Euskadiko gazte gehienek interesa dute Ukrainako gerran (% 86,8)

Argitalpen-data: 

Euskadiko gazteen iritzia Ukrainako gerrari buruz

Euskadiko gazteen iritzia Ukrainako gerrari buruz

Errusiako tropek Ukraina inbaditu zuten 2022ko otsailaren 24an. Gazteen Euskal Behatokiak inkesta bat egin zien 15 eta 30 urte bitarteko 4.046 gazteri martxoaren 11 eta 15 bitartean. Inkesta honetan gai honi buruzko interesa neurtu da eta ordura arte hartutako hainbat neurri baloratu dira.

Euskadiko gazteek gerraren gaiarekiko interesa dute (% 86,8), eta, izan ere, gehienek egunero edo ia egunero jarraitzen dituzte gatazkaren bilakaerari buruzko berriak ( % 61,2).

Telebista da gai honi buruz informatzeko gehien erabiltzen duten komunikabidea (gazteen % 78,0k albisteak telebistaz jarraitzen ditu); ondoren prentsa (% 51,2), Twitter (% 40,1) eta Instagram (% 40,0) daude. Gainera, gazte gehienek diote gai horri buruz sare sozialetatik jasotzen dituzten albisteak kontrastatzen dituztela (% 28,1ek beti eta % 53,3k batzuetan bakarrik).

Gazteen % 34,9k Ukrainatik ihesi doazen errefuxiatuei laguntzeko dirua, arropa, elikagaiak edo sendagaiak eman dituzte, % 17,1ek gerra amaitzeko edota Ukrainan giza-eskubideak errespetatzeko eskaeraren bat sinatu dute eta % 9,9k Ukrainako gerraren aurkako manifestazio edo mobilizazioetan parte hartu dute. Gainera, gazteen % 20,1ek ezagutzen du errefuxiatuak@euskadi.eus posta elektronikoa, Eusko Jaurlaritzak gaitu duena Ukrainako errefuxiatuei lagundu nahi dien jendeak izena eman dezan.

Europar Batasunak gerra honetan izandako jardueraren balorazioari dagokionez, gazte gehienek (% 58,1) uste dute alderdi batzuetan ondo eta beste batzuetan gaizki jokatzen ari dela, eta Europar Batasunari gatazka honen kudeaketan ematen dioten batez besteko puntuazioa 4,4koa da 0 eta 10 arteko eskalan.

Zehazkiago, Euskadiko gazteen % 72,3 ados dago Ukrainatik Europar Batasunera ihes egiten duten pertsona guztiei errefuxiatu bereziaren estatutua ematearekin, % 67,4 Errusiari ekonomia- eta finantza-zehapenak ezartzearen alde dago, eta % 59,4 ados Errusiako hegaldi-konpainiei Europako aire-espazioa ixtearekin. Ukrainarentzat armak erostea eta ematea finantzatzearen kasuan, aldiz, gazteen iritziak oso banatuta daude, % 31 ados dago, % 36 kontra dago eta gainerako % 33ak ez daki edo ez du erantzun.

Azkenik, gazteek ez dute iritzi garbirik gatazka horrek Europar Batasuna gehiago batuko ote duen galdetuta: % 35,7k baietz uste du, % 35,3k ezetz uste du, eta gainerako % 28,9k ez daki edo ez du erantzun.