Egia da zenbait kontu kanporatu edo beste pertsona batzuen esku utz ditzakegula, eta gailuak eta sareak beste batzuen laguntzaz babes ditzakegula, baina tailerrean erakusten dugu zibersegurtasunaren elementurik garrantzitsuena giza faktorea dela.

Horregatik, nire ustez, gai interesgarria izaten jarraitzen du. Prestakuntzako eta hezkuntzako prozesuan gazteei laguntzen diegunok berriro ere zeregin handia dugu esku artean: #ziberetika eraikitzea eta zabaltzea gizarte gero eta #zibernetikoago batean. 

  • Orduan, #ziberetika jorratuko dugu zibersegurtasunari buruzko ikastaroan?

Ikastaroaren gai nagusia ez da etika izango, baina pertsona parametro berezitzat hartuko dugu. Gailuen erabiltzailea tresna digitalak erabiltzeko ohitura seguruen arloan ondo prestatu baldin bada, eta erabiltzailea bera suebaki bihurtzen bada, segurtasun-akatsen arrakasta-ehunekoa askoz ere txikiagoa izango da, zibererasoa edo zibergaizkilea edonor izanda ere.

Horrez gain, jakina, faktore teknikoa ezinbestekoa da, eta konfigurazioak ere zuzena eta egokiena izan behar du. Baina, datuen arabera, zibererasoen % 95 gertatzen dira pertsonei ezagutza falta zaielako, edo erroreak egiten dituztelako.

  • Pandemiaren urtean gora egin dute zibererasoek?

Pandemia-egoeran Espainian gora egin dute zibererasoek, bai «kualitatiboki», baita «kuantitatiboki» ere; gainera, Inteligentzia Zentro Nazionalaren txosten baten arabera, larriagoak dira. Eraso larri edo kritikoak bikoiztu egin ziren, 2019koekin erkatuta.

Pandemiak eszenatoki berriak erabiltzera edo gehiago erabiltzera behartu gaitu: bilera birtualak, telelana, lineako eskolak, lineako merkataritza, ingurune birtualen bitartezko sozializazioa eta abar. Horren ondorioz, zibermehatxuak etengabe aldatuz doaz, erabiltzaileen jokabideetara eta lineako joeretara moldatzeko eta probetxu ateratzeko. Horregatik, gero eta hobeto jakin behar dugu gure ekintzek nola eragingo dioten gure gailuen eta sareen segurtasunari, hau da, segurtasuna babesteari eta blindatzeari.

Erantzukizun hori geure gain hartzen baldin badugu, arriskuak eta haiei aurre egiteko jarrera eta baliabide erabilgarriak ezagutzeaz arduratuko gara, prestakuntza eta informazioa bilatuko ditugu, eta, batez ere, gure bizitza analogikoan zein digitalean jarrera etikoa eta koherentea izango dugu.

  • Zure ustez, zergatik egin beharko genuke maiatzeko tailerra?

Pandemian hedatu eta orokortu diren erabilera- eta kontsumo-ohitura asko finkatu egingo dira gure gizartean; eta, pandemia bukatu ondoren, ziur asko, are larriagoak izango dira arrisku ezkutu batzuk, hala nola lineako iruzurrak, jazarpena, phisinga, nortasuna ordeztea eta abar.

Ikastaroan, besteak beste, lan-eremua osatuko dugu edukiak bertan erakusteko eta ikasteko, baina, batez ere, esparru etikoa eraikitzeari buruzko hausnarketa egingo dugu: zer egin ahal eta behar dugun eta zer ez; edo segurtasunaren arloan zer ondorio izaten duten gure jardunak eta gure jardunik ezak.

Ikastaroa: Zibersegurtasuna: gure ekintzen erantzukizuna geure gain hartzeko erronka