Gizon gazteak emakumeak baino gusturago daude beren irudi fisikoarekin
Aurten Emakundek eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak sustatutako martxoaren 8ko kanpainak emakumeek haurtzarotik jasaten duten alderdi fisikoaren gaineko presio soziala salatu nahi du. Horren ildotik, Gazteen Euskal Behatokiak 2021eko abenduan 15 eta 29 urte bitarteko 4.356 gazteri egindako inkesta baten datuak aztertu ditu.
Besteak beste, gazteek beren bizitzako hainbat alderdiri ematen dieten garrantziaz eta alderdi horiekiko sentitzen duten gogobetetzeaz galdetzen du inkestak. Alderdi horietako bat irudi fisikoa da.
0tik 100era bitarteko eskala batean, Euskadiko gazteek 71 puntuko garrantzia ematen diote, batez beste, irudi fisikoari eta 70 puntuko gogobetetzea beren irudi pertsonalari. Hau da, balantze orekatua dute, aldea puntu batekoa baino ez da (-1).
15-29 urteko gazteen multzoaren datua da hori, baina sexuaren eta adinaren araberako analisia eginez gero, agerian geratzen dira taldeen arteko aldeak.
Emakume gazteek gizonek baino garrantzi handiagoa ematen diote itxura fisikoari (72 eta 70 puntu, hurrenez hurren), baina gizonak baino gutxiago pozten dira beren itxura propioarekin; beraz, balantzea negatiboa da emakumeen kasuan (-3 puntu), eta gizonen kasuan, berriz, positiboa da (+2).
Adinean aurrera egin ahala, garrantzi gutxiago ematen zaio irudi fisikoari. 15-19 urteko gazteek 74 puntu ematen dizkiote garrantziari, eta horrek balantze negatiboa eragiten du (-3), beren fisikoarekiko gogobetetasuna 71 puntukoa baita.
Bere irudi fisikoarekin poztasun txikiena sentitzen duen taldea 15-19 urteko emakumeena da. Bere irudiari emandako garrantziaren eta gogobetetzearen artean sei puntuko aldea dago (-6); adin horretako mutilen artean, aldiz, garrantziaren eta gogobetetzearen artean oreka dago (aldea 0 puntuakoa da).
Adin-talde guztietan, gizonek balantze positiboa dute irudi fisikoari ematen dioten garrantziaren eta beren fisikoarekiko sentitzen duten gogobetetasunaren arteko aldea neurtzen denean. Emakumeen kasuan, 25 eta 29 urte bitartekoek bakarrik dute oreka beren irudiari emandako garrantziaren eta gogobetetzearen artean.
Azken bi urteetan, gazteek (bai emakumeek bai gizonek) irudi fisikoari emandako garrantzia handitu da, eta, aldi berean, beren irudi fisikoarekiko gogobetetze-maila jaitsi egin da. Horrek aurreko urteetako baino balantze negatiboagoak ekarri ditu, batez ere, emakume gazteen artean.
Datuen arabera, edertasun-kanon zorrotzekiko esposizioak neskengan eta emakume gazteengan duen eraginaz kontzientziatzera bideratutako martxoaren 8ko kanpaina hau bezalako kanpainak inoiz baino beharrezkoagoak dira. Lan hori ezinbestekoa da influencers, ikus-entzunezko komunikabide, zinema edo publizitatearen eragina konpentsatzeko.