Behera egiten ari da seme-alabak izan nahi dituzten gazteen kopurua Euskadin

Argitalpen-data: 

Seme-alabak nahi dituzten gazteek diote beren lehen seme-alaba 30 urte dituztenean izan nahi dutela

Euskadin seme-alabarik ez duten 30 urtetik beherako gazteen % 67,6k diote egunen batean izatea asko edo nahikoa gustatuko litzaiekeela. Gainerakoei gutxi edo batere ez litzaikeela gustatuko edo ez dute horri buruzko iritzirik.

Datu horiek Gazteen Euskal Behatokiak 2020ko udazkenean 15 eta 29 urte bitarteko 6.000 gazteri baino gehiagori online egindako inkesta batetik datoz. 2020ko datuak aurreko urteetan jasotakoekin konparatuz gero, ikusten dugu seme-alabak izan nahi dituztela dioten gazteak gero eta gutxiago direla 2015etik hona.

Seme-alabarik ez duten baina etorkizunean izatea asko edo nahikoa gustatuko litzaikeela azaldu duten Euskadiko 15 eta 29 urte bitarteko gazteen ehunekoaren bilakaera

Batera hartzen baditugu seme-alabak izatea asko edo nahikoa gustatuko litzaiekeela diotenen portzentajeak, ez da alde esanguratsurik hautematen sexuaren edo adinaren arabera; baina asko gustatuko litzaiekeela diotenak bakarrik kontuan harturik, ikus daiteke 2020an emakume gazteek gizon gazteek baino gehiago nahi dutela (%40,3 eta % 30,5, hurrenez hurren), bai eta 20 eta 29 urte bitartekoei 20 urtetik beherakoei baino gehiago gustatuko litzaiekeela ere. 

Seme-alabarik ez duten baina etorkizunean izatea gustatuko litzaiekeela azaldu duten Euskadiko 15 eta 29 urte bitarteko gazteen ehunekoa, sexuaren eta adinaren arabera

Gainera, sexua eta adina konbinatzen baditugu, ikusten dugu 20 eta 29 urte bitarteko emakumeak direla seme-alabak izatea gehien nahi dutenak. Edozelan ere, 15 eta 19 urte bitarteko emakumeen artean seme-alabak izatea asko gustatuko litzaiekeela diotenen ehunekoa edozein adin-taldeko gizonena baino handiagoa da.

Seme-alabarik ez duten baina etorkizunean izatea gustatuko litzaiekeela azaldu duten Euskadiko 15 eta 29 urte bitarteko gazteen ehunekoak, sexua eta adina gurutzatzearen arabera

Bestetik, egunen batean seme-alabak izatea nahi dutenek adierazi dute horretarako jotzen duten adinik aproposena 30,4 urte direla. Emakumeen iritziz egokiena litzateke 30,0 urte dituztenean izatea; gizonen iritziz, 30,8 urte dituztenean.

Adinean gora egin ahala adin ideal hori atzeratu egiten da. 15 eta 19 urte bitarteko gazteek diote 29,4 urte dituztenean izan nahi dutela aita edo ama, 20 eta 24 urte bitartekoen iritziz, 30,1 urte dituztenean, eta 25 eta 29 urte bitartekoek 31,6 urtetara atzeratzen dute.

Adin ideal hori Euskadin lehen seme-alaba izaten den adinaren azpitik dago. INEk (Instituto Nacional de Estadística), argitaratzen dituen datuen arabera (Gazteen Euskal Behatokiaren webguneko estatistiketan, demografía eta biztanleria atalean, hain zuzen ere, kontsulta daitezkeenak), Euskadin, emakumeek beren lehen seme-alaba erditzen dutenean 31,9 urte dituzte, batez beste, hau da, emakumeek idealtzat jotzen duten adina baino ia bi urte beranduago.

Oraindik seme-alabarik ez duten baina izan nahi dituzten gazteei hauxe galdetu diegu: ea idealtzat jotzen duten adinean izango dituztela uste duten, % 59,4k erantzun dute seguraski edo agian bai eta % 28,4k, aldiz, ez dute uste edo seguruenik ez dela hori gertatuko esan dute.
Zenbat eta nagusiagoa izan, orduan eta gutxiagok uste dute balitekeela idealtzat jotzen duten adinean seme-alabaren bat izatea.

 Seme-alabarik ez duten baina etorkizunean izatea gustatuko litzaiekeen Euskadiko 15 eta 29 urte bitarteko gazteak, uste dutenak beren lehen seme-alaba idealtzat jotzen duten adinean izango dutela, sexuaren eta adinaren arabera (%)

Adinean gora egin ahala, nahi duten adinean ez dutela seme-alabarik izango uste dutenen portzentajea jaistea, ageriagoa da emakumeen artean, gizonen artean baino.

Seme-alabarik ez duten baina etorkizunean izatea gustatuko litzaiekeen Euskadiko 15 eta 29 urte bitarteko gazteak, uste dutenak beren lehen seme-alaba idealtzat jotzen duten adinean izango dutela, sexua eta adina gurutzatzearen arabera

Oro har, kontuan hartzen badugu 30 urtetik beherako hiru gaztetik bik bakarrik nahi dutela etorkizunean seme-alabak izan (% 67,6), horretarako adinik egokiena, gazteen ustez, berantiarra dela (30,4 urte dituztenean) eta, hala ere, seme-alabak izan nahi dituzten gazteen erdiek baino gehixeagok bakarrik uste dutela adin horretan izango dituztela  (% 59,4), ondoriozta dezakegu euskal gizarteak erronka demografikoari aurre egin behar izango diola.