Maiatzaren 9a, Europako Eguna

Argitalpen-data: 

Euskadiko 18 eta 29 urte bitarteko gazte gehienek (% 63) konfiantza dute Europar Batasunean. Portzentaje hori Euskadin 30 urtetik gorako biztanleen artean jasotakoa baino handiagoa da (% 56).

Europar Batasunean izandako konfiantza nabarmen handitu da azken urteetan: 2010ean konfiantza zuten 30 urtetik beherako gazteak % 47 ziren (geroago, krisialdi ekonomikoa zela-eta, Europako erakundeek ezarritako neurrien eraginez behera egin zuen konfiantza zutenen portzentajea) eta 2019an, aldiz, % 63.

Europar Batasunean konfiantza duten Euskadiko 18 eta 29 urte bitarteko gazteen portzentajearen bilakaera (%)

Iturria: Gazteen Euskal Behatokia (Gazteen argazkiak 23, 2019koa)

Euskadiko emakume gazteek gizon gazteek baino neurri handiagoan erakusten dute beraien konfiantza EBn (% 66 % eta % 60, hurrenez hurren), eta 25 urtetik beherakoek ere 25 eta 29 urte bitartekoek baino konfiantza handixeagoa dutela esan dezakegu (lehenengo taldean % 64 eta bigarrenean % 61).

Dena den, kontuan izan behar da datu hauek COVID19k sortutako pandemiaren aurrekoak direla, beraz, ez dakigu zelako eragina izan duten, konfiantzari dagokionez, Europako erakundeek ezarritako neurriek.

Aipatutako datuak 'Gazteen argazkiak 23' izeneko txostenean kontsulta daitezke. Txosten hori eskuragarri dago Gazteen Euskal Behatokiaren webgunean.