Uztailaren 15ean Gazteen Trebetasunen Munduko Eguna ospatzen da. Hori dela eta, Gazteen Euskal Behatokiak aditzera emango ditu zeintzuk diren, gazteen iritziz, Euskadiko gazteriaren gaitasun edo ezaugarri nagusiak.
Horretarako Gazteen Euskal Behatokiak burututako Aurrera Begira 2020 ikerketaren datuak kontuan hartuko ditugu. Ikerketa hori 2020ko azaroaren eta abenduaren bitartean 15 eta 29 urte arteko gazteei eginiko inkesta batean oinarritzen da.
Ikerketa horretako emaitzen arabera, euskal gazteria ondoen definitzen duen ezaugarria kualifikatua izatea, ondo prestatuta egotea da; izan ere, 15 eta 29 urte bitarteko gazteen % 85,0k diote euskal gazteria, oro har, oso edo nahikoa kualifikatua dela. Gehien aipatzen den bigarren ezaugarria langilea izatea da (gazteen % 78,7ren iritziz, euskal gazteria oso edo nahikoa langilea da). Eta hirugarren ezaugarria arduratsua izatea da (% 67,0ren iritziz). Atzetik datoz beste ezaugarri batzuk, hala nola, solidarioa izatea (% 62,3k hori uste dute), autonomoa, bere kabuz moldatzeko gai (% 59,4ren ustez), parte-hartzailea, arazo publikoez arduratua (% 58,8), idealista (% 57,4) eta, azkenik, ekintzailea izatea (% 51,2).
Euskadiko gazteek gaitasun edo ezaugarri horiek zein mailatan dituzten iritzien batez besteko puntuazioa (0tik 100era doan eskalan) da Gazteen gaitasunekiko konfiantza indizea. Indize horren balio orokorra 67 puntukoa da 2020an, baina altuxeagoa emakume gazteen artean (69) gizon gazteen artean baino (64); hau da, emakumeek gizonek baino neurri handixeagoan uste dute euskal gazteriak, oro har, gaitasun edo ezaugarri horiek betetzen dituela.
Gazteen gaitasunekiko konfiantza indizeak 2015ean jaso zuen balio altuena (75), baina 2020an ia errepikatu ditu seriearen hasieran, 2013an, izandako puntuazioa.