Ekainaren 5ean Ingurumenaren Nazioarteko Eguna ospatzen dela-eta, Gazteen Euskal Behatokitik Euskadiko gazteen kontzientzia ekologikoari buruzko datu batzuk plazaratuko ditugu. Horretarako, Gazteen Euskal Behatokiak 2020an egin zuen inkesta baten emaitzetan oinarrituko gara. Inkesta horretan 15 eta 29 urte bitarteko 1.500 gazte elkarrizketatu ziren. Gazte horiek, beren ezaugarri soziodemografikoak kontuan hartuta, adin horretako gazteen lagin adierazgarria osatu zuten.
Inkesta horren emaitzen arabera, gazteen % 76,9k oso edo nahikoa ekologistak direla diote; beste %20,4k, aldiz, ez oso ekologista edo batere ekologista ez direla azaldu dute; gainerako % 2,7k ez du bere iritzia azaldu.
Sentimendu ekologista zabalduago dago emakume gazteen artean (% 79,0) gizon gazteen artean baino (% 74,7). Bestetik, kontzientzia ekologista handiena 20 eta 24 urte bitartekoei dagokie (adin tarte horretako gazteen % 82,1ek oso edo nahikoa ekologista direla esan dute), aitzitik, zifrarik txikiena talde gazteenean jaso dira, 15 eta 19 urte bitartekoen artean % 70,7k jo baitute beren burua oso edo nahikoa ekologistatzat.
Bestetik, ekologiaren edo klimaren alde edo klima aldaketaren kontrako neurriak hartzearen alde egindako greba edo mobilizazioetan parte hartu ote duten galdetu zaie gazteei. Gazteen % 29,3k adierazi du horrelako mobilizazioren batean parte hartu zuela aurreko urtean. Gogorarazi behar da 2019ko irailaren 27an (hau da, proposatutako epe barruan) klimaren aldeko grebara deitu zen mundu mailan eta Euskadiko hiru hiriburuetan mobilizazioak egin ziren, zeinetan gazte askok parte hartu baitzuten.
Logikoa denez, horrelako mobilizazioetan parte hartzea ohikoagoa da oso edo nahikoa ekologistak direnen artean, ez oso ekologistak edo batere ekologistak ez direla adierazi dutenen artean baino (% 33,2 eta % 16,5, hurrenez hurren).
Emakume gazteen artean horrelako mobilizazioetan parte hartu dutenak % 35,4 izan dira; gizon gazteen artean gutxiago, % 23,6.
Adinaren araberako analisiak erakusten ditu gehien parte hartu dutenak 15 eta 19 urte bitartekoak izan direla (horien % 40,8), eta ehunekoak beherantz doaz adinean gora egin ahala (20 eta 24 urte bitartekoen % 25,2 eta 25 eta 29 urte bitartekoen % 21,1). Gazteenen taldea da, aldi berean, kontzientzia ekologiko txikiena duena baina partehartze handiena erakutsi duena. Parte hartze handiago hori azaltzeko, kontuan hartu behar dugu 2019ko irailaren 27an ikastetxe askotan grebara deitu zutela ikasleek. Zeregin nagusiaren araberako analisiak berresten du azalpen hori, erakusten baitigu ikasleen % 35,5ek parte hartu zutela ekologiaren edo klimaren aldeko mobilizazioren batean eta langileen artean, aldiz, % 18,8k parte hartu zuten eta langabeen artean % 15,7k.