Euskadiko gazteek uste dute beraien egoera ekonomikoak txarrera egin duela haurtzarotik hona

Argitalpen-data: 

Lehendakaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak, bere 73. Euskal Soziometroan (2021eko ekainekoan) galdera hau egin du: 0 eta 10 arteko eskala erabiliz, non 0ak maila baxuena edo pobrea adierazten duen eta 10ak altuena edo aberatsa, non kokatuko zenuke zeure burua gaur egun? Gazteen Euskal Behatokiak 18 eta 29 urte bitarteko pertsonek emandako erantzunak aztertu ditu, bai eta gainerako biztanleen erantzunekin alderatu ere.

18 eta 29 urte bitarteko gazteen % 8k 0 eta 3 artean kokatu du bere burua, % 57k 4 eta 6 artean eta gainerako % 35ek 7 eta 10 artean. Gazteen batez bestekoa, 0 eta 10 arteko eskala horretan, 5,7koa da, Euskadiko biztanleria osoaren batez bestekoaren parean.

Baina haurtzaroan non zeuden adierazteko eskatzean, gazteek 6,1eko puntuazioa eman diote, batez beste, orduko egoerari; hau da, oraingo kokapenaren gainetik, bai eta biztanleriaren batez bestekoaren gainetik (biztanleria osoak, batez beste, 5,6an kokatzen du bere burua haurtzaroan). Izan ere, gazteak dira haurtzaroko maila ekonomikoa hobekien baloratzen dutenak eta haurtzaroaren egoerarekiko puntuazioak beherantz egiten du adinean gora egin ahala.

Adin-taldeen araberako analisiak zera adierazten du: gazteek uste dute beraien maila ekonomikoa jaitsi dela, 30 eta 64 urte bitartekoen iritziz beraien egoera ekonomikoa bere horretan mantendu da, eta 65 urte eta gehiagokoen ustez beren maila ekonomikoa hobetu da.

Euskadiko biztanleriaren kokapena norberak egungo eta haurtzaroko maila ekonomikoa neurtzeko 0 eta 10 arteko eskalan, adin-taldeen arabera

Ondoko taulak adierazten du adin-talde bakoitzean zenbatek uste duten bizitzan zehar aurrerapen ekonomikoa izan dutela (norberaren gaur egungo egoera ekonomikoaren pertzepzioa gutxienez bi puntu hobea da haurra zeneko pertzepzioa baino, 0tik 10erako eskalan), zenbatek uste duten beraien egoera egonkor mantendu dela eta zenbatek dioten beren egoera ekonomikoak txarrera egin duela (egungo egoera ekonomikoaren pertzepzioa gutxienez bi puntu okerragoa da haurra zeneko egoeraren pertzepzioa baino).

Taulan ikus daiteke, gazteen ustez, haiek osatzen dutela maila ekonomikoan gutxien hobetu eta, aitzitik, gehien okertu direnen taldea.

Euskadiko biztanleriaren banaketa, bere maila ekonomikoak haurtzarotik hona izan duen bilakaerari buruzko pertzepzioaren arabera, adin-taldeka